Albisteak

Albistea

125 urte betetzen dituen Serrats enpresak jasoko du XXI. Arrain Azokako Hegaluze Saria

125 urte betetzen dituen Serrats enpresak jasoko du aurten Bermeoko XXI. Arrain Azokan barikuan emango den XIX. Hegaluze Saria. Epaimahaiak adierazi duenez, sari honekin, “Serrats enpresaren lana eta ibilbidea aitortu nahi da, hau baita Arrain Azokaren helburuetariko bat, Bermeoko kontserba industriaren ahaleginak aitortu eta goraipatu, hain zuzen ere”. 

Horrez gain, Arrain Azokako elkarteko kideek osatzen duten epaimahaiak Serrats enpresak Bermeoren alde egindako apustua baloratu du. Kontserba enpresa honek 1890. urtean Bermeon lehen fabrika sortu zuen portutik 100 metrora eta orain Bermeoko Landabaso industrialdeko 3B partzelan kokatzen da, enpresaren buru Serrats familiako 5. belaunaldia dagoelarik. “Argi gelditzen da Bermeo leku erakargarria izan dela eta horrela jarraitzen duela kontserba lantegientzat eta arrantza munduko enpresentzat”, azpimarratu du.  

Epaimahaiak Bermeon urteetan kalitate bikaineko produktuak egiten dituzten kontserba enpresak ditugula gogoratu du eta aurten, Serrats-ek, 125 urte beteta,  Hegaluze Sariarekin “bere ibilbidea eta egoera berrietara egokitzeko gaitasuna” aitortu nahi izan dio.  

Serrats-ek izan duen esportazio grinaren ondorioz, gainera, Bermeoko produktuak leku askotan zabaldu ditu, horrela Bermeoko herriaren izena zabalduz kalitatezko produktuekin.  

“Arrain Azoka elkartearentzat pozgarria da Bermeoko Arrain azokaren barne herriko enpresak errekonozitzea, hau delako Arrain Azokaren helburuetariko bat, gure enpresen ahaleginak eta ondo egindako lana aitortzea eta jakinaraztea”, adierazi du.  

Hegaluze sariarekin ekintza puntual edo jarraipen profesional bat saritu nahi da, Bermeoren izena zabaldu eta goratu duenari edo herriaren alde lan egin duenari. Hegaluze Saria Itsuki Irratiak antolatzen du Arrain Azoka Elkartearen babesarekin. 

Serrats enpresak barikuan jasoko du Hegaluze Saria Nestor Basterretxea aretoan 12:30ean egingo den ekitaldian. 13:00etan Lameran inaugurazio ekitaldia izango da eta bertan Idurre Bideguren Bermeoko alkateak, eta erakunde ezberdinetako eta enpresetako ordezkariek parte hartuko dute.  

XXI. Arrain Azokako 20 erakustokiak barikuan goizeko 11:00etan irekiko dira eta  hiru egunetan zehar kontserbak dastatu eta erosteko, jai giroaz gozatzeko eta programa zabal batekin disfrutatzeko aukera egongo da Bermeon.

 

 

 

12 / 05 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0