Albisteak

Albistea

San Martin errekan banbua eta kanabera kentzeko lanak egin dituzte

 

Bermeoko Udalak eskatuta, Uraren Euskal Agentziak (URA) Bermeoko San Martin errekan, -Ibarreta kaletik hasita Landabaso industrialdera arte-, banbua eta kanabera kentzeko lanak egin ditu. 

Irune Ormaetxeak, Ingurumen saileko zinegotziak, azaldu duenez, “leku horretan, erreka ondoan, betidanik egon dira soloak, eta horietan banbua eta kanabera landareak landatu izan dira”.  “Baina solo batzuk utzi direnean, landare inbaditzaile horiek, urte gutxiko epean, espazio osoa inbaditu dute, erreka ertzak barne”, azaldu du. 

“Errekak balio natural handiko lekuak dira bertan dagoen biodibertsitate handiagatik. Espazio babestuak dira, eta Europar Batasunak Urdaibaiko errekak ZEC (Zona de Especial Conservación) moduan  izendatu ditu”, azaldu du. Horregatik horiek babesteko beharra nabarmendu du Ingurumen zinegotziak. 

Ildo honetan, gogoratu duenez,  2015eko azaroaren 14an, Bermeoko Udalak eta URAk Bermeon dauden Jabari Publiko Hidraulikoko ibai-ibilgu eta ertzetan elkarlanean aritzeko hitzarmen bat sinatu zuten. Azaldu duenez, hitzarmen horren arabera, udalari dagokio hiri-hondakinen kudeaketa errekek hiri esparrua zeharkatzen duten esparruan. Bestalde, URAk errekaren gaitasun hidraulikoa hobetzea eta ibaiertzeko landaredia egoera egokian mantentzeko ardura du, landaredia inbaditzailea kentzea barne. 

Horrela, Bermeoko Udalak eskaera luzatuta, Uraren Euskal Agentziak (URA) banbuak eta kanaberak kentzeko lanak egin ditu sasi-garbitzeko makinekin.

“Egindako lana zaila eta gogorra izan da, azalera handia zelako eta banbuen lodiera baita ere”, azaldu du. Era honetan, zehaztu duenez, sastraka kentze lan hau “selektiboa” izan da eta “errekako landaredia errespetatu da”. 

Dena den, adierazi duenez, “landarearen sustraiak lurrean geratu direnez, datorren udaberrian banbuak berriro kimu berriak emango ditu”. “Horregatik, hurrengo urteetan aldizka beste ebaki batzuk eman behar izaten dira inbasioa guztiz bukatzeko”, gaineratu du. 

Ormaetxeak azpimarratu duenez, “arazo hau saihesteko eta behin-betiko irtenbide bat emateko nahian, URAk Bermeon egindako lana hau esperimentu txiki bat egiteko aprobetxatuko da”. “Horrela, partzela baten moztutako zurtoinetan baimendutako herbizida bat botako da, eta beste baten, udaberrian sortutako kimuetan tratamendu berbera egingo da. Handik gutxira ikusi ahal izango da zein den tratamendurik eraginkorrena izurri horren kontra”, azaldu du.

20 / 10 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0