Albisteak

Albistea

Googaz ekimena martxan jarriko da Bermeon gazteen proiektu berritzaileak bultzatzeko helburuarekin

Azaroaren 18an herriko arazoei irtenbidea bilatzeko ideia lehiaketa ospatuko da eta talde irabazleak 1.000 euro irabaziko ditu ideia martxan jartzeko

 

Bermeon Googaz ekimen berritzailea martxan jarriko da, gazteen proiektu berritzaileak sustatzeko eta bultzatzeko helburuarekin. Horrela adierazi dute gaur ekimen horren aurkezpenean Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak,  Irati Arrienek, Iratxe Unzuetak eta Juan Larrinagak, Googaz ekimenaren ordezkariek, eta Oskar Baraiazarrak, Echebastar enpresako ordezkariak. 

Ekimen hori Googaz mugimenduak antolatzen du, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin. Bermeoren kasuan, Bermeoko Udalaren eta Echebastar enpresaren laguntza du. 

Arrienek azaldu duenez, Googaz gazteek gazteentzako sortutako ekimena da eta horren xedea da, Bizkaia mailan, gazteei proiektu berriak sortzen laguntzea eta horiek sustatzea. Horrela, Googaz Bizkaiko zazpi herritan martxan jarriko da: Bermeon, Lekeition, Gernika-Lumon, Ermuan, Sopelanan, Bilbon eta Barakaldo azaroan, abendu eta otsailean. 

Horietan guztietan herrietako arazoei irtenbideak bilatzeko ideia lehiaketak,  Googaz Boloak izenekoak, egingo dira, eta, ondoren, herri guztietako irabazleek Bizkaiko kopa txapelketan parte hartuko dute. Googaz ekimena Bermeon hasiko da; izan ere, lehenengo lehiaketa Bermeon egingo da azaroaren 18an, zapatuan, Kabidxen, goizeko 10:00etan hasita. 

“Herriko arazoei irtenbidea bilatzeko Googaz boloak honetan hiru-bost laguneko taldeetan batuko gara herriko arazoei buruz hitz egiteko”, adierazi du Arrienek. Hitzordua 10:00etan da, eta, lehenik behin, Googaz ekimenaren azalpenak emango dituzte antolatzaileek. 

“Ondoren, 10:30ean ginkana bat egingo da; hau da, herriko arazoei buruz pentsatzen dutenari buruz hitz egingo dute bertaratutako gazteek; eta hurrengo pausoa konponduko dugun erronka/arazoa definitzea izango da”, azaldu du Arrienek. 

12:30ean brainstorming-en txanda izango da, dinamika eta erreminta ezberdinen bidez sormena landu eta ideiak sortuko dituzte parte hartzaileek; izan ere, antolatzaileen esanetan, “ideia berri eta ezberdinak izateko, zoro izatea ezinbestekoa da”. Erronka/arazoa definituta eta ideiak izanda, irtenbideari forma eman beharko diete taldeek, martxan jartzeko prest egon dadin.  Mokadu bat hartu ondoren, 15:00etan taldeek aurrera ateratzeko plana egingo dute eta bideragarria den aztertuko dute, eta, ostean, epaimahaiaren aurrean proiektuen aurkezteko momentua izango da. 

Epaimahaia Googaz ekimeneko, Bermeoko Udaleko eta Echebastar enpresako ordezkariek eta Bermeoko gazte ekintzaile batek osatuko dute. Arazoari irtenbiderik egokiena bilatzen dion taldeak 1.000 euro irabaziko ditu Bermeon ideia hori abian jartzeko eta aholkularitza ere bai. Gainera, taldeko irabazle guztiek Bilbao BBK Live jaialdirako sarrerak irabaziko dituzte, Last Tour enpresaren eskutik. 

Lehiaketa honetan banaka zein taldeka izena eman ahal dute gazteek eta parte-hartzeko boloak.googaz.biz helbidean eman behar dute izena. 

Bidegurenek azpimarratu duenez, Bermeoko Udalak ekimen hau antolatzen laguntzen du “Googaz ekimenaren filosofiarekin bat gatozelako, eta ekimen honen bidez hainbat helburu lortzen direla uste dugulako; besteak beste, pentsaera ekintzailea zabaltzea, gazteen gaitasunak eta sormena potentziatzea, eta era fresko eta originalean errealitatea hobetzen laguntzea”. Horrez gain, bere ustez, “ekintzaile, enpresa eta administrazioaren arteko elkarlanaren eredu” da Googaz ekimena. 

“Espero dugu ekimena benetan arrakastatsua izatea, eta horregatik herriko gazteak azaroaren 18an Googaz ekimenaren barne egingo den lehiaketan parte hartzera animatzen ditut. Animatu eta eman izena”, adierazi du Bidegurenek. 

10 / 11 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0