Albisteak

Albistea

Bermeoko 17 tabernek 'Game of Pintxos' ekimena martxan dute, Bermeon zazpi erresumak hedatuz

 

 

Mundu mailan famatua den ‘Juego de Tronos’ telesailak Bermeoko altxorrik preziatuena den Gaztelugatxeko San Juan konkistatu zuen; laster estreinatuko den denboraldi berriaren eszenatokietariko bat izango baita. Oraingo honetan, Bermeoko 17 tabernek martxan jarritako ‘Game of pintxos’ ekimenaren bidez,  Bermeo zazpi erresumen eszenatoki bilakatuko da uztaila eta abuztuko asteburuetan. 

Patxi Erauzkinek, Willi Romerok, eta Esti Aranburuk, Bermeoko Kafe Antzoki, Izaro eta Zubi-Gane tabernetako ordezkariek, hurrenez hurren, ekimen hori aurkeztu dute gaur egindako prentsaurrekoan. 

Azaldu dutenez,  ‘Game of Pintxos’ ‘Delight is coming’ ekimenarekin, Bermeon zazpi erresumak hedatuko dira; izan ere, taberna bakoitza etxe, izaki edota orden baten ordezkari bihurtuko da, eta horrekin lotura duen pintxo berezi bat prestatuko du uztaila eta abuztuko asteburuetan (eguerdian). 

“‘Game of Pintxos’ ekimenean, leinuen artean lehian dagoena pintxoaren tronua izango da, eta zapore borroka horrek irabazle bakarra izan dezake: bezeroaren ahogozoa”, azpimarratu dute antolatzaileek. 

Ekimen honetan honako tabernek parte hartzen dute: Gastropeska (Arryn), Kafe Loidxie (Baelish), Batun Batun (Baratheon), Zubi Gane (Bolton), Julen (Caminantes Blancos), Gure Toki (Clegane), Sarabanda (Greyjoy), Doniene (Guardia de la noche), Etxepe (Tyrrell), Kafe Antzokia (Lannister), Atxetak (Martell), Toki Alai (Mormont), Kai Alde (Stark), Izaro (Targaryen), Irrintzi (Tarly), Jokin (Tarth) eta Al Pecato Di gola (Tully). 

Taberna bakoitzak familia, izaki edota orden baten armarria izango du. Horrez gain, Iker Bengoetxea diseinatzaile bermeotarrak diseinatutako ‘Game of Pintxos’ ekimenarentzat esku-orria egongo da, eta bertan, besteak beste, Bermeon zazpi erresumetako familietako tabernak non kokatzen diren adierazten duen mapa bat ikusi ahal izango da. 

Hortaz, Bermeoko 17 taberna horietan uztailean eta abuztuan, asteburuetan, eguerdietan, zazpi erresumetan murgiltzeko eta ‘Juego de Tronos’en gaiarekin lotutako pintxo bereziak dastatzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek. Horrela, antolatzaileek pertsonak guztiak gonbidatu dituzte Bermeora, negua heldu orduko udarekin eta pintxoekin gozatzera, hain zuzen ere. 

 

Bestalde, Bermeoko Kafe Antzokiak uztailaren 10etik 14ra, astelehenetik barikura, 18:00etatik aurrera, ‘Game of the thrones’ VI. Denboraldiaren maratoia hartuko du. Sarrera dohainik da, eta telesail hori gustuko dutenek ezinbesteko hitzordua dute Kafe Antzokian. 

06 / 07 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0