Herria

Historia (7/13)

1504ko abenduaren 13an ikaragarrizko sutea izan zen Bermeon. Lehenago ere, 1297an, 1347an, 1360an eta 1422an suteak izan ziren, baina 1504koa orokorra izan zen. Ia herri guztia erre zen; harresiz kanpoko errebala bakarrik geratu zen hondatu gabe. Santa Eufemia, eta, batez ere, Talako Andra Mari elizaren mendebaldeko aldea zeharo suntsitu ziren, eta eraikuntza eder haren hondamenari eman zitzaion hasiera; hiriburuko dorretxeetatik Ertzillakoa geratu zen zutik eta udaleko artxiboa ere erabat errautsi zen.

Suteak Bermeoko populazioaren beherakada eragin zuen. 1480an, 500 sutondo zeden eta 1514an, ostera, 430 sutondora jaitsi zen. Baina Bermeoren gainbehera lehenagotik zetorren. Bilbok XIV. eta XV. mendeetatik aurrera izan zuen gorakadarekin lotu behar da krisialdia. Bilbo oso ondo kokatua zegoen, Ibaizabal-Nerbioi ibaien bilgunetik hurbil eta Gasteiz, Urduña eta Balmasedako bideen gurutzean; burdin meatzetatik ere gertu. Bilbok hartu zuen Bizkaiko itsas merkataritza osoa, ontzigintza eta merkatu nagusiak. Bertan bideratu zen Gaztelako artilearen komertzioa Ipar Europarekin eta Bilbotik hasi ziren sartzen Europako merkantziak.

Hori guztia gutxi balitz, oso gastu handiei egin behar izan zien aurre Bermeok XVI. mendean. Bere inguruko elizateekin izan zituen jurisdikzio auziez ari gara.

Ondo ezagutzen ez diren arrazoiengatik, zenbait hiribilduren kasuan, zaila gertatzen zen euren eskumeneko eremuak finkatzea eta sendotzea. Fundazio garaian emandako lurraldearen barruan elizateak agertu ziren (beharbada, lehenagotik egon zirenak) eta Lur Lauko entitateok euren agintariak eta legeak zituzten. Bermeoren kasuan, jurisdikzioaren zabalkuntzekin, Almika eta Gibelortzaga (San Pelaio) elizateetako eremuak hiribilduaren eskumenean geratu zirenean, Bermeoko agintaritzak topo egin zuen baserrietako kaperauek aurretik zituzten eskubideekin. Ondorioz, borroka hasi zen Bizkaiko Lur Lauaren eta hiribilduaren artean. Bermeo bere hiri-agirian oinarrituko da bere eskumeneko eremua aldarrikatzeko eta elizateak, berriz, antzinako ohituretan. Eztabaidak lur-eremuei eta kaperautasunari buruzkoak ziren, eta ea hiribilduetako legedia aplika zitekeen hiriko eskumeneko inguru batzuetan. Istiluok ez ziren Bermeon bakarrik izan, baita Gernikan, Markinan, Bilbon, Lekeition edo Portugaleten ere. Zalantzarik gabe, Chinchillaren Ordenamenduaren ondorioek zerikusirik izango zuten prozesu hartan.

1500. urtean San Pelaioko Azeretxo baserriko jabeak errota bat bere lurretan eraikitzean, zalantzan jartzen da inguru hartan Bermeoko alkatearen aginpidea. Baina eztabaidarik gogorrenak 1558an hasi ziren: San Juan Hermetxeokoaren hilotza aurkitzean Almika inguruan eta Bermeoko alkateak jurisdikzio ekintzak egin zituenean, berehala protestatu zuten Jaurerriak eta elizateek. Horien ustez, inguru hartako eskumena ez zegokion Bermeoko alkateari. 1562ko epaia Bermeoren kontrakoa izan zen eta hiriak apelazioa egin zuenean, errugabe geratu zen 1568an. 1574an mugarriak jartzeko agindu zen, baina mugarritzearen aurka altxatu ziren elizateak, eurak ere auzian parte izanik ez zitzaielako deitu. Hurrengo urtean, elizateek beste mugarri jartze bat proposatu zuten.

Elizateen esanei men eginez, 1577an, Jeronimo de Espinosak, Valladolideko Kantzilergoko Bizkaiko epaile nagusiak, atzera bota eta balio gabe utzi zuen 1574an egindakoa eta elizateek markatutako mugarri “zaharrak” jartzeko agindua eman zuen. 1578an, Manuel Sampayo exekutoreak beste mugarritze bat egin zuen. Epai harekin, Artika, Almika eta Demiku Bermeoren eskumenetik kanpo geratu ziren eta berrogeita hamaika urtean horrela geratu ziren kontuak. XVII. mendean, Bermeoren apelazioek fruitua emango zuten eta 1628ko auzian berriro itzuli zitzaizkion hiriari 1366ko zabalkuntzan emandako eremuak. Exekutoria harekin amaitu ziren, antza, Bermeoko hiriaren eta inguruko elizateen arteko jurisdikzio auziak. Bizkaiko beste lurraldeetan ere, baretu egin ziren hiribilduen eta ondoko elizateen artean izandako iskanbilak. Zalantzarik gabe, 1630eko Konkordia delakoaren inguruan kokatu behar da akordioa. Haren bitartez sortu zen Bizkaiko erakunde-egitura bateratua, hiribilduen eta elizateen estatusak berdindu baitzituen Jaurerriko Batzar Nagusietan eta Araubidean, Chinchillaren Ordenamenduak ezarritako bikoiztasuna hautsita.

Horiek arazo guztiak izan arren, Bermeok nolabaiteko ospeari eutsi zion: lehenago 1512an, eta, gero, 1527an, XIV. mendeko Arrantzaleen Kofradiako ordenantzen berrespena eman zuten Juana erreginak eta bere seme Carlos enperadoreak. 1546an, enperadoreak Bermeoko pribilegioak ere berretsitzat eman zituen. Esan behar da ere, Bermeok XVI. mende osoan eutsi ziola “Bizkaiko buru” izatearen ohoreari.

Mende horretan merkataritzan eta arrantzan jardun zuen Bermeok.  Artean, Bermeok eraikitako laurehun tonara iristen ziren itsasontzi ospetsuak aipatzen dira, Zubiaur, Bertendona, Rekalde eta Portuondoren itsas armadak hornitzen zituztenak. 

Historia (6/13) Historia (8/13)

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0