Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak Berdintasunaren II. Plana (2019-2022) onartu du

Bermeoko Berdintasunerako II. Planak guztira lau ardatz, 16 helburu eta 97 ekintza jasotzen ditu

 

 

Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna Udalaren helburu izanik, Bermeoko Udalak Berdintasunaren II. Plana (2019-2022) onartu zuen aho batez azken Osoko Bilkuran, urtarrilaren 30ean. Plan horren helburua hurrengo lau urteetako herri mailako berdintasun politikak  definitzea da. Horregatik, plan horren lanketan emakumeen elkarteek, mugimendu feministak, herritarrek, alderdi politiko ezberdinek eta Bermeoko Udaleko sail ezberdinek parte hartu dute. Emakunderen iritzia ere jaso dugu.

Horrela adierazi dute gaur Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak; Olga Bayónek, Berdintasun teknikariak, eta Bernar Santos eta Loreto Contreras Erroxape Emakumeen elkarteko ordezkariak, Berdintasunaren II. Plana aurkezteko egindako prentsaurrekoan.

Bertan, adierazi dutenez, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana zeharkakotasunaren ikuspegitik landu da, hau da, Udalaren arlo eta zerbitzu guztiek bere gain hartuko dute. Bermeoko Berdintasunerako II. Planak guztira lau ardatz, 16 helburu eta 97 ekintza jasotzen ditu.

“Plan errealista eta praktiko bat landu dugu; jasotzen diren proposamenak aurrera eraman ahal izango dira eta horretarako baliabideak izango ditugu”, azpimarratu du Bidegurenek. Era berean, plan hau guztiz transbertsala izango dela gaineratu du, hau da, programa eta zerbitzu guztietan genero ikuspegia txertatuko dugu.

Plan hori egiteko Bermeoko Udalak gaur eguneko egoeraren diagnostikoa egin du. Diagnostiko horrek herritarrek,  herriko kultur, auzo eta kirol elkarteek, enpresek,  udal langileek, hezkuntza eta osasun arloko eragileek, eta, zelan ez, emakume eta mugimendu feministak berdintasunaren inguruan duten ikuspegia jaso du eta hori kontuan hartu da plangintzaren proposamenak zehazterako orduan.

Diagnostikoa

Diagnostikoari dagokionez, Bayonek hainbat datu eman ditu. Era horretan, adierazi duenez,  bertan argi gelditzen da Udalak hainbat ekimen abiarazi dituela berdintasuna bermatzeko, baina gauzak daudela oraindik egiteko, esate baterako, datuak sexuka jasotzea, berdintasun arloan trebakuntza eskaintzea eta berdintasun ikuspegia udaleko proiektu guztietan txertatzea.

Bestalde, udal ordezkariei dagokienez parekidetasuna dagoela adierazten du, gizonak %53 dira eta emakumeak %47, gainera, udal Gobernuan emakume gehiago daude eta ohikoak ez diren gaiez emakumeak arduratzen dira, esate baterako, hirigintza eta kirola. Auzo alkateen kasuan, ez da parekidetasun hori ematen, izan ere, bi emakume dira auzo alkate eta zazpi gizon.

Era berean, Bermeoko Udaleko langileen kasuan, emakume eta gizonen presentzia nahiko orekatuta dago, hala ere, badaude bi sail maskulinizatuta, Zerbitzuak eta Udaltzaingoa; hain zuzen ere, gainerakoetan emakumeak dira gehiengoa. Azpimarratzekoa da Bermeoko Udalean goi mailako teknikari gehienak emakumezkoak direla.

Ardatzak eta Ekintzak

Diagnostiko hori eta Emakunderen irizpideak kontuan hartuta plana landu da eta lau ardatzak zehaztu dira. Honako hauek dira: Gobernu ona, emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioetan txertatzea legitimatzeaz, aitortzeaz eta bultzatzeaz arduratzen dena; emakumeen ahalduntzea, hau da, ahalduntze pertsonala, kolektiboa, soziala eta politikoa babestea eta sustatzea; ekonomia eta gizarte-antolakuntza eraldatzea, eskubideak bermatzeko eredu sozial iraunkorragoa eta berdinzaleagoa laguntzeko eta emakumeen aurkako indarkeria gabeko herria, sentsibilizazioa, prebentzioa, detekzioa, arreta, berroneratzea eta erakundeen arteko koordinazioa sustatuz.

Ardatz horien inguruan ia100 ekintza proposatzen dira II. Berdintasun planean 2019tik 2022ra artean garatuko direnak. Ekintza horien artean planean berdintasun teknikariaren lanpostua egonkortzea, ordezkari politikoek kode etiko bat sinatzea, Gizonduz: sentsibilizazio eta formakuntza programa bultzatzea, eta Berdinsarean atxikitzea aipatzen dira.

Era berean, Berdintasunerako Emakumeen Kontseilua sortzea proposatzen da. Ildo horretan, Bidegurenek argitu duenez, “Bermeoko Udala eta emakumeen taldeak eta mugimendu feminista elkarlanean urte bete inguru gaude berdintasunerako kontseiluaren eraikuntzan eta epe laburrean aurkeztea aurreikusten dugu”.

Horrez gain, Bidegurenen esanetan, gure helburuak dira “hezkidetza mahaia osatzea, indarkeria sexista jasan duten emakumeen arreta hobetzea eta jabetze eskola eta emakumeen etxea sortzea”.

 “Eremu formaletan emakumeek aukera berdinak izateko aurrerapausoak eman diren arren, abiapuntu ezberdinetatik abiatuz, oraindik oztopo edota muga handiak daude benetako berdintasuna lortzeko. Jendarte harreman eredu berriak eraiki behar ditugu danon artean eta hau ez da batere erraza, beste gauza bat ezagutu baitugu.  Horregatik ikuspuntu feminista txertatzea behar- beharrezkoa dela ikusten dut gure egiteko guztietan”, azpimarratu du.

 

14 / 02 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0