Albisteak

Albistea

Tradizioak eta jai giroak bat egingo dute beste behin Madalen Egunean

  • Alkartasunien ospatuz izeneko teilak herriko lau talderen urteurrenak omenduko ditu, Izaro uhartearen inguruko muga historikoak berritzen dituen keinu sinbolikoa.
  • Urtero modura, Baztarreko jaiek girotuko dute Madalen Eguna uztailaren 21ean, egun osoko egitarauarekin

Bermeotarrentzat urteko hitzordu berezienetako bat den Madalen Eguna ate joka daukagu. Uztailaren 22an, herriak berriro egingo du bat bere historiarekin, itsasoarekin eta belaunaldiz belaunaldi bizirik iraun duen tradizioarekin. Jai giroz betetako eguna bada ere, protokoloz jositakoa ere bada, eta horregatik, aurten ere, festa eta ondarea eskutik helduta iritsiko dira Izaro uhartea protagonista duen ospakizunera.

Antzinatik egin izan duen moduan, Bermeoko Udalak aurten ere Izaro uhartearen ipar-ekialderantz dauden mugak berretsiko ditu. Horretarako, alkateak itsasora jaurtiko du teila, urtero bezala, honako hitzak esanez: "Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak".

Urtero itsasora erortzen den teilak udalerriko mugak zehazteko baino gehiago balio du, teilaren bitartez, herri baten memoria eta nortasuna ere berritzen dira. Belaunaldiz belaunaldi errepikatu den keinu horrek gogorarazten du tradizioek bizirik jarraitzen dutela, urtero berritzen direlako.

Teilak esanahi berezia izaten du urtero, eta aurten ere horrela izango da. Alkartasunien ospatuz izena jarri diote teilari, eta Benito Barrueta Arte Elkartearen esku utzi du Bermeoko Udalak haren diseinua. Rosa Mari Gabantxok margotu du, akrilikoa erabiliz, eta lanaren bidez aurten urteurrena ospatzen duten herriko lau talde omendu nahi izan dira: Alkartasuna Dantza Taldearen 50. urteurrena, Bermeoko Erraldoien Konpartsaren 20. urteurrena, Bermeoko Abesbatzaren 70. urteurrena eta teilaren diseinuaren ardura hartu duen Benito Barrueta Arte Elkartearen 75. urteurrena. Lau talde horietako ordezkariak udal korporazioarekin batera egongo dira itsasontzian, Madalen Eguneko protokoloa bertatik bertara bizitzeko.

Madalen Eguneko egitaraua

Madalen Eguna Kankinkabara Txistu Taldearen kalejirarekin hasiko da. 11:45ean, Udalbatza Goiko plazan elkartuko da eta, Alkate soinua entzun ondoren, porturantz abiatuko da kalejiran. Bidean, txistulariek urtero bezala Madalen zortzikoa joko dute.

12:00etan hasiko da itsas jaia. Ontziratzea eta lehorreratzea izotz fabrikaren parean egingo dira. Izaro uhartera iritsita, Bermeoko Udalak herriko bandera eta ikurrina jasoko ditu, eta ondoren alkateak teila jaurtiko du Bermeorenak diren mugak berriz ere berretsiz.

Aurten ere, Bermeoko Udalak herritarren parte-hartzea sustatzeko ekimenari eutsi dio. Herritarren artean zozkatutako 12 bermeotarrek udal korporazioarekin batera Izarora eta Elantxobera joateko aukera izango dute, Madalen Eguneko protokoloa barrutik ezagutuz. Urtero bezala, ekimenak harrera bikaina izan du eta aurten ere parte-hartze handia izan da.

13:00ak inguruan udal ordezkaritza Elantxobera helduko da. Herriko plazan, Alkartasuna Dantza Taldeak ohorezko aurreskua eskainiko du. Bien bitartean, Bermeon, 12:30etik 15:00etara Taberna Ibiltaria ibiliko da kalez kale.

Arratsaldean, 17:30ean, udalbatza Elantxobetik Mundakarantz abiatuko da, bertan geldialdia egin ondoren, 19:30ak inguruan helduko da Bermeora. Portutik Goiko Plazaraino egingo den kalejiran Betijai fanfarreak lagunduko du. Bertan, Bermeoko bandera eta ikurrina altxatuko dira, aurreskuak eta zabaletakoak eskainiko dira, eta ondoren San Migeleko eskaileretarainoko beherakada egingo da Betijai fanfarrearekin.

