Herria

Historia (2/13)

Ez da ezagutzen Bermeo aipatzen duen XII. mendeko agiririk. Hurrengo mendera arte egin behar da haren berri izateko.

XIII. mendearen lehen zatian sortu zuen Lope Diaz Harokoak Bermeoko hiribildua. Ez dakigu zehatz zein urtetan izan zen fundazioa, baina, seguruenik 1234 eta 1239 bitartean izango zen; alde batetik, Bermeoko fundazio-agiria gaztelania hutsean idatzita badago ere, latinez eta gaztelaniaz idatzitako Balmasedako foruaren berrespena 1234koa delako, eta, bestetik, 1236 edo 1239an hil zelako Lope Diaz Harokoa.

Jaunak Logroñoko araudiaz hornitu zuen hiribildua eta mugak ipini zizkion: "
Et estos terminos han estos pobladores de Bermejo por nombres de Villa. De Menigo, et de Morteruza et de Vriachiti fasta Bermejo con montes et con fontes, et con entradas, et exidas (...)

Aurrerantzean, ugariak izan ziren Bermeoren foruaren berrespenak eta hiribilduak jaso zituen pribilegioak. Besteak beste, Bermeoko hiritarrek Sevillan, Toledon eta Murtzian izan ezean portazgorik ez ordaintzekoa (
1277); Galizian eta Asturiaseko portuetan arraina gatzatu ahal izatekoa (1282); Gasteizen eta Urduñan portazgorik ez ordaintzekoa (1289); Bermeokoak zorrengatik edo fidantzengatik atxilotuak ez izatekoa (1296); merkatu librea egitekoa (1301); apelazioz izan ezean, Bermeoko epailearen aurrean bakarrik epaituak izatekoa, (1334), etab. Zalantzarik gabe, hori guztia Bermeok garai hartan merkataritza alorrean izan zuen ospearen adierazgarri da.

Fundazio-agiriak Bermeori eman zion lurraldea (Demikutik Morteruzara eta hemendik Uriatzitira), hiriaren inguru laburrari besterik ez zegokion. Baina laster hasi ziren hiribilduaren eskumeneko lurraldearen zabalkuntzak: 1285ean, Lope Diaz Harokoak Bermeori forua berrestean, honela zehazten ditu hiribilduaren jurisdikzioko lurrak: "
Por do taja la agua de Lamiaran adentro, é por el somo de la sierra que es sobre la caseria de los fijos de don Sancho de Galdacano, é por esa senda que recuda por sobre Achonaren al rio que ba por entre Nafarrola, é Zuloeta, é por ese rio arriba que recuda en destajo al somo de la tierra, é por el cuesto de esa sierra por sobre Morteruza, é por Ordoña que recuda a Burgos [sic], é de Burgoa fasta Bermejo, con montes, é fontes, é con entradas, é exidas

1300ean, Bermeoren erreferentzia eginez Bilboko fundazio-agirian, Galdiz mendia Jaunak bere esku mantentzen zuela zehazten da. Berdin gertatzen da 1337ko Gaminizko agirian ere: “
(…) é do el mio monte de Ollargan que guarda el mio Preboste de Bermeo el monte de Galdiz”.

 “
(…) é do bos el mi monte de Isoquiza en goarda de mi Preboste de este Lugar que les guarde, ansi como goarda el Preboste de Bermeo el monte de Galdiz (...)

Hala ere, Iturrizak adierazten duenez, Galdizko mendia berea zela frogatu zuen Bermeok 1282an, Jaunaren aurrean, Olabarrieta elizatean.

1301ean, ordura arte, Almikako elizatearena zen Tala eman zitzaion Bermeori.

1353an, Tello Bizkaiko Jaunak Bermeoren eskumenean jarri zituen Arketa eta Portuondoko portuak.

1366an, berriro zabaldu zuen Jaunak Bermeoko jurisdikzioa:

"
De encima de la Sierra que llaman de Solue do esta amojonado, é dende fasta Iturrieta como ba el arroyo de parte de Hemerando fasta la puente de Gabancho como ba el rio por la Rueda Vieja, é dende como ba é taja el rio fasta la mar, et de como ba a la mar de la entrada de dicho rio de Bakio fasta en Bermejo; é del dicho Lugar de Solue de la otra parte fasta en Esquiaga por do parte el termino de Mundaca fasta la mar; (...)

Oraingoan, Ezkiaga, Tribiz, Arranotegi, Sollube, Mañu, eta Bakioko errekarainoko lurrak Bermeoren eskumenean jartzen dira.

XIV. mendearen amaieratik aurrera, Bizkaiko jaunak (garai hartan, Gaztelako errege ziren, aldi berean), Bermeora hurbiltzen hasten dira Bizkaiko Lege Zaharra, eta, bide batez, hiribilduko forua berresteko. Araukoa bihurtu zen Bizkaira etortzean, Larrabetzu, Gernika eta Bermeotik pasatzea foruen zina egitera. Horrela egin zuten Enrike III.ak 1293an, Enrike IV.ak 1457an, Fernando Katolikoak 1476an eta Alonso Quintanillakoak Isabel Katolikoaren izenean
1481ean.

Historia(1/13)  Historia (3/13)

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0