Albisteak

Albistea

17.587 bisitari hurbildu dira Bermeoko Turismo Bulegora uda honetan

-Herriko ostatu eta hotelek okupazio maila altua izan dute, zenbait astetan %100era iritsiz eta uztaila eta abuztuan %80ko media izanez

-Bisitarien jatorriari dagokionez, %91 estatu mailakoak izan dira, batez ere, Katalunia eta Madrilgoak

Bermeon, 2021eko irailaren 30ean.- Turismo datuak onak izan dira aurten Bermeon. Udalak jakitera eman duenez, pixkanaka pandemiaren aurreko datuetara itzultzen ari da. Aurten, ekainaren 1etik irailaren 27ra bitartean, 17.587 lagun hurbildu dira herriko Turismo Bulegora eta honek guztiak, noski, eragin zuzena izan du herriko ekonomian. Izan ere, herriko ostatu eta hotelek okupazio maila altua izan dute, zenbait astetan %100era iritsiz eta uztaila eta abuztuan %80ko media izanez.

“Oso pozik gaude aurten izan ditugun datuekin. Pixkanaka normaltasun egoerara itzultzen ari gara. Indarrean egon diren osasun eta segurtasun neurriek uste genuen eragin zuzena izango zutela turismoari dagokionez, baina uste baino emaitza hobeak lortu ditugu. Turismo bulegoan, esaterako, binaka artatu behar izan ditugu bisitariak eta kalean pertsonen ilarak ikusi ahal izan ditugu. Hala ere, jendea sartzera animatu da. Aforoen murrizketek uste genuen eragin negatiboagoa izango zutela eta ez da horrela izan. Ez, behintzat, uste genuen neurrian”, adierazi du Bermeoko Turismo zinegotzi Kepa Zumetak.

Turismo Bulegotik, esan bezala, 17.587 bisitari pasatu dira, batez ere uztailean (5.136 lagun) eta abuztuan (8.329). Bermeo bisitatu duten gehiengoa estatu mailakoak izan dira, eta atzerritarrak %7-%9an ibili dira, hilabetearen arabera:

-          Katalunia: %19,57

-          Madril: %16,74

-          Valentzia: %11,44

-          Andaluzia: %9,73

-          Frantzia: % 4,97

Bisitari hauek, gainera, herriko turismo aktiboko enpresek eskaintzen dituzten aktibitateetan parte hartu dute. Egia bada ere Gaztelugatxe izan dela bisitari gehien izan dituen gunea, enpresa hauen gehiengoak datu onak izan ditu uda honetan. “Itsasoarekin lotutako enpresek, adibidez, udan oso ondo egin dute lan. Hala ere, badugu zer hobetu, noski. Bisita gidatuen enpresek udaberrian, portzentualki, jende gehiago izan dute. Hurrengo urterako kontutan izango ditugu aurtengo datuak”, adierazi du Zumetak.

‘Bizi Bermeo’, eskaintza zabala bisitarientzako:

Uda honetan Bermeoko Udalak eta Bermeo Tuna World Capital-ek elkarlanean eskaintza oparoa eskaini diete herrira hurbildu diren bisitariei.

- Bermeo Tuna Tasting: Bermeoko produktua balorean jartzea izan da ekimen honen helburua. Arrantzaleen Museoan egindako ekintza izan da. Museoan atunaren arrantza azaldu, arrain kontserba lantegien aurkezpena egin, sukaldariak hiru pintxo prestatu, eta bisitariek 3 pintxoak txakolin batekin dastatzeko aukera izan du.

- Itsasoratzen Gara: Hegaluzeren enpresaren eskutik antolatutako ekintza arrakastatsua izan da. Bisitariek Gaztelugatxera eta Elantxobera egin ahal izan dituzte bisitak.

-  Akurio eta Elkano 1519-1522: Arrantzaleen Museoan egindako erakusketak arrakasta handia izan du. Aforo murrizketek eragina izan badute ere, egindako bisita gehienak bete dira.

-  Itsas bataioa: Arrantzaleen Museoak eta Hegaluze enpresak batera egindako ekintza. 4 eguneko eskaintza izan da eta bete egin da.

-  Bermeo Tuna Pintxo Tour: Bermeoko 21 tabernak hartu dute parte. Ekintza honi esker, herritarrek eta bisitariek hegaluzerik onenaz gozatzeko aukera izan dute.

-  Bisita gidatuak: Urdailife: Urdailife enpresak egindako ekimena izan da. Honi esker bisitariek Bermeo eta bermeotarren gainean gehiago ikasteko aukera izan dute.

-  Topa Bermeo: Escape Village-Yinkana: Herria ezagutzeko era oso dibertigarria izan da. Familiei eta gazteei egokitutako eskaintza eskaini da eta, gainera, 4 hizkuntzetan eman da zerbitzua.

30 / 09 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0