Albisteak

Albistea

Bermeoko Udala Jaioberrien Liburua banatzen hasi da

 

 

  • 2019an jaiotako 106 bermeotar txikiei euren bertsoak batzen dituen liburua banatzen hasi da eta datozen egunotan jasoko dute
  • Aurten, gainera, bideo labur bat ere prestatu da, hainbat testigantza jasotzen dituena: gurasoena, bertsolariena eta 17 eta 18 urte bete dituzten gazte birena

Bermeon, 2020ko abenduaren 18an.- Aurten ez da Bermeoko Jaioberrien Liburua banatzeko ekitaldirik egingo. Hala ere, Bermeoko Udalak ez zuen 2002az geroztik martxan dagoen ekimen polit hau bertan behera utzi nahi. Hau dela eta, 2019an jaiotako 106 bermeotar txikiei euren bertsoak batzen dituen liburua banatzen hasi da eta datozen egunotan jasoko dute. Liburuan jasotzen dira ume bakoitzaren izen-abizenak, jaiotze-data, bertso-papera eta argazkia.

Eskualdeko hainbat bertsolari batzen dituen Lilibertso Bertsolarien Elkartearen ardura da bertso pertsonalizatu horiek egitea, udalarekin sinatuta duten hitzarmenaren bitartez. Urteko bertso guztiekin, liburua osotzen da eta, normalean, Euskararen Egunaren inguruan aurkezten da Kafe Antzokian antolatzen den jaian. Aurten, indarrean dauden segurtasun eta osasun neurriek ez dute aukerarik eman jaia antolatzeko baina ekimena aurrera eraman da, ohitura ez galtzeko.

Ekimen honen helburuak dira, besteak beste:

-          Euskararen transmisioaz gurasoak sentiberatzea. Alde batetik, euskaraz dakiten gurasoek seme-alabei euskara transmititzea bilatzen da eta, bestetik, euskara ez dakitenek, euskararenganako motibazioa piztea.

-          Euskararenganako maitasuna sustatzea. Umeak bertsoaren hartzaile dira, euren logelan izaten dute koadroa eta liburua, berriz, eskuetan.

-          Bertsoaren indarra, euskal kultura, herri baten parte izatea, zeharka sustatzen dira ekimen honen bidez.

Aurten, gainera, nobedade modura, bideo labur bat ere prestatu da, hainbat testigantza jasotzen dituena: gurasoena, bertsolariena eta 17 eta 18 urte bete dituzten gazte birena. Bideoa abenduaren 30etik aurrera egongo da ikusgai Bermeoko Udalaren Euskera Sailaren Youtubeko kanalean.

 

21 / 12 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0