Albisteak

Albistea

Bermeoko portuan dagoen Aita Guria baleontzia desegiteko erabakia hartu du Udalak

Bermeon, 2020ko ekainaren 25ean.- Bermeoko portuan dagoen baleontzia desegiteko erabakia hartu du Bermeoko Udalak. Izan ere, aurreko Udal gobernuak itsas-ingeniaritza enpresa bati enkargatu zizkion eta azken hilabeteetan Udalak jaso dituen txostenetan jasotzen denez, “2003an egindako baleontziaren estrukturaren egoera oso txarra da. Printzipioz, urte horretan egindako ezer ere ez ezingo da aprobetxatu”. Berritze lanek, gainera, ia milioi bat euroko kostua izango lukete. Honi guztiari, gainera, baleontzia karroan edukitzearen eta berritze lanak egin eta gero behar bezala mantentzeko kostua eta urteko asegurua gehitu beharko litzaizkioke.

 

“Baleontzi hau kriterio historiko eta zientifiko nahikorik jarraitzen ez duen birsorkuntza bat dela kontutan hartuz, Bermeoko ondare historiko edo kulturalik ez litzateke galduko Aita Guria baleontzia desagerraraziko balitz”, ondorioztatzen du aipatu txostenean itsas-ingeniariak. Arrazoi hauek guztiak kontutan hartuz, Udalak baleontzia berreskuratzeko lanak Bermeoko udalerriarentzat beregain hartu ezinezkoak direla ondorioztatu du; urte beteko aurrekontuko inbertsio guztietako dirua ere ez litzateke nahikoa izango.

 

2003an egindako birsorkuntza honek, gainera, galera garrantzitsuak izan ditu azken urteotan. Izan ere, masta eta belak galdu zituen haize bolada bortitzengatik. Ordurik aurrera bere egoerak okerrera egin du eta azken urtea karrora igota pasatu du bisitaririk jaso gabe.

 

<u>Erabilitako egurra: </u>

 

2003an eraiki zen egurrezko estrukturarako erabili zen materiala, gainera, “ez zen kalitatezkoa izan” txostenak jasotzen duenaren arabera. Seguru aski, “kalitate gutxiko pinu egurra erabili zen, edo/eta denbora gutxiz sikatutakoa”, gehitzen du txostenak. Honi guztiari egurrari kurba forma emateko erabili zen tratamendua “erasotzailea” izan zela gehitu behar zaio, kalitate gutxi zuen egurra hondatuz.

 

Udalak, erabakia hartu aurretik, teknikarien hainbat txosten ere eskuartean izan ditu; besteak beste, txosten ekonomikoa. Hemen jasotzen denaren arabera, Aita Guria baleontziak 2006tik 2019ra arte 2.277.555 euroko gastua izan du eta, ordea, 177.550 euroko diru sarrerak sortu ditu. Hau da, zerbitzu hau bere kabuz finantzatzeko gaitasuna %7,8koa bakarrik izan da. Hau guztia kontuan hartuz, Aita Guria baleontzia desegiteko prozedura abiarazi du Udalak.

25 / 06 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0