Herria

Historia (4/13)

Garai hartan Bermeon merkataritzak eta arrantzak zuten indarra. Merkatari bermeotarrak, seguruenik, garraiolari legez arituko ziren, Gaztelako artilea edota Gaskoiniako ardoak Flandes eta Ingalaterraraino eramanez. XIII. mendearen amaieran Kantauriko portuen artean sortu zen Itsasaldeko Anaiarteko zortzi kideetako bat izan zen Bermeo. Ez zen harreman onik elkarte horren eta Ingalaterraren artean (kontuan izan behar da garai hartan, Lapurdiko portuak Ingalaterrako koroaren ingurukoak zirela) eta kexu eta auzi ugari izan zen Baiona eta Miarritzekoekin. Hala ere, XIV. menderako, dirudienez, lehenago etsai ziren lapurtarren lagun agertzen hasi ziren bizkaitar portuak. 1317an argitu zion Bermeoko udalak Ingalaterrako erregeari Bizkaiko portuek ez zietela kalterik eragin bere menpekoei, eta bizkaitarrak ez zirela espainiarrekin nahastu behar.

XV. mendearen erdira arte, Gaztelak eta Frantziak Ingalaterrarekin izan zuten gerrak eragin handia izan zuen euskaldunen Atlantikoko eta Mantxa kanaleko merkataritzan. Euskal merkatariek behin eta berriro lortu zituzten tregoak Ingalaterrarekin, baina pirateria ekintzak ere etengabeak izan ziren. 1369an, Bermeok ingelesekiko harreman komertzialetan ziharduen eta 1372an, Bizkaiko portuek akordioak egiten zituzten bretoiekin, kanalerako ibilbidea segurtatzeko helburuaz. Gerrak jarraitzen zuen bitartean, Bizkaiko bost portuak (Bermeo, Ondarroa, Plentzia, Lekeitio eta Bilbo) akordioa izan zuten Baionarekin. Ordurako, Itsasaldeko Anaiartea desegina zegoen. XIV. mendearen amaieran eta XV.aren hasieran, Kantauriko marinelek indar handiagoa zuten Atlantikoan, batez ere Brujasen. Ardoa, artilea eta euskal burdina ziren salgai nagusiak.

Historia(3/13) Historia (5/13)

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0