Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak arratoien populazioa kontrolatzeko sistema berria instalatu du herriko estolderian

-Sistema berri honi esker, arratoien populazioa modu eraginkorragoan, selektiboagoan eta jasangarriagoan kontrolatu ahal izango da

-Sistema berri hau orain arteko kontrol sistemekin batera erabiliko da

Bermeon, 2021eko otsailaren 18an.- Bermeoko Udalak arratoien populazioa kontrolatzeko sistema berri eta berritzaile bat instalatu du herriko estolderia sisteman. Izan ere, sistema inteligente bat ezarri du herriko puntu ezberdinetan. Honi esker, arratoien populazioaren kontrola modu eraginkorragoan egingo da eta, batez ere, garbiagoan, ez baitu inolako pozoirik erabiliko.  Hala ere, sistema berri hau orain arteko kontrol metodoekin uztartuko da.

Bi gailu instalatu dira herriko estolderian. Honela, arratoia bertan sartzen denean, sistemak sentsore ezberdinei esker detektatuko du eta, hori egindakoan, arratoiak hilko ditu, metalezko pieza batzuekin animalia zapalduz. Hildakoan, estoldako urek animalia eramango dute. Honela, indarrean dagoen araudia betetzeaz gain, sistema honek ez du inolako pozoirik erabiliko. Egindako aldaketa honi esker, arratoien populazioa modu eraginkorrean, selektiboan eta jasangarrian egin ahal izango da.

Animalia hildakoan, sistemak abisua emango du, ordua eta tokia zehaztuz. Ordenagailu bidez informazio hau guztia etengabe monitorizatu ahal izango da, arratoi gehien dauden lekuak askoz ere hobeki identifikatuz. Instalatutako tokiak arratoi gutxi hilko balitu, bertan plagarik ez dagoela ziurtatuko da eta inolako arazorik gabe tokiz aldatu ahal izango da, behar den tokian instalatuz.

“Araudiak garbi dio arratoien populazioa kontrolatzeko pozoiak alde batera utzi behar ditugula pixkanaka. Bada, instalatu den sistema berri honi esker, askoz ere modu jasangarrian kontrolatu ahal izango ditugu animalia hauen populazioa. Sistema garbia da eta askoz ere efektiboagoa. Herriko bi puntu ezberdinetan instalatu ditugu eta beharren arabera mugituz joango gara. Ikusi beharko dugu zer nolako datuak jasotzen ditugun”, azaldu du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

18 / 02 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0