Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak Gaztelugatxeko San Juanerako bisita gidatuak antolatu ditu Aste Santurako

-Bi ordu eta erdiko bisita gidatuak izango dira Lamerako autobus geltokitik abiatuta; 10:00etan eta 12:00etan egin daitezke erreserbak.

Jakina da Gaztelugatxeko San Juan Euskal Herriko baliabide turistiko  garrantzitsuenetako bat dela, eta bisitari kopuru handia hartzen duela. Kultura eta ingurumen aberastasun handiko ingurunea da, eta guztion artean zaindu beharra daukagu. Modu horretara, aurten ere, Aste Santuan, martxoaren 28, 29, 30, 31 eta apirilaren 1ean, Bermeotik Gaztelugatxeko San Juanera abiatuko den autobus zerbitzua eta bisita gidatuak antolatu ditu Bermeoko Udalak, Turismo Bulegoaren bitartez.

Bisitek hiru helburu nagusi dauzkate: garraio publikoa sustatzea CO2 emisioak murrizteko eta aparkatzeko arazoak saihesteko, bisitariak Bermeora erakartzea, eta hauek Gaztelugatxeko balio naturalak eta historikoak zeintzuk diren lehen eskutik jasotzea.

Bermeoko Turismo Bulegoak hurrengoa eskaintzen du: Bermeotik  Gaztelugatxeko San Juanerako joan-etorria autobusez, gida laguntzailea eta Gaztelugatxera sartzeko tiketaren kudeaketa. Bi ordu eta erdiko bisita gidatuak izango dira, eta 10:00etan eta 12:00etan aterako dira Lamerako autobus geltokitik.

Dagoeneko erreserbak egin daitezke  www.bizibermeo.eus webgunearen bitartez. Nagusiek 10 euro ordaindu beharko dituzte, 6 eta 12 urte bitartekoentzat 3 euro izango da, eta doakoa izango da, berriz, 6 urtetik beherakoentzat. Gehienez, 6 urtetik beherako 2 ume joan ahal izango dira helduen erreserba bakoitzeko. Informazio gehiago behar dutenek Turismo Bulegoan bertan eska dezakete, 94-617 91 54 telefono zenbakira deituta, turismoa@bermeo.eus –era idatzita edo www.bizibermeo.eus webgunean bertan.

Gaztelugatxeko San Juan Bermeoko zati eta esentzia da. Modu horretara, bisita gidatu hauen bitartez, bisitariek Gaztelugatxeko San Juanen nortasuna hobeto ezagutzeko aukera izango dute, bermeotarren sinesmen, erritu eta ohituren bidez; baseliza ere bisitatutako dute.

Era berean, Gaztelugatxeko San Juan inguruko ingurumen-berezitasunak ezagutzeko aukera izango dute erreserba egiten dutenek. Inguru eder horretan, Matxitxako lurmuturra ere badago, bere bi itsasargiekin. Hala, inguruko historiari eta jarduerari lotutako baliabideak eta bitxikeriak ere azalduko dizkiete.

“Ingurune babestu hori guztion artean zaindu beharra daukagu. Zerbitzu honekin Gaztelugatxeko San Juaneko esperientzia bultzatu nahi dugu, ikuspegi ekoturistiko batetik”, adierazi dute Turismo Bulegoko arduradunek.

11 / 03 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0