Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak suteak prebenitzeko kanpaina martxan du

-Etxe guztietan suteari aurre egiteko esku-orriak banatuko ditu

-Bermeoko Udala eta Bizkaiko suhiltzaileak lanean ari dira Bermeoko Herri Babesa indartzeko

 

 

Bermeoko Udala, Udaltzaingoa, Beruala eta Herri Babesarekin elkarlanean, suteak saihesteko eta horiei aurre egiteko plangintza bat lantzen ari da eta, horren barne, beste pauso bat eman du,  suteak prebenitzeko kanpaina martxan jarri du, hain zuzen ere. Kanpaina horren bidez,  Bermeoko etxe guztietan suteak prebenitzeko eta aurre egiteko aholkuak jasotzen dituen esku-orriak  eta herritarrek erantzuteko galdetegi bat banatuko ditu. 

Horren berri eman dute gaur prentsaurrekoan Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateordeak eta Zerbitzuetako zinegotziak; Santi Muruak, Berualako zuzendariak; Eugenio Albonigak, Udaltzaingoaren buruak; Jon Ojangurenek, Herri Babeseko koordinatzaile nagusiak; Patxi Berreteagak eta Isusko Mendizabalek, Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Su itzaltze eta Salbamendu zerbitzuaren ordezkariek;  Beni Barrenak, Seguros Bilbao-ko ordezkariak, eta, Jokin Zubietak,  Vost Euskadi elkarteko ordezkariak. 

Horrela, Bermeoko Udalak, Seguros Bilbao eta Bizkaiko suhiltzaileen laguntzarekin, egindako 8.000 esku-orritik gora banatuko dira Bermeoko etxe guztietan eta horietan honakoak jasotzen dira: sua saihesteko eta etxeko suteei aurrea hartzeko aholkuak, sua denean deitu beharreko telefono zenbakiak (112 Larrialdiak eta 092 Udaltzaingoa), eta sute baten aurrean gure etxearen  edota eraikinaren egoera zein den ezagutzeko galdetegia. 

Ibarrolazak herritar guztiak esku-orria irakurtzera animatu ditu eta bertan aipatzen diren aholkuak jarraitzera, euren inplikazioa ezinbestekoa baita kanpaina hau eraginkorra izateko. Esku-orriarekin batera galdetegi bat egongo da eta horren helburua da herritarrarengan eta komunitateetan hausnarketa bat sortaraztea, su batean aurrean euren eraikin zein etxebizitzek dituzten hutsuneez ohartzeko eta horiek konpontzeko eta neurriak hartzeko. “Galdetegi horiek betetzea oso garrantzitsua da”, gaineratu du alkateordeak. 

Esku-orriez gain, kanpaina honen berri Udalaren webgunean (www.bermeo.eus) eta Udalaren sare sozialetan ere emango da (#SuterikEz). Ibarrolazak gogoratu duenez,  2010. urtetik gaur arte, Alde Zaharrean 44 sute izan dira eta 99 beste leku batzuetan; hau da, guztira 143. Horregatik, kanpaina hau “ezinbestekoa” dela azpimarratu du. 

Ildo horretan, Muruak azaldu duenez, “Bermeoko Udalean suteak sortu izan diren bakoitzean horrek dakarren ondorio guztiei aurre egiten laguntzeko prest egon gara eta egongo gara”. “Kanpaina honekin suteak murriztea espero dugu eta horrela suteak eragiten dituen ondorio larri guztiak saihestea ere bai”, gaineratu du. 

Berualako zuzendariak kanpaina honetan “elkarlana” eta “eragile ezberdinen ekarpenak oso garrantzitsuak” direla azpimarratu du eta “eraginkorra” izatea espero duela nabarmendu du. Horrela, zehaztu duenez, kanpaina hau Bermeon zein beste herri batzuetarako eredu izatea da helburu bat, suteak saihesteko eta bizitzak salbatzeko xedearekin. 

Era horretan, Jokin Zubietak azaldu duenez, Vost Euskadi elkarteak bere sare sozialen bidez ere Bermeoko kanpaina zabalduko du Euskadi mailan, ahalik eta hedapen gehien emateko xedearekin. Gainera, Vost Euskadi elkarteak abenduaren 15ean ke detektagailuak eta su-itzaltzaileak ezartzeko beste kanpaina bat abiaraziko du eta Bermeoko Udalaren helburua da baita ere mota horretako ekimen bat martxan jartzea; izan ere, ke detektagailuak eta su-itzaltzaileak tresna garrantzitsuak dira suteei aurre egiteko eta zauriturik ez izateko. 

Bizkaiko suhiltzaileekin lankidetza 

Aipatutako kanpainez gain, Ibarrolazak eta Berreteagak azaldu dutenez, Bermeoko Udala Bizkaiko suhiltzaileekin elkarlanean dago aspaldi, suteen aurrean erantzuna hobetzeko, eta zehazki, Alde Zaharrean sute bat dagoenean, protokoloa hobetzeko, eta suhiltzaileen erantzuna ahalik eta hoberena izateko. Era horretan,  Herri Babesa indartu nahi dute; izan ere, Bermeon sute bat sortzen denean ezinbestekoa da herrian bertan medioak izatea horri aurre egiteko, sute batean ahalik eta arinen esku hartzea funtsezkoa baita. 

Horrez gain, hainbat bilera izan ditu Bermeoko Udalak Bizkaiako suhiltzaileekin. Esate baterako,  suhiltzaileen eskaladun kamioiak Bermeoko hainbat toki bisitatu zituen (Alde Zaharra, Zarragoitxi, Itxas Begi, Kurtzio…) tokian bertan eskala sartzen den konprobatzeko eta aukerak bilatzeko. Horren ondorioz, Ibarrolazak adierazi duenez, Bermeoko Alde Zaharreko hiri altzari batzuk kentzea erabaki dugu eta gainerako oztopoei zelan aurre egin  aztertzen ari gara. 

Suteei aurre egiteko “guztion arteko elkarlanaren garrantzia” goraipatu du Ibarrolazak; “erakunde, elkarte, enpresa zein herritarrena; izan ere, guztion inplikazioa beharrezkoa da segurtasuna bermatzeko”. #SuterikEz

 

 

13 / 12 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0