Albisteak

Albistea

Bermeoko Gurutze Gorriak egiten duen lana azaldu eta herritarrek ezagutzeko ekimena egin du

Larrialdietan egiten duten lanaren berri emateagaz batera umeentzako jolasak ere egin dituzte gaur goizean, Lameran.

Bermeoko Gurutze Gorriak ume zein nagusiei egiten duten lana ezagutzera emateko ekimena egin du gaur. Horretarako Lameran erabiltzen duten tresneria eta material guztia jarri dute erakusgai.

Bertara hurreratu direnek Gurutze Gorriak larrialdi kasuetan erabiltzen dituzten tresnak ikusteko aukera eduki dute: esku-oheak, karpa, erreskate lanetarako materiala eta bestelakoak jarri dituzte ikusgai Lameran. Horrez gain, erabiltzen dituzten anbulantzietan daramaten tresneria eta horietako langileek egiten duten lana azaldu dizkiete Bermeoko haurrei. Itsas unitateko kideen motordun txalupak ere egon dira ikusgai: etxeko txikienak horietara igotzeko aukera eduki dute.

Ondo pasatuz. Modu horretara Bermeoko Gurutze Gorriak duen funtzionatzeko modua herritarrei hurbildu gura izan diete antolatzaileek. Azaldu dutenez, ekimen hori urtero egiten dute Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaien egitarau barruan, baina aurton eguraldi txarra izan dela eta bertan behera utzi behar izan zuten ekimena; hala izanik, gaurko egunean Lameran ekimen hori egitea erabaki zuten.

Umeentzako puzgarriak ere jarri dituzte Lameran, eta giro ederrean ibili dira gazte zein nagusiak, eguraldi onak lagunduta. Horiez gain, txikienek mota desberdinetako jokoetan parte hartzeko aukera eduki dute: oreka jolasa (slackline), zaku lasterketa eta txokor batzea egin dituzte.

Adinaren arabera banatu dituzte haurrak, eta hoberen ibili direnen artean sariak banatu dituzte: 7 urtera arteko gazteenek atea eta baloia eraman dute etxera, 8 eta 11 urte bitarteko irabazleek badminton kit-a jaso dute, 12 eta 14 urte bitartekoek waveboarda irabazi dute eta azkenik, 15 urtetik gorako onenek erlojua jaso dute.

BUSTURIALDEKO HITZA

28 / 10 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0