Albisteak

Albistea

Bermeoko Alde Zaharreko lore lehiaketaren irabazleak erabaki ditu epaimahaiak

 

 

Bermeoko Udalak, herriko hainbat elkarterekin elkarlanean, bigarren aldiz, lore lehiaketa antolatu du Alde Zaharreko balkoi, leiho eta fatxadetan, eta lehiaketa horren sariak erabaki ditu epaimahaiak. Aurten sei proposamen aurkeztu dira. 

Epaimahaia honako hauek osatu dute: Irune Ormaetxeak, Turismo, Merkataritza eta Garapen zinegotziak; Santi Murua, Berualako zuzendariak; Bego Gangoitik, Turismo teknikariak, eta ‘Alde Zaharra bizirik’, ‘Haitz Nagusidxe’ eta ‘Berton’ elkarteetako eta lore dendatako ordezkariek. Izan ere, elkarlanean antolatutako ekintza izan da lore lehiaketa. 

Lore lehiaketa horretan bi maila egon dira: alde batetik, leiho eta balkoiak, eta, bestetik, fatxadak. Fatxaden kategorian, Nardiz Tar Jon 14eko fatxadak jaso du saria. Saria ematerako orduan, epaimahaiak bere orijinaltasuna eta aurkezpena baloratu ditu. 

Leiho eta Balkoien kategorian, Nardiz tar Jon, 12- 1. izan da irabazlea. Kasu horretan ere, bere orijinaltasuna baloratu izan du epaimahaiak, lore mota ezberdinez jantzi baitu balkoia eta emaitza deigarria izan da. 

Bigarren postuan berdinketa bat egon da Intxausti, 1 – 3.eskuma eta Arostegi, 14 – 1.artean. Fatxadaren kolorearekin lotura eta edertasuna baloratu dira. 

Lehiaketaren antolatzaileek parte-hartzaile guztien ahalegina txalotu dute; izan ere, euren esanetan, “lore lehiaketa gure Alde Zaharra indartzeko eta edertzeko emandako pausu bat izan da, eta guztiek helburu hori lortzen lagundu dute”. 

Era berean, guztiei eskerrak eman dizkie “gure Alde Zaharreko eraikinak loreekin betetzeak, duda barik, Alde Zaharraren irudia asko edertzen duelako”. “Loreekin dauden lekuak, leku biziak dira, eta bizitasun hori adierazi dute lehiaketan parte hartu duten guztiek”, esan dute. Horrela, urte guztian zehar Alde Zaharreko bizilagunak euren balkoi, leiho eta fatxadak loreekin edertzera animatu dituzte. 

Azkenez, orokorrean lehiaketaren balorazio positiboa hartu dute antolatzaileek eta hurrengo urtean ere antolatzeko prest agertu dira ideia eta proposamen berriekin, parte hartzea handiagoa lortzeko helburuarekin.

 

 

 

 

08 / 06 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0