Herria

Historia (13/13)

XX. mendean Bermeoko portuan eraldaketa handiak egin izan dira. 1890etik 1903ra portu barriko lanak eginak ziren eta gaurko Lamera eratu zen; baina hori ez zen nahikoa, beharrezkotzat hartzen zen garai hartan portuko sarrera era egokian babestea ere. 1901etik 1908ra, Bainulekutik Boniatxe azpietaraino olatu-horma bat eraikitzeko zenbait proiektu egin ziren, eta, azkenean, 1912ko galernaren ondorioen eraginez, 1913ko errege agindu batez, lan hura egiteko proiektua onartu zen. Bostehun metroko olatu-horma egitea pentsatuta zegoen, baina 1929rako, artean 275 metro besterik ez ziren egin, eta, 1962rako, 376 metro. Olatu-hormaren eraikuntzak, nolabaiteko kutsu politikoa izan zuen: Nardiztarrek Alfonso XIII.arengan zuten eragina erabili zuten hura eraikitzea lortzeko, eta, bide batez, beraientzat botoak lortzeko. Bermeoko Udalak bere esker ona erakutsi zuen, lehenago Carniceria Vieja izena zuen kaleari, Venancio eta Enrique Nardizen aita zen Juan Nardizkoaren izena ipinita.

1955etik aurrera, ekonomiaren eta populazioaren hazkundearekin, Bermeoren zabalkuntza ikaragarria gertatu da, inoiz izan den handiena. Sukarrietatik Bermeorako trenbidearen tartea eraiki zen urte hartan. Bermeo nabarmen zabaldu da harrez gero harresiz kanpora. Kaletarren ohiko soloak ziren inguru asko hiriak irentsi ditu. Portura jotzen duten erreka guztiak estalita geratu dira hiri azpitik pasatzerakoan. Industriguneak eraiki dira hiritik kanpo. Baserri auzoetarako bideak autoentzat egokitu dira. Galdiz gainean gasaren ustiakuntzarako instalazio itzelak eraiki dira eta bere eskutik Pozoilluna inguru magikoa erabat suntsituta geratu da. Arrantza arloak aldaketa nabariak izan ditu: baxurako ontziteriaren murrizketa alde batetik eta arrantza handiaren garapena bestetik. Eta azken aldian, Bermeo garai berrietara moldatzeko proiektu berriak aurkeztu izan dira, errepidearen saihesbidea edo kirol-portua esate baterako.

Bermeoko harresia

 

1334an, Alfonso XI.ak, Gaztelugatxe setiatzen ari zela, Bermeo harresi batez inguratzeko agindu zuen eta hura eraikitzeko, bost urtean, urteko 2.000 marabedi eman zituen. Geroago, 1353an Don Tello kondeak Bizkaiko jaunek Bermeon zuten alkazar zaharreko harriak eman zituen harresiaren eraikuntzarako.Harresiak gaurko alde zaharra inguratzen zuen. Santa Eufemia eliza inguruan hasi eta Portunagusiaren ertzetik jarraitzen zuen (gaurko Lameraren ertzetik). Ibarluzea tar Kosme kalean zegoen lehen portalea, Errenta edo Gerrakoa deitua. Harresiak, ondoren, San Migeleko enparantzaraino egiten zuen eta bigarren portalea zegoen bertan, San Migelekoa (Sagarbarrikoa ere deitua XVI. mendean). Hemendik, Aldatseta kalearen hasieran zegoen San Frantziskoko portaleraino (Sokorro edo Guadalupekoa ere deitua; seguruenik horixe da 1357ko “puerta de los Ferreros”) jarraitzen zuen. Harresiak, aldapan gora eginez, Erremedioko portaleraino egiten zuen (Portaloña eta Carcel Vieja deitua ere; seguruenik hauxe da Burgosko atea deitzen zena). Hortik, harresiak Nardiz tar Jon kalearen hasieran zegoen Santa Barbarako portalera jarraitzen zuen, eta ondoren, Nekazari kalearen hasieraraino. Bertan, Beiportale zegoen (Bakas, Labaka, Bakera ere deitua). Harresiak, Morondotik jarraituz Sanjuanportaleraino egiten zuen. Portale hau da gaur zutik geratzen den bakarra, beste guztiak XIX. mendean zehar desagertu baitziren. Harresia Talako Andra Mari elizaren inguruan amaitzen zen.

Alde zaharra

Erdi Aroko hiribilduak, XIV. mendean harresia eraiki zenetik, gaurko alde zaharraren egitura bera izan zuen: mendebaldetik ekialdera luzatzen diren kaleak, iparraldetik hegoaldera jaisten direnekin gurutzatzen direla. Azken horietako bat gaurko Andra Mari kalea, Talako elizara zuzendua, beste kaleak baino zabalagoa izanik, seguruenik hiribilduko kale nagusia zen.

XIX. mendera arte Bermeoko kaleen izenak gehienetan, gaurkoetatik guztiz desberdinak ziren: Kartzeloña, Sagarkale, Kukunkale, Carniceria, Cesteria, Tenderia, Pescaderia, Manga de lobos, Pisukale, Rotxela eta antzekoak zeuden.

Hiriko eraikuntza nagusiak elizak ziren; hiru zeuden eta hirurak periferian kokatuak: Talako Andra Mari iparraldean, Santa Eufemia hegoaldean eta San Frantzisko komentua harresiz kanpo.

Beste eraikuntza nagusiak dorretxeak eta jauregiak ziren eta hauen artean, besteak beste, honakoak aipa daitezke: Goiko plazan, gaur Andra Mari eliza dagoen tokian egon zen Bañosko kondeen jauregia, Areiltzako dorrea, Arostegikoa, Arreskurenagakoa, Ermenduruakoa, Mendoza Arteagakoa, Ertzillakoa. Azken hau da gaur zutik geratzen den bakarra.

Antzinako hiribildua, udaleko agintariak aukeratzeko orduan behintzat, lau auzotan banatzen zen: Apiotza, Ermendurua, Arostegi eta Areiltza, hiriko familia nagusien dorretxeen kokaguneek markatuta seguruenik.

Harresiz kanpoaldea

Bermeo tradizionalak, harresiz kanpo, hiru errebal zituen: Adoberia, Erribera eta Santamarina. Harresiz kanpo eta errebalak baino harantzago, baina baserri auzoen eremua hasi baino lehen, hiriko familia askok soloak eta ortuak izaten zituen. Hirien osagarri hori oso garrantzitsua izan ohi da familien iraupenerako.

Bermeo zabaltzean desagertzen joan ziren kaletarren soloak ondokoak izaten ziren: Tala, Mendiluz, Tonpoiak, Peña de Oro, Ormabarrieta, Arteazabal, Artalde, Dolareaga, Ibarreta, Ibarburu, Ametzaga, Ikaieta, Dibio, Okarantza, Larrosadi, Azuaga, Mutiaga, Erribera, Goienkale, Usatorre, Erreinazubi, Aranondo, Almikondo, Zarragoiti, Zarran, Txibitxiaga eta Portuburu

 

Historia(12/13)

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0