Albisteak

Albistea

Bermeon jarduera fisikoa sustatzeko plan bat egin dute Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak elkarlanean

Plan horren barne 30 ekintza aurreikusten dira eta horien artean ibilbide osasuntsuak diseinatu dira Bermeon adin guztietako pertsonei zuzenduta

 

Bermeon jarduera fisikoa sustatzeko plan bat egin dute Bermeoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak elkarlanean; izan ere, jarduera fisikoa areagotuz biztanleria aktiboagoa lortzen da, eta horrek osasunean eragin positiboa du.

Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak; Irune Ormaetxeak, Kirol, Turismo, eta Urigintza zinegotziak; Itxaro Zabalak, Bermeoko Kirol Patronatuko zuzendariak; eta Iñaki Merinok eta Agurtzane Paskualek, Bermeoko Osakidetzako arduradunak, eta Isabel Martín eta María José Astillero Osasun Publikoko Eskualdeko zentroko ordezkariak, aurkeztu dute gaur jarduera fisikoa sustatzeko plana prentsaurrekoan.

Azaldu dutenez, plan hori egiteko, lehenengo, egoeraren diagnostikoa egin dute; eta, ondoren, jarduera plana zehaztu dute bost ildo estrategiko kontuan hartuta: azpiegiturak, hiri-plangintza, jarduera fisikoaren sustapena, sozializazioa eta kudeaketa. Ildo estrategiko horien barne, 30 ekimen zehaztu dira, horietariko batzuk jadanik egin dira, besteak lantzen ari dira, eta gainerakoak hurrengo urteetan egingo dira.

Irune Ormaetxeak adierazi duenez, Bermeon jarduera fisikoa sustatzeko planean jasotzen diren ekintzetariko batzuk honako hauek dira: bizikletak aparkatzeko eremua jartzea, jarduera fisikoa egitea sustatzeko azpiegitura zehatza jartzea, espaloietako zintarriak egokitu mugikortasuna errazteko, sentsibilizazio kanpaina, eta tokiko osasun sarea eratzea. 

Horrez gain, Bermeoko Nordic Walking gunea sortzea eta BTT Ibilbideen sarea egitea eta ibilbide osasuntsuen sarea antolatzea ere aurreikusten du plan horrek, eta ekintza horiek jadanik martxan jarri dira. Horrela, ibilbide osasuntsuen sarea aurkeztu dute gaur egindako prentsaurrekoan.

Ibilbide osasuntsuak

Ibilbide osasuntsuei dagokionez, azaldu dutenez, hiru ibilbide osasuntsu diseinatu dira Bermeon: Lamera, Itsas-Gane eta Landabaso. Hirurak  seinaleztatuta daude, eta zailtasunaren maila ere adierazten da (oso erraza, erraza edo zaila).

Lamerako ibilbideak 1,9 kilometrotako distantzia du eta 23 minutukoa da. Itxas-Ganekoa  2,9 kilometrokoa da eta iraupena 35 minutukoa da. Landabasokoa, berriz, 3,5 kilometrokoa da eta 42 minututan egiten da.  

Ibilbide horiek pertsona guztiei zuzenduta daude; baina, bereziki kirol arloan mugak dituzten pertsonei, bai adinagatik bai ezintasun bat izateagatik. “Ibilbide horiek batez ere hiri ingurunean paseatzeko aukera ematen dute eta desnibel gutxi dituzte, jarduera fisiko baxua baina jarraikorra bermatuz. Horregatik, herritar gehienek jarduera fisikoa egiteko oinarrizko tresna bezala erabili ditzakete”, nabarmendu dute.

“Sarritan esaten da ibiltzea ona dela, baina ohiturarik ez daukanari animatzeko baliabideak eta aukerak eskaintzea beharrezkoa dela uste dugu. Horregatik, ibilbide aproposenak diseinatu, seinaleztatu eta horien planoak egin ditugu. Herritarrei ibiltzera animatzeko gonbidapen bat dira eta herritarrek bizimodu aktiboa eta osasuntsua izateko aukera eskaintzen dute”, azpimarratu du Bermeoko alkateak.

Ildo horretan, gogoratu duenez, bizitza osasuntsua izateko elikadura orekatua eta egunero gutxienez 30 minutu ibiltzea gomendatzen da. Hortaz, herritar guztiak ibilbide osasuntsuak egitera animatzen ditugu. Ibilbide horiek jasotzen dituzten plano batzuk argitaratu dira, eta horiek Osasun Bulegoan, Turismo Bulegoan zein Kirol Patronatuan dohainik eskuratu daitezkeela gogoratu du alkateak.

Bestalde, gogoratu dutenez,  Bermeo Euskal Herriko Nordic Walking gune bihurtu da eta zailtasun ezberdina duten Nordic Walking lau ibilbide eskaintzen ditu, herritarrek eta bisitariek kirol horrekin gozatzeko aukera eskaintzen dutenak, osasuna hobetuz eta gure herriko paisaiekin disfrutatuz.

“Bermeon jarduera fisikoa sustatzeko plana epe luzerako plangintza bat da, herriko arlo ezberdinean eragina izango duena (urigintzan, azpiegituretan…) . Diagnostiko bat egin ondoren, hainbat ekintza zehazten dira, eta ekimen horiek guztiak gauzatzeko elkarlanean lanean jarraituko dugu, helburua herri osasuntsuagoa lortzea delako”,  adierazi du Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak.

 

 

07 / 07 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0