Historia (5/13)
XIV eta XV. mendeetan Euskal Herri osoan izan ziren leinuen edo bandoen arteko borrokaldiak. Bandoak ahaidetasunean oinarritzen ziren; leinu bereko senide izateak elkartasun loturak sortzen zituen eta zenbat eta ahaide gehiago izan leinuak, hainbat eta boteretsuagoa bihurtzen zen. Senitarteko buruzagitza, adar nagusiko “ahaide nagusiak” hartzen zuen; leinuko burua zen.
Sarritan, leinuak arerioen aurka botere handiagoaz aritzeko, beste leinu batzuekin elkartzen ziren, alderdiak edo bandoak eratuta. Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako leinuak Ganboaren eta Oinazen alderdietan banatuta egon ziren. Bizkaian, Butroiko ahaide nagusia agertzen zen Oinaztarren bandoko buru eta Abendañokoa, Ganboatarren alderdiko nagusi. Alderdi horren arteko errietak edo altxamenduak, sarritan, gaur lelokeriatzat hartuko genituzkeen arrazoiengatik gertatzen ziren; “bestea baino gehiago” izateagatik, gehienetan.
Lope Gartzia Salarzarkoaren esanetan, hasieran bi leinu nagusi zeuden Bermeon, Azuagakoa eta Apiotzakoa, elkarren etsai, norgehiagokako lehian; Azuagako leinua hiru adarretan banatu omen zen: Ermenduruakoa, Areiltzakoa eta Arostegikoa. Gerora, lau leinuak akorduan jarririk elkarren artean banatu ei zuten herria.
Euskal Herri osoan legez, Bermeon ere izan zen ahaide nagusien arteko borrokarik. Hona hemen garai hartako zenbait gertaera:
· 1414an, Mungian, Butroikoa eta Abendañokoa gerrarako eraikuntza bat zela eta errietan ari zirela, menietan sartu ziren, Ahaide Nagusi bi hauek Mungiara ez hurbiltzeko baldintzapean. Tenore hartan, Juan Abendañokoa, laurogei gizonekin, Gernika, Arteaga eta Bermeon sartu zen. Bermeon zegoela, Juan Sanchez Billelakoak, Abendaño eta Butroikoaren artean liskarra sortzeko asmoz, Abendañokoari deitu ei zion Mungiara hurbil zedin neska bat emango ziola aginduta. Abendañokoak hala egin zuenean, Butroikoak iraintzat hartu eta Mungiara abiatu zen hura ere, beste borroka bati hasiera emanez.
· 1427an istiluak izan ziren Bermeon Fortun Sanchez Olabarrietakoaren eta Juan Ortiz Arreskuenagakoaren artean, biak leinu bereko ahaideak izanik. Arreskuenagakoak Butroikoei eskatu zien laguntza; Olabarrietakoak Arteagakoei. Laster heldu zen Bermeora Juan Martinez de Burgos, Bizkaiko korrejidorea eta “beraien artean zebilela” buruan zauritu zuten Arreskuenagako dorretik. Atxiloketak izan ziren, baina Juan Ortiz Bermeotik ihes eginda zegoen ordurako; Butroira joana zen laguntza eske. Butroiko nagusia Bermeora iristean, hiria itxita eta Arteagakoek hartuta aurkitu zuen. Juan Ortiz Arreskuenagakoa auzitan jarri zen korrejidorearekin. Korrejidorea eta Butroiko nagusia, beste batzuekin, Arbilduako biltzar nagusian zeudelarik, Juan Ortiz heldu zen hogeita bost gizonekin eta korrejidoreari hitz gogorrak bota zizkion, batzarra nahastuz. Orduan, Juan Ortizen morroi batek gezi batez hil zuen korrejidorea. Errieta erdian, Butroiko nagusiaren sasikoa, Otxoa Butroikoa hil egin zen. Juan Ortiz, atxilotuta, Gortera eraman zuten eta sama moztu zioten.
· 1446an, Pedro Abendañokoa eta Martiz Ruiz Arteagakoa euren ahaide guztiekin sartu ziren Bermeon; hemen, Arostegikoak zituzten lagun. Eta Ermendurua, Apiotza eta Areiltzakoen aurka borrokatu ziren; zeintzuek Butroikoa zuten kidetzat. Bi eguneko borrokaldiaren ondoren, hiria menderatzea lortu zuten. Handik hiru egunera, Gomez Gonzalez, Butroiko nagusia, bere ahaide guztiekin agertu zen Bermeon, eta azken hori portale batetik sartu zenerako, Santa Eufemiako portaletik irten ziren Abendañokoak eta Arteagakoak. Hain presaka atera ziren azkeneko horiek, ezen euretariko batzuk itsasoan itota hil ziren. Butroikoak atxiloketak egin eta zenbait dorre suntsitu zituen: Rui Sanchez Mundakakoarena, Busturiko Sagarminagakoa eta Martin Ruiz Enparekoarena. Abendaño eta Arteagakoek, Gernika hartu zutenean, Butroikoak hiri horretan zeukan etxea suntsitu zuten.
· 1460an, Arostegikoek harresi gainetik, Butroiko ahaide nagusiaren sasikoa zen Otxotetxea hil zuten gezi batez. Erasoan haren anaia Juan Gonzalez eta beste batzuk ere zauritu zituzten.
1468an, Pedro Abendañokoak deituta, Diego Gomez Sarmiento kondea bere soldatapeko zaldunekin, Otxandiotik Durangora abiatu zen eta kalte handiak eragin zituen Zaldibarren, suteak eta lapurretak eraginda. Berdin egin zuen Gernika aldean, Bermeoko aldirietaraino iritsita.
Historia (4/13) Historia (6/13)
010 (94 617 91 00)