Albisteak

Albistea

Aurten ez da Sukalki egunik antolatuko, data egokirik ez dagoelako

 

 

Aurten ez da Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako Sukalki eguna antolatuko, data egokirik ez dagoelako. Erabaki hori Bermeoko Jai Batzordeak eta Eleizalde Ikastolak adostu dute, aukera guztiak aztertu ondoren. 

Iñaki Beitiak, Eleizalde ikastolako zuzendariak, Jose Muruagak, Eleizalde ikastolako maisuak, eta Aingeru Astuik, Jai Batzordeko lehendakariak, albiste horren berri eman dute gaur prentsaurrekoan. Bertan, adierazi dutenez, “aukera ezberdinak aztertu ditugu, baina ez direla bideragarriak ikusi dugu”.

Azaldu dutenez, aurten Andra Mari Eguna, irailaren 8a,  barikua da, eta irailaren 9an, zapatuan, Arrantzale Eguna ospatzen dugu, bermeotarren egun handia, hain zuzen ere, goizetik hasita eta nekatu arte ospatzen duguna. “Horregatik, irailaren 10ean, domekan, Arrantzale Egunaren ondoren Sukalki eguna ospatzea ez da bideragarria; izan ere, parte-hartzea eskasa izango dela aurreikusi daiteke”, adierazi dute. 

Hurrengo zapatua, irailaren 16a da, Santa Eufemia eguna eta jaiei bukaera ematen diona. Egun horretan goiz guztian zehar baserri eguna ospatzen da, eta bertan baserritarren azoka eta abereen erakusketa ikus eta gozatu daitezke. Horrez gain, jende asko batzen dituzten Gazteluko jaiak ospatzen dira. Gainera, arratsaldean, estropadak daude eta egunari bukaera emateko, zelan ez, Xixili erreten da. Horregatik guztiagatik egun hori ere “ez dela aproposa” uste dugu, egun berdinean ekitaldi asko ospatzean publikoa sakabanatzen dela argi baitago. 

Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak irailaren 7tik 16ra dira, eta astegun batean egitea ere aztertu dute, baina aukera hori ere saihestu egin da; izan ere, sukalki eguna antolatzeak ahalegin asko eskatzen ditu eta 40 boluntariotik gora. “Astegunetan jende askok lan egiten du eta boluntarioak izatea oso zaila da. Horrez gain, astegun batean parte-hartzea ere handia ez dela izango aurreikusi daiteke, lan eguna baita”, esan du. 

“Sukalki eguna antolatzeko boluntario asko behar dira. Lan polita da, baina gogorra. Aurtengo Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan, datak direla eta, ez dugu egun aproposik bilatu; izan ere, aztertutako egunetan antolatzea oso zaila da, parte hartzea eskasa izango litzatekeelako eta Eleizalde ikastolarentzat boluntarioak bilatzea ere zaila izango litzatekeelako”, azaldu dute. 

Hortaz, esan dutenez, “aurten ez da Sukalki eguna antolatuko”. Dena den, argitu duenez, erabaki hori aurtengo egoeragatik da, eta hurrengo urtean berriro ere Sukalki eguna antolatzea aurreikusten dugu”.

05 / 07 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0