Albisteak

Albistea

30 erraldoi batuko dira domekan Bermeon, Erraldoien Konpartsaren 20. urteurrena ospatzeko

  • Bermeoko Erraldoien Konpartsak urteurren berezia ospatuko du asteburuan Euskal Herriko hainbat konpartsaren parte-hartzearekin; bi erakusketa ere ikusgai daude, bata Arrantzaleen Museoan eta bestea Nestor Basterretxea aretoan

Aurten 20 urte beteko dira Bermeoko Erraldoien Konpartsa sortu zenetik. Bi hamarkadatan zehar, konpartsak herriko jai-giroaren, kultur transmisioaren eta herri-nortasunaren parte bilakatu diren pertsonaiak zaindu, sustatu eta bizirik mantendu ditu, hainbat herritarren konpromisoari eta lan boluntarioari esker.

Urteurrena dela eta, Bermeoko Erraldoien Konpartsak hainbat ekimen antolatu ditu bere ibilbidea herritarrekin partekatzeko eta azken hogei urteetan egindako lana balioan jartzeko.

Lehenengo ekimenetako bat Arrantzaleen Museoan ikusgai dagoen erakusketa da. Ekainaren 14ra arte bisitatu ahal izango da, museoaren ohiko ordutegian, eta bertan konpartsaren bi hamarkadetako ibilbidea jasotzen duten argazkiak eta ikus-entzunezko materiala daude ikusgai. Erakusketak aukera ematen du urte hauetan bizitako une bereziak, egindako bidaiak, antolatutako jarduerak eta lortutako erronkak ezagutzeko.

Era berean, Nestor Basterretxea aretoan bigarren erakusketa bat antolatu da. Ekainaren 13ra arte egongo da zabalik, 19:00etatik 21:00etara, eta bertan erraldoien panpinak, jantziak eta konpartsaren jardunarekin lotutako hainbat objektu eta bitxikeria ikus daitezke. Erakusketak erraldoien atzean dagoen lana eta ondare materiala gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen du.

Urteurreneko ospakizunen unerik esanguratsuena, ordea, ekainaren 14an izango da, datorren domekan. Egun horretan egingo den Erraldoien Bilkurak Euskal Herriko hainbat txokotako konpartsak elkartuko ditu Bermeon, eta guztira 30 erraldoi inguru bilduko dira herriko kaleetan.

Goizeko 11:00etatik aurrera, Sanjuanportaletik abiatu eta Alde Zaharra, Lamera eta Portuzarra zeharkatuko ditu ekitaldiak. Bermeoko Erraldoien Konpartsarekin batera izango dira Sanduzelaiko Erraldoien Konpartsa (Iruñea), Ondalan (Deustu), LEBE (Lekeitio), Irrintzi (Donostia), Bihotza Konpartsa (Urduña), Mundakako Erraldoiak eta Arrasateko Erraldoien Konpartsa, Bizkaiko Gaiteroen laguntzarekin.

Bi hamarkada hauetan, Bermeoko erraldoiak herriko jai, ospakizun eta ekitaldi nagusietako ezinbesteko protagonistak izan dira. Anton, Josefin, Lorentzo eta Mari ez dira soilik erraldoiak; herritarren oroitzapenetan, argazki-albumetan eta belaunaldiz belaunaldi transmititu diren bizipenetan txertatutako ikurrak dira. Haur askoren lehen oroitzapen festazaleak erraldoien dantzekin lotuta daude, eta helduentzat ere herri nortasunaren adierazpen berezi bilakatu dira.

Etorkizunari begira ere urrats garrantzitsuak ematen ari dira. Izan ere, Bermeoko Udala erraldoien panpinak egiten ari da, herriaren ondare kultural hori indartu, berritu eta datozen belaunaldiei transmititzeko helburuarekin; laster egongo dira denen eskura. Modu horretan, azken 20 urteetan egindako lanari jarraipena emango zaio, erraldoiek Bermeoko kaleetan protagonismoa izaten jarrai dezaten.

Bermeoko Erraldoien Konpartsak eskerrak eman nahi dizkie hogei urte hauetan bide honetan bidelagun izan dituzten pertsona guztiei: “Erraldoiak sorbaldan eroan dituztenei, jantziak josi eta zaindu dituztenei, antolakuntza-lanetan aritu direnei, laguntza eman duten erakunde eta elkarteei, eta, oro har, urte hauetan guztietan konpartsaren jarduera babestu eta hauspotu duten herritar guztiei”.

Izan ere, hogei urteko ibilbide hau ez da pertsona edo talde baten lorpena bakarrik; herri oso baten inplikazioaren, konpromisoaren eta maitasunaren emaitza da. Horri esker, Bermeoko erraldoiak jaietako elementu huts izatetik harago joan dira, eta gaur egun herritarren oroimenean eta bizipenetan sustraitutako ikur bihurtu dira.

Erraldoiak ez dira soilik jaietako irudi ikusgarriak; herri baten nortasuna, memoria eta bizitasuna irudikatzen dituzte. Gure erraldoiek hogei urte geroago, oraindik ere irribarreak pizten dituzte, belaunaldiak elkartzen dituzte eta Bermeoren izena harrotasunez eramaten dute. Jarrai dezatela, urte askotan, gure kaleetan historia eta ilusioa eskutik helduta dantzatzen.. Domeka honetan Bermeok bere kaleetan 30 erraldoi inguru hartuko ditu, baina benetan elkartuko dena askoz handiagoa da: urte hauetan guztietan tradizio hau bizirik mantendu duen komunitate oso baten lana, ilusioa eta maitasuna”, adierazi du Nadia Nemeh Shomaly alkateak.

Bermeoko Erraldoien Konpartsako kideek herritar guztiak gonbidatu dituzte urteurreneko ekitaldietan parte hartzera.

10 / 06 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
[email protected]

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0