Herria

Historia (10/13)

1718ko irailaren 5ean, kontzeju zabalera deituta, Bermeoko herria, goiko plazan, udaletxe aurrean bilduta, alkatearen eta anaiaren aurka altxatu zen. Juan Tomas Eskoikizkoa, alkatea, ez zegoen bileran. Zerbait susmatzen zuen eta Talako Andra Mari elizaren babesean ezkutatu zen. Kontzejuak batzordea bidali zuen eta alkatea elizan bertan atxilotuta mantentzea erabaki zen.

Aurreko urteko abuztuaren 31ko dekretuaz, aduanak itsasora aldatzea agindu zen. 1717ko urriaren 21ean, dekretuak Bizkaiko Batzar Nagusien gaitzespena izan zuen, foruen aurkakoa zelako, baina batzarraren gainetik, aduanak lekuz aldatzea agindu zen.

1718ko irailaren 4an piztu zen matxinada Bilbon. Matxinatuek, baserritarrak batez ere, merkatarien eta Diputazio eta hirietako agintarien aurka egin zuten, dekretua indarrean jartzen utzi zutelako. Matxinada Bizkaiko eta Gipuzkoako beste tokietara zabaldu zen.

Bermeon gertakaririk gogorrenak irailaren 10ean izan ziren. Gernikan Batzar Nagusia burutu ondoren, Busturialdeko elizateetakoak Bermeora abiatu ziren: gernikarrak, muruetarrak, busturitarrak, ibarrangelutarrak, mundakarrak eta guztien buru korrejidore-ordea, jendetzak behartuta. Goiko plazara egin zuten giltzapean zeudenak zigortzeko asmoz. Hantxe zeuden kartzelan, Bermeoko alkatea zen Juan Tomas Eskoikizkoa eta bere anaia Martin Antonio, Bilboko bigarren errejidore izanikoa; azken honen emaztea Manuela Lasso de la Vega, alkatearen alaba Maria Josefa eta honen senarra, Gregorio Ezterripakoa, herriko oñaztar lehen errejidorea. Hantxe zeuden ere Fernando Olazabal eta Juan Tomas Goikoetxea, aduanako txalupako kaboa eta zaindaria.

Matxinatuak kartzelan bortizki sartu eta atxilotuak erailtzen hasi ziren. Alkatea eta Ezterripa, gainera, leihotik behera bota zituzten. Antza, alkatearen alaba baino ez zen atera bizirik.

Ondoren, jendetza, Bermeotik irten egin zen Lekeitiora egiteko asmoz. Hurrengo egunera arte plazan geratu ziren sei gorpuak.

Urtarrilean, zanpaketa izan zen Koroaren erantzuna. Bermeoko erailketengatik muruetar bi eta busturitar bat hilarazi zituzten eta beste zenbait kartzelaratu. Handik hiru urtetara, 1722an berriro aldatu ziren aduanak lehorrera, Bizkaiko askatasun komertziala berrezarrita.

1722ko urte honetan
, lehenago esan den legez, sute ikaragarri bat jasan zuen Bermeok.

XVIII. mendea, orokorrean, aurrerapen garaia izan zen. Bermeon ere bai; bere jarduera ekonomikoa berregituratu zen mende honetan, merkataritza arloa bertan behera utzita eta bere arrantzarako joeran murgilduta.

Mendearen hasieratik erakusten du udalak moileak konpontzeko ardura. Itsasoak hainbatetan hondatzen zituen portu bietako moileak eta beste hainbestetan egiten ziren konponketa lanak.

Baina, portuko azpiegituretan ez ezik, bestelako lan publikoetan ere ahalegin handiak egin ziren. Bermeotik Bilborako galtzadan eta Sanjuanbidekoan konponketak eta berrikuntzak egin ziren. Kaleetan eta harresiko portaletan, elizetan eta ermitetan ere bai.

Eraikuntza haietarako eskura eduki behar ziren gaiak (harria, buztina eta zura, alegia) bertako harrobietatik, basoetatik eta teilerietatik ateratzen ziren: Galdiz, Arballu, Tribiz, Matxitxakoko harrobietatik, Ametzaga, Adoberia eta Beitegiko teilerietatik eta, garai hartan ugari ziren herri-basoetatik. Basook ahitu ez zitezen, udalak urtero 300 haritz berri landatzeko betebeharra zeukanez, XVIII. mendean, Bermeok, lau mintegi mantentzen zituen: Mañukoa, Aguriagakoa, Galdizkoa eta Zuluetaburukoa.

XVIII. mendearen amaieran, frantziar konbentzionalen aurkako gerrarako prestakuntzak hartu zuten lehentasuna; 1792tik aurrera, kostaldearen babeserako Matxitxakoko, Galdizko, Tonpoiko, Talako, Baztarreko, Gazteluko eta Errosako gotorlekuak eta bateriak ikuskatu eta konpondu beharra zegoen.

 

Historia (9/13) Historia (11/13)

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0