Era berean, 20:00etatik 00:00etara Puntu Segurua egongo da Portuzarrean. Bertan informazioa, aholkularitza eta, eraso sexisten aurrean, arreta eta laguntza eskainiko dira.

Bermeoko udal ordezkariek adierazi duten moduan, Madalen Egunean “adin guztietako bermeotarrek eta kanpotik datozenek festarekin eta tradizioarekin gozatzeko aukera izango dute”. Hartara, pertsona guztiak gonbidatu dituzte bermeotarrontzat, “hain garrantzitsua” den jai honetan “errespetuz parte hartzera”.

Segurtasuna, guztion ardura

Jaiak askatasunez eta lasaitasunez ospatzeko, Bermeoko Udalak segurtasun neurriak errespetatzeko deia egin du.

Garbiketari dagokionez, jai eremuetan edukiontziak bikoiztuko dira, hondakinak lurrean edo itsasoan gera ez daitezen.

Itsas jaian parte hartuko duten ontziei dagokienez, indarrean dagoen araudia bete beharko dute. Ezin izango dute parte hartu lau metro baino gutxiagoko luzera duten itsasontziek, belaz nabigatzen ari direnek, ezta arraunez mugitzen diren ontziek edo ur gaineko bestelako tresnek ere, hala nola piraguek, kayakek edo paddle surf taulek.

Halaber, derrigorrezkoa izango da ontzien baimendutako edukiera errespetatzea eta, alkateak teila jaurtitzen duen unean, Izaro inguruan itsasontzien arteko segurtasun distantziak mantentzea. Ontziek aseguruak, dokumentazioa eta salbamendu baliabideak indarrean izan beharko dituzte, Itsas Zirkulazio eta Segurtasun Arautegia bete, eta VHF 14 segurtasun-kanalean konektatuta egon.

Era berean, kaian sartzeko eta bertatik irteteko maniobrak modu mailakatuan egin beharko dira, inguruko ontzien segurtasuna uneoro bermatuz.

Udal ordezkariek gogorarazi dute neurri horiek betetzea ezinbestekoa dela  “jai hau segurtasunez eta jai giro ezin hobean amaitu ahal izateko”.

Era berean, Madalen egunean, jendetza batuko denez, Portuzarreko trafikoa ere mugatuko da, 11:30etik 00:00etara.

Baztarreko jaiek girotuko dute Madalen Eguna

Madalen Eguna girotzen hasteko, uztailaren 21ean, astelehenean, Baztarreko Katuek, Bermeoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, egun osoko egitaraua prestatu dute.

Goizean, 10:00etatik 13:30era txokolatada eta jolasak izango dira, eta 11:00etan Double Bill taldearen Two Much Circus umeentzako ikuskizuna eskainiko da. Arratsaldean, 19:00etatik aurrera izango dira bigarren txupina eta Kankinkabara Txistu Taldearen kalejira; ondoren, Kanta Kanta Lorue eta Chris & Jamesen folk irlandarra entzuteko aukera izango da. Eguna amaitzeko, 21:00etan, Mikosis eta Ezta Ilen taldeek kontzertuak eskainiko dituzte.

Baztarreko jaiak direla eta, Aurrekoetxea kalea (34-47), Talakoetxea kalea, (1-24) eta Baztarre, trafikora zarratuko da uztailaren 21eko 08:00etatik uztailaren 22ko 01:00era.

Guztion artean egiten den jaia

Azkenik, Bermeoko Udalak eskerrak eman nahi dizkie Madalen Eguna posible egiten duten pertsona, talde eta erakunde guztiei. Izan ere, herritar askok jaiaz gozatzen duten bitartean, beste askok lanean jarduten dute dena behar bezala atera dadin.

Eskerrik asko udal langileei, segurtasun indarrei, larrialdi zerbitzuei, garbiketa eta mantentze lanetan ariko direnei, portuko langileei, boluntarioei, kultur eta jai elkarteei eta antolakuntzan parte hartzen duten guztiei. Haien konpromisoari eta lanari esker, Bermeok urtero bezala bere egunik berezienetako bat segurtasunez, errespetuz eta harrotasunez ospatzeko aukera izango du.

16 / 07 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
[email protected]

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0