Albisteak

Albistea

Bermeoko XVI. Txistu Alardea, ekainaren 17an, zapatuan, J.A, Egiaren obrekin osatuko da eta Bermeoko Abesbatza izango da talde gonbidatua

Bermeoko udal musika eskolak bere 25. urteurrena ospatzeko jaia egingo du martitzenean, ekainaren 13an

 

XVI. Txistu Alardeak musikarekin disfrutatzeko aukera paregabea eskainiko du ekainaren 17an, zapatuan, Bermeoko Artza frontoian. Iluntzeko 20:00etan hasiko den ekitaldi horretako talde gonbidatua Bermeoko Abesbatza izango da, eta, aurten, José Antonio Egia musikariaren jaiotzaren 100. urteurrenean, txistu alardeko errepertorioa bere lanekin osatuko da.

Horrela adierazi dute Esti Arrizabalagak, Bermeoko Musika Eskolako zuzendariak; Aingeru Astuik, Kultura zinegotziak, eta Iban Ibarretxek, Alardea zuzenduko duen Musika Eskolako txistu irakasleak,  gaur Bermeoko XVI. Txistu Alardearen aurkezpenean.

Astuik azaldu duenez, 90 musikarik eta dantzarik parte hartuko dute XVI. Txistu Alardean: Musika-eskolako txistulariak, bateria eta baxu elektrikoak, Bizkaiko Txistulariak; Ondarroako Metal taldeak; herriko Txalapartariak eta zantzulariak;  Bermeo Line dance taldeak; Alkartasuna dantza taldeak; Bermeoko Erraldoien Konpartsak eta Mundaka eta “Erriko lagunak” taldeko txistulari ohiak. Aurten talde gonbidatua Bermeoko abesbatza izango da.

Arrizabalagak adierazi duenez, José Antonio Eguia musikariaren 100.urteurrenari jarraipena emanez, “XVI. Txistu Alardean ere gogoan izango dugu”. “Horrela, txistu alarderako errepertorioa Eguiaren obrekin soilik osatu dugu”, azaldu du.

Ildo horretan, zehaztu duenez, “guztira, 13 kanta interpretatuko dituzte oholtza gaineko musikariek”. Musika obren moldaketak Iban Ibarretxe musika-eskolako txistuko irakasleak egin dituela gaineratu du.

Kantei dagokienez, Ibarretxek berak azaldu duenez, 13 abestietatik,  4 kantu lehen aldiz entzungo dira Alardean: “Marcha triunfal organorako idatzitako pieza 1977.urtean; Recuerdo del caserío”, zortzikoa, 1942.urten eginikoa, eta Juan de Dios organorako egindako kantua. Azken kantu horri Alkartasuna dantza taldeko kideek dantza pausuak jarri dizkiote. Horrez gain, ‘Gracia y Salero’ pasodoblea ere interpretatuko da Bermeo Line dance taldearen dantzekin lagunduta. Bestalde, “Marcha triunfal” Erraldoiek dantzatuko dute. “Erriko lagunak” taldeko txistulari ohiak ere parte hartuko dute eta Eguiaren Erroxape kalejira joko dute.

“Hortaz, guztira, 90 musikari izango dira eszenatokian, guztiak Iban Ibarretxe zuzendaritzapean arituko dira, eta giro izugarria izango dugu. Herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu txistu alardera, musikarekin eta dantzarekin gozatzeko aukera paregabea eskainiko duelako. Sarrera dohainik da”, azpimarratu du Astuik.

25. urteurrena

Bestalde, Arrizabalagak azaldu duenez, Bermeoko udal musika eskolaren 25. urteurrena da aurten, eta hori ospatzeko ekainaren 13an, martitzenean, Jose Antonio Egia udalaren musika eskolaren jaia ospatuko dugu 17:00etatik aurrera musika eskolaren aurrean. Lehenengo, musika eskolako ume eta gaztetxoen txanda izango da eta 19:30etik aurrera nagusiena.

“Musika, jaia eta txokolatada izango dira jai horretako protagonista nagusiak, eta horregatik gonbidapena luzatu nahi diegu herritarrei gurekin batera 25. urteurrena ospatzera etortzeko”, nabarmendu du.

Musika eskola zaharren egoitzetan eta Museunmusika

Bestalde, hainbat dira ere ekainean Musika eskolak herriko zaharren egoitzetan eskainiko dituen kontzertuak. Ekainaren 14an, eguaztenean, Musika eskolaren ikasleek udalaren zaharren egoitzan eskainiko dute kontzertua 17:30ean, eta, ekainaren 15ean, eguenean, Egoitz Alai zaharren egoitza musikaz alaituko du udalaren musika eskolako koruak, 18:00etatik aurrera.

Ekainaren 20an, martitzenean, musika eskolako haize taldeak udal zaharren egoitzako lorategian kontzertua eskainiko du 18:00etan, eta ordu berdinean egongo da ‘Arrekatxutxa’ triki-pandero taldea ekainaren 22an, eguenean,  udal zaharren egoitza musikarekin alaitzen.

Ekainean ere, Musika eskola Bermeoko Arrantzaleen museoan egongo da Museunmusika programaren barne. Horrela, ekainaren 14an, eguaztenean, 19:30ean udal musika eskolako ikasleek Arrantzaleen museoan kontzertua eskainiko dute, eta, ekainaren 20an, martitzenean, Bermeoko eta Zornotzako musika eskoletako ikasleek ‘Spring strings’ kontzertua eskainiko dute berton.

 

08 / 06 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0