Albisteak

Albistea

Bermeoko Berbalagun egitasmoa itzuli da!

  • Parte-hartzaileek hizkuntza bizia landu eta erraztasuna hartzeko aukera izango dute egunerokoan euskara erabili ahal izateko.
  • Ekimen honen bidez, euskaraz hitz egiteko eta praktikatzeko aukerak ematen zaizkie parte-hartzaileei eskolatik eta euskaltegietatik kanpo.

Bermeon, 2023ko urriaren 3an.- Bermeoko Udaleko Euskara Sailak urrian jarriko du martxan berriz ‘Berbalagun’ egitasmoa, “ERRAZA DA!” lelopean. Ekimen honen bidez, lagunartean, euskaraz hitz egiteko eta praktikatzeko aukerak ematen zaizkie parte-hartzaileei, eskolatik eta euskaltegietatik kanpo. Izena emateko epea urrian zabaldu da eta urte osoan eman ahal izango da. Berba taldeak urrian hasiko dira elkartzen. Aukera paregabea euskara praktikatu nahi duen edozeinentzat.

Lagunartean euskaraz eginez, hizkuntza bizia landu eta erraztasuna hartzen dute parte-hartzaileek egunerokoan euskara erabiltzeko. ‘Berbalagun’ egitasmoan edonork parte hartu dezake, alegia, praktikaren bidez euskara hobetu nahi duenak edota euskaraz bizitzeko aukera gehiagoren bila dabilenak.

Lagun taldeak osatzeko parte-hartzaileen egutegia, adina eta zaletasunak hartzen dira kontuan. Gainera, eskolatik eta euskaltegietatik kanpo egiten den ekimena denez, mintza taldeak, kafetegian, tabernaren batean edo, besterik gabe, kalean izan dezakete hitzordua. Hau da, ekintzan izena eman dutenek erabakitzen dute non eta noiz egin hizketaldia. Berbalagunek euskara praktikatuz ondo pasatzeko aukera ematen du. Izan ere, aisialdian egiteko egitasmoa da. Modu ludiko eta natural batean Berbalaguneko kideek espazio berriak bilatzen dituzte hitz egiteko.

Egitasmo honen parte izateko bi modu daude. Alde batetik, euskara praktikatu nahi dutenak eta, bestetik, bidelariak, bide hori egiten laguntzen duten pertsonak, hain zuzen ere.

Informazio eguneratua nahi duenak, eskura izango ditu Berbalagunen facebooka (https://www.facebook.com/bermeoko.berbalagun) eta bloga, bertan argitaratzen baitira berri guztiak, hileroko agenda eta izena emateko aukera ere eskaintzen du zuzenean.

Aipamen berezia egin nahi zaio gazteen parte-hartzeari. Iker Bilbao Euskara zinegotziak adierazi duenez “Erronka bezala hartu nahi dugu gazteen parte hartzea eta gazteek Berbalagun egitasmora hurbiltzea, gazteentzat interesgarriak izan daitezkeen ekintzak antolatuko direlako oraingoan ere Berbalagun egitasmoaren barruan; tailerrak, mendi ibilbideak eta abar. Ekintza horiek modu erakargarrian eta praktikoan diseinatzen dira gazteek ere lagunen artean ondo pasatzeko, inguruko bazterrak ezagutzeko eta abar. Azken finean, helburua da gazteek ere aisialdia lagunekin euskaraz izateko aukera gehiago izan eta berbalagun izatea. Horretarako, euren beharrizanak eta gustuak ere hartuko dira kontuan, aisialdiak ere eskaintza ugari eskaintzen dizkigulako euskaraz egiteko, dakiguna freskatzeko, euskara maila hobetzeko eta zelan ez euskaraz ondo pasatzeko”.

Berbalagunen parte hartu nahi duten pertsona guztiek, beraz, Bermeoko AEK (609 462 018) eta Gotzon Garitaonaindia (688 651 491) euskaltegietara, Hizkuntza Eskola Ofizialera (94 618 70 91) edo Bermeoko Udaleko Euskera Sailera (94 617 91 22) deitu dezakete edo baita Berbalagun egitasmoko dinamizatzaileari (607 609 580) ere.

03 / 10 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0