Albisteak

Albistea

Zabalik da irakurleen txokoetan izena emateko epea

  • Ekainaren 30era bitartean eman beharko da izena, Liburutegian edo udalaren egoitza elektronikoan 

Bermeoko Udalak, Liburutegiaren bidez, bi irakurle txoko eskaintzen jarraituko du datorren ikasturtean: ohikoa eta feminista. Interesa daukatenek, ekainaren 30era bitartean eman beharko dute izena. Izena emateko lekua aldatu da aurten, Liburutegian bertan edo udalaren egoitza elektronikoaren bidez egin beharko da izen-ematea, inprimaki bat beteta. 

Beste berrikuntza bat izango da aurreko urteko partaideek lehentasuna izango dutela izen ematean baina aurreikusten da ere, behar izanez gero, ohiko talde bi sor daitezkeela, oraindik ere leku arazoak baldin badaude izen-emate berrien artean zozketa egingo da. Gainontzekoan baldintzak mantentzen dira matrikulazio epea amaitu ostean, eta lekurik libre geratzen baldin bada, bigarren talde batean sartu ahal izateko aukera zabalik dago. Hamabost pertsona egon ahalko dira txoko bakoitzean. Irakurleen txokoak udal liburutegira batuko dira; ohiko txokoa hileko hirugarren eguaztenetan batuko da, eta feminista, berriz, hileko azken eguenetan. Ohiko bigarren talde bat sortuz gero hileko azken eguaztenetan egingo da. 

Dinamizatzailea bidelagun 

Txoko feministak genero ikuspegitik irakurtzeko espazioa eskainiko du. Bertan, literaturaren alderdi estetiko eta fikzionaletik harago, generoak obretan duen presentzia eta horren inguruko diskurtsoak aztertuko dituzte. Gaiak askotarikoak izango dira: amatasuna, genero indarkeria, maskulinitate eta feminitate ereduen eraikuntza, eredu ez-binarioak, espazio publiko eta pribatuaren arteko harremana, gorputzaren presentzia literaturan, agency edo egiletasuna, prostituzioa eta abar. 

Ohiko irakurle txokoa, berriz, 2011. urteaz geroztik dago martxan, eta literaturan interesa duten herritarrak batzen ditu hilero, irakurritako liburuen inguruan solasean aritzeko. 

Bi irakurle txokoak Nagore Fernandez Zabalak dinamizatuko ditu, eta saioak doakoak izango dira. 

Parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa da Bermeon erroldatuta egotea, liburutegiko bazkidea izatea eta udalarekin zorrik ez izatea. Saio bitan jarraian justifikaziorik gabe huts egiteak txokotik kanpo geratzea ekarriko du, eta liburutegitik liburuak garaiz jasotzea eta bueltatzea ere ezinbestekoa izango da. 

Ekimen hauen helburuak honako hauek dira : irakurzaletasuna sustatzea, euskaraz sortzen duten zein euskarara itzulitako autoreak ezagutaraztea, talde egonkor eta dinamiko bat eratzea, eta parte-hartzaileen eta dinamizatzailearen arteko konfiantza giroa sortzea.

16 / 06 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
[email protected]

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0