Albisteak

Albistea

Aste Santuan Bermeok bisitari kopuru handia izan du eta ostatuak ia %100ean bete dira

 

Irune Ormaetxeak, Bermeoko Turismo zinegotziak, adierazi duenez, Aste Santuan Bermeok bisitari kopuru handia izan du, izan ere, 1.095 pertsona pasa dira Bermeoko Turismo Bulegotik Aste Santuko egunetan (martxoaren 29tik apirilaren 2ra). Gaztelugatxeko San Juaneri dagokionez, Bermeoko Udalak baselizan informazio puntua jarri du eta bertan 4.136 pertsonei informazioa eman zaie. 

“Hortaz, guztira Bermeoko Udalak jarritako informazio puntuetatik 6.416 pertsona pasa dira, oso datu positiboa, gainera kontuan hartuta bisitariak askoz gehiago izan direla,  izan ere, bisitari guztiak ez dira informazio puntuetatik pasatzen”, azpimarratu du. 

Bisitari gehienak Madril eta Kataluniatik etorritakoak dira, baina munduko hainbat tokitako pertsonek bisitatu dute Bermeo, hala nola, Japon, Filipinak, Hego Korea edota India. 

Bermeoko  ostatuei dagokienez, adierazi duenez, jai egunetan ia %100eko betetze maila izan dute. Jatetxeen okupazioa ere eguerdietan oso ona izan da eta tabernak ere beteta egon dira egunean zehar. Turismo aktiboaren kasuan,  besteak beste, itsas irtenaldiak oso harrera ona izan dute, aukera erakargarria baitira gure herria bisitatzen dutenentzat. Gaztelugatxe ikusteko ere aukera bikaina eskaintzen dute, itsasoak ahalbideratzen duenean, eta erabiltzaileek oso ondo baloratu dituzte. 

 “Horrez gain, Alde Zaharreko dendetan Barrueta Arte Elkarteko koadroak ere ikusgai egon dira, eta horrek ere aberastu egin du gure denden eskaintza”, gaineratu du Ormaetxeak. 

Ildo berean, Bizkaibusek Gaztelugatxeko San Juanera eskainitako autobus zerbitzuak erabiltzaile asko izan ditu. “Bermeoko Udala oso pozik dago Bizkaibusek zerbitzu hori eskaini duelako; izan ere, Udalaren aldarrikapena izan da. Aurreko bi urteetan Udalak jarri zuen autobus hori turismo jasangarria bultzatzen laguntzen duelako, batez ere jai egunetan inguru horretan sortzen diren trafiko arazoak aurreikusita”, azaldu du Turismo zinegotziak. 

Ildo horretan, adierazi duenez, “zerbitzu hori ezinbestekoa dela uste dugu, Bermeoko Udalaren apustua baita Gaztelugatxe bisitatzeko Bermeon ibilgailua uztea eta Gaztelugatxeraino garraio publikoa erabiltzea”.   

Ormaetxeak adierazi duenez, Aste Santuko turismo datuak “onak” izan dira. Horrela, Bermeoko Udalak turismo jasangarriaren alde egiten duen apustua berretsi du, hain zuzen ere, “gure arrantza herri izaera nabarmendu, gure ingurua eta ondarea zaindu eta mantendu eta, aldi berean, lanpostuak sortuko dituen turismo jasangarriaren aldeko apustua”. “Gaztelugatxeko San Juanek Bermeoko turismoa bultzatzeko eskaintzen dituen aukerak lantzen jarraituko dugu, gainerako erakundeekin”, adierazi du. 

 

03 / 04 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0