Albisteak

Albistea

Bermeoko Mareak Jaialdiak askotariko kultur ekintzak eskainiko ditu urriaren 15etik 21era bitartean

-Tradizioa eta abangoardia batzen dituen Mareak Jaialdiak bere bederatzigarren edizioa ospatuko du datorren astean

Bermeon, 2023ko urriaren 11an.- Mareak Jaialdiaren bederatzigarren edizioa urriaren 15etik 21era bitartean ospatuko da. Beleza Malandra Ateneo Kulturalak eta MB2000-ak -Bermeoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin- antolatzen duten ekimen honek abangoardia eta tradizioa uztartzen dituzten hainbat arte-diziplinatako ekimenak eskainiko dituzte. Honela, jaialdi honetan, adin eta kultur ezagutza ezberdinetako pertsonak elkartuko dira, munduan zeharreko egitasmo txiki eta ederrez gozatzeko.

Urtero legez, jaialdiak hainbat eszenatoki izango ditu (Beleza Malandra aretoa, Frantziskotarren klaustroa, Kurtzioko eleiza eta Nestor Basterretxea aretoa) eta hamaika ekitaldi kulturalekin (kontzertuak, ahozko narrazioak, proiekzioak…) gozatzeko aukera eskainiko zaie bertaratzen diren pertsona guztiei. Antolatu diren ekimen batzuk doakoak izango diren arren, badira ordaindu beharreko beste hainbat.

Ekintza mordoa programatu dira datorren asterako. Besteak beste, urriaren 15ean, The Exbats Arizonako taldea eta Siglas donostiarrak Beleza Malandra aretoan kontzertua eskainiko dute. Country, folk, revival garagea eta pop soinuak gailenduko dira lehenbiziko jardunaldian. Urriaren 16an, Dr. Maha talde bizkaitarra arituko da R&B klasikoenaz, countryaz eta psikodeliaz Malandra gunea estaltzeko. Urriak 17an, Marie Losie-ek zuzendutako “Genesis eta lady Jayren balada” dokumental interesgarria eskainiko da Nestor Basterretxea aretoan. Urriak 18an, Yurre Ugarte kazetari, gidoilari eta zuzendariak, bere bizipenetan eta psikogeografietan oinarritutako literatur eta musika kondaira bati buruz hitz egingo digu Nestor Basterretxea aretoan.

Horrez gain, Urriaren 19an “Tximista beti hor” proiekzio bitxi, eder eta poetikoa eskainiko da Nestor Basterretxea aretoan baita ere. Urriaren 20an, Oscar Gallardo idazleak “El Fantasma de los Munitiz” liburua aurkeztuko du Beleza Malandra ateneoan. Hori gutxi ez balitz, egun berean gaueko 21:00etan, Anari abeslari ezagunak kontzertu akustikoa eskainiko du Nestor Basterretxea aretoan. Urriaren 21ean, Angel Altolaguirrek, fomatu akustikoz eta elektronikoz betetako ikuskizuna plazaratuko du Frantziskotarren klaustroan. Egun berean arratsaldez, Sir Gawain and the sorgiña ahozko narrazioa helduentzat izango da entzungai klaustroan bertan.

Gaueko 21:00etan, Kurtzioko eleizan “Magia bruta” taldea arituko da pop elektroniko koloretsu eta psikodelikoa txoko berezi horretan zabaldu asmoz.

Bukatzeko, Beleza Malandra aretoak, Edu P. Ausucua-ren (kultur-asaldatzaile nekaezina) DJ sesio psikodelikoa hartuko du.

11 / 10 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0