Albistea
Bermeoko Udaleko Gazteentzako Informazino Zerbitzuak aisialdiko begirale ikastaroa antolatu du datorren ikasturteari begira, Gaztetxo Eskolarekin batera. Ikastaroa, aurtengo irailaren 28tik 2020ko apirilaren 25era arte izango da, 12 asteburutan. Izena ematea irailaren 20ra arte edo eskainitako gehienezko plaza kopurua bete arte egongo da zabalik GIZen, Bermeoko Gizarte eta Kultura etxean.
Eskolak bariku arratsaldeetan (18:30-21:00) eta zapatuetan (10:00-14:45/16:00-18:30) izango dira Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean. Derrigorrezkoa izango da 12 saioetara joatea, izan ere, baten batera falta izanez gero, ez da titulurik tramitatuko eta datorren ikasturtean errekuperatu beharko da.
Ikastaroaren atal teorikoak 150 orduko iraupena izango du. Atal hori amaitutakoan, ikasleek 160 orduko praktikak egin beharko dituzte.
Praktika horiek Udalaren gazteria zerbitzuetan egiteko aukera egongo da (Gaztelekua eta Ludoteka), lekua egonez gero. Bestela, Gaztetxo