Albistea
-Edertze Planeko proposamenetik abiatuta, Prantzisko Deuna Atea Plaza eta Arreskuenaga kaleak lotzen dituen errepidea eta ingurua egokitzeko proiektua lantzea esleituko da aurten
Bermeon, 2021eko uztailaren 05ean.- Bermeoko Udalak jarri du martxan dagoeneko Edertze planeko proposamenetik abiatuta lehendabiziko proiektu-idazkia. Kasinoko biribilgunetik (Prantzisko Deuna Atea Plaza kalea) Erreten lamerako Arreskuenaga kalera doan bidea eta ingurua atontzea, trafikoa geldotzea eta oinezkoei presentzia handiagoa ematea eta hirigune moderno eta atseginagoa lortzea da proiektuaren xedea.
Arestian aipatutako herriko gune horrek trafiko dentsitate handia jasan du betidanik baina saihesbide berriaren irekitzeak trafikoaren joan-etorriak libratu ditu nabarmen. Hori horrela, Udalak, Edertze planean jasotako proposamena lantzea erabaki du inguru horretako trafikoa geldotzeko, tokia atontzeko (espaloiak ekidin, egungo estetikara moldatu), oinezkoei presentzia handiagoa emateko, azken finean, eremu moderno eta atseginago bat bilakatzeko. Era berean, Lamerako zabalgunea ahalik eta modu naturalenean errepidearen beste aldeko esparruarekin lotzea da asmoa (Taraska plaza, Erreten Lamera...) hirigune atseginagoa lortuz.
Oraingoz, Udaleko arduradunak proiektuaren idazkia lantzen ari dira eta aurten lanak esleituko direla aurreikusten da. Aritz Abaroa alkateak adierazi duenez, “proiektu hori martxan jartzeko une egokia da. Saihesbidea behin irekita beharrezkoa zen gune horri eskua sartzea, oinezkoei lehentasuna eman, egungo eremuaren estetika irisgarriagoa bihurtu eta trafikoari bigarren mailako presentzia eman. Gainera, burutuko diren lanei esker, Lamera, Taraska, Erreten lamera eta alde zaharreko sarrera lotuko ditugu herritarron aisialdirako gunea handituz”.
010 (94 617 91 00)