Albisteak

Albistea

Bermeoko Berbalagun bueltan da bere betiko formatuarekin: aurrez-aurreko saioak itzuliko dira!

-Ekimen honen bidez, euskaraz hitz egiteko eta praktikatzeko aukerak ematen zaizkie parte-hartzaileei, eskolatik eta euskaltegietatik kanpo

-Lagunartean euskaraz eginez, hizkuntza bizia eta adierazkorra landu eta erraztasuna hartzen dute egunerokotasunean euskara erabiltzeko 

Bermeon, 2021eko irailaren 29an.- Euskara ikasteko ezinbestekoa da hizkuntza praktikatzea. Eta horretarako aukera paregabea eskaintzen du Bermeoko Udaleko Euskara Sailak antolatzen duen ‘Berbalagun’ egitasmoak. Ekimen honen bidez, lagunartean, euskaraz hitz egiteko eta praktikatzeko aukerak ematen zaizkie parte-hartzaileei, eskolatik eta euskaltegietatik kanpo. Aukera paregabea da euskara praktikatu nahi duen edozeinentzat, maila altua edo apalagoa badu ere. Izena emateko epea zabalik dago jada eta urte osoan zehar horrela egongo da. Berbatalde berriak urrian hasiko dira elkartzen. Gainera, bere ohiko formatua berreskuratuko du eta aurrez-aurreko saioekin burutuko da.

Egitasmoak oso harrera ona izaten du eta, gainera, urtez urte aberastuz doa, parte-hartzaileak oso pozik dauden seinale. Lagunartean euskaraz eginez, hizkuntza bizia eta adierazkorra lantzen dute eta erraztasuna hartzen dute egunerokotasunean euskara erabiltzeko. ‘Berbalagun’ egitasmoan edonork parte hartu dezake: euskararen bidea egiten ari denak, praktikaren bidez euskara hobetu nahi duenak edota euskaraz bizitzeko aukera gehiagoren bila dabilenak. Egitasmoan parte-hartzea doakoa da.

 Normalean, 5-6 laguneko taldeak izaten dira, eta horiek osatzeko kontuan hartzen dira parte-hartzaileen egutegia, adina eta zaletasunak. Gainera, eskolatik eta euskaltegietatik kanpo egiten den ekimena denez, mintzataldeak nahi edo ahal duten tokian geratu daitezke. Hau da, ekintzan izena eman dutenek erabakitzen dute non eta noiz egin hizketaldia. Berbalagunek euskara praktikatuz ondo pasatzeko aukera ematen du, izan ere, aisialdian egiteko egitasmoa da. Ez da eskola bat. Modu ludiko eta natural batean Berbalaguneko kideek espazio berriak bilatzen dituzte hitz egiteko. Parte hartzeko euskaraz berba egiteko gogoa baino ez da behar. Berbalagun taldeak astean ordu batez batzen dira eta parte-hartzaileek batzeko tokia eta ordutegia aukeratzen dute.

 Bestalde, Berbalagun egitasmoaren barne hainbat ekintza osagarri antolatzen dira, euskal kultura ezagutu eta euskara praktikatzeko. Ekintza osagarrien programa berreskuratu nahi da aurten eta kirola eta naturaren ekimenak badu gabonak arteko egutegia zehaztuta: urriaren 24an Entziako baso sorgindua ezagutzeko aukera egongo da, azaroaren 21ean Montefuerteko parkera joango dira eta abenduaren 12an, berriz, orientazioa landuko dute Araotzeko haitzuloetan. Horrez gain, ikasturtean beste ekintza batzuek izango dute tokia, hala nola, sendabelarrak, sukaldaritza edo eskulanak ikasteko tailerrak eta Gurasolagun ekimena.

 Bermeoko Berbalagun sare sozialetan

Informazio eguneratua nahi duenak, eskura izango ditu Berbalagunen Facebook-a eta bloga, bertan argitaratzen baitira berri guztiak, ekintzen agenda eta izena emateko aukera ere eskaintzen da zuzenean.

Berbalagunen parte hartu nahi duten pertsonek, beraz, Bermeoko AEK (609 462 018) eta Gotzon Garitaonaindia (688 651 491) euskaltegietara, Hizkuntza Eskola Ofizialera (94 618 7091) edo Bermeoko Udaleko Euskera Sailera (94 617 9122) deitu dezakete edota Marimar Hernandez dinamizatzailearekin 607 609 580 zenbakian kontaktatu. Sare sozialen bitartez ere eman daiteke izena. Horretarako, berariaz prestatutako inprimakia bete baino ez da egin behar.

Berbalagun lehiaketa:

Udazkenean, neguan eta udaberrian Berbalagun lehiaketa antolatzen da, arrakasta handiz. 16 urtetik gorako edozein herritarrek parte har dezake, Berbalagun kide izan edo ez. Berbalagun aldizkarian eta sare sozialetan  argitaratzen dira galderak eta erantzunak bide horiek erabiliz eman behar dira. Aurten ere, parte hartzeko aukera egongo da Bermeon, zer? agendaren bidez. Adi, beraz, agendari, azaroan, otsailean eta maiatzean. Irabazleak, Errigorako otzara ederra eskuratuko du.

Gurasolagun

Aurten Gurasolagun ekimena berreskuratu gura da, gurasoek eta umeek elkarrekin euskaraz hitz egiteko aukera izateko. Gurasolagun familientzako berbataldeak dira. Bertan, normalean, jolasak, txangoak eta tailerrak egiten dira, helduak eta haurrak euskaraz batera aritzeko. Egitasmo honen bidez, gurasoen eta seme-alaben arteko transmisioa indartu nahi da, eta gurasoen artean euskara praktikatzeko eta erabiltzeko ohiturak eta gaitasuna indartu.

29 / 09 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0