Herria

Historia (12/13)

XX. mendearen hasieran, Bermeo mundu tradizionaletik industrialera igarotzeko lehen urratsetan zegoen. Populazioz, Bizkaiko hirugarren herria zen, Bilbo eta Barakaldoren atzetik.

Jarduera ekonomikoaren ikuspuntutik, hiru taldetan banatuta zegoen Bermeoko gizartea: arrantzaleak, kaletarrak eta baserritarrak. Arrantzaleen taldean, patroi, armadore edo tostarteko, adineko edo gazte izatearen arabera, desberdintasunak zeuden, baina itsasoko lan gogorrak eragindako elkartasun-harremana ziren nagusi. Oso garrantzizkoa zen emakumeek betetzen zuten lana arrantzale familietan: sareen konponketa, arrain salmenta, arrain-fabriketako lana. Kaletarren taldea, artisauek, merkatariek, dendariek, abokatuek, medikuek, apaizek, enplegatuek, e.a. osatzen zuten. Azkenik, baserritarren artean, gehienak, maizterrak ziren, etxe eta lurrengatik errentak ordaindu behar zituztenak. XIX. mendean herri lurren salmentaz sortutako baserri berrietan, berriz, baserritar gehienak jabeak ziren.

1912an, gertakari tamalgarri batek goibeldu zuen Bermeo. Abuztuko arratsalde triste batean, Kantauriko arrantzale gehienak itsasoan zirela, galerna ikaragarria sortu, eta, ondorioz, 140 lagun hil ziren, euretatik 116 bermeotarrak.

Lehen Errepublikaren eta bigarren gerra karlistaren ondoren, Berrezarkuntza sistema politikoa indarrean jarri zenean, oposizio politiko nagusia kazikismoaren aldeko eta kontrakoaren artekoa izan zen. Garrantzitsua izan zen, zentzu honetan, euskal nazionalismoaren eginkizuna, kazikismoaren aurkako nagusigoa hartuta. Sufragio unibertsalaren bidez, urteek aurrera egin ahala, euskal nazionalismoa herriko lehen indar politikoa izatera iritsi zen.

Primo de Riveraren diktadura garaian, euskal nazionalismoaren ekintza politikoak debekatuta geratu zirenez, ekitaldi kulturaletara mugatu behar izan ziren euskal adierazpenak. Espainiako Bigarren Errepublika garaian, euskal nazionalismoa berriro nagusitu zen beste aukera politikoen gainetik. Aipatzekoak dira garai hartan, 1933an, emakumeen lehen sufragioa eta 1934an batzoki berriaren inaugurazioa.

1803an, Gibelortzaga (San Pelaio) eta Zubiaurreko auzoak Bermeotik aldendu eta Bakiora biltzeko saioetan hasi ziren. 1820an, gobernu iraultzaileak onartu egin zien eskaria, baina 1823an, berriro itzuli zitzaizkion auzoak Bermeori. Hala ere, bi auzo haien ahaleginek jarraitu egin zuten 1834, 1845, 1856, 1882 eta 1894an. Azken saioa, 1925ekoa izan zen eta lortu ere egin zuten Bermeotik aldentzea. 1927ko urrian atera zen ebazpena.

Bermeok errekurtsoa jarri zuen arren ez zuen ezer lortu, eta, azken epaia, 1932ko uztailean eman zen.

Francoren diktadurapean, erakunde frankistak ezarri ziren herrian eta funtzionarioen kontrola, lanetik kanporatzeak eta zapalkuntza nagusitu ziren.

Franco hil eta geroko hauteskundeetan nabaria izan da euskal nazionalismoaren nagusitasuna, bere adar desberdinetan.

 

Historia (11/13) Historia (13/13)

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0