Herria

Historia (6/13)

Leinuen arteko borrokek, jatorriz, Bizkaiko Lur Lauetan zeukaten eragin zuzena, baina laster hasi ziren hiribilduak menderatu nahian ere. Istilu handiak izan ziren Batzar Nagusietan eta, egoera hartan, Bizkaiko Jaunen boterea zen Ahaide Nagusiei aurre egiteko gai agertzen zen bakarra. Hiriak bortxakerietatik askatzeko, Lur Lautik aldentzea erabaki zuten. Ondorioz, Bizkaiko hiribilduak ez ziren Bizkaiko Batzar Nagusietara bilduko eta, horrela, Lur Lauarekin zuten lotura hautsi zuten.

1487ko ekainaren 12an, Bilbon izandako hiribilduen batzarrean, Chinchillaren Ordenamendua deitutakoa ezarri zen. Haren arauek hiribilduetako gobernamendua ukitu zuten modu zuzenean eta, zeharka, Jaurerrikoa ere bai. Kontzejuen jurisdikzioari mugak jarri zitzaizkion eta korrejidoreak hirietan zituen ahalmenak zehaztu ziren. Hiribilduei debekatu egin zitzaien Lur Lauko batzarretara joatea eta euren arteko bileretara deitzeko ekimena korrejidorearen esku geratzen zen. Pase forala bera erabiltzea ere debekatu zuten. Bizkaiko Foruaren aurkakoa zela-eta, laster azaldu ziren Ordenamenduaren aurkako kexuak.

Ondorioz, Lur Laua geratu zen Jaurerriaren ordezkari gisa, eta hiribilduak, bitartean, talde legez ordezkatuko zituzkeen inolako erakunderik gabe gelditu ziren. Korrejidorea zatekeen autoritate komun bakarra. Chinchillaren Ordenamenduari esker bandoen arteko borrokak desagertzen joan ziren.

 

Historia (5/13) Historia (7/13)

 

 

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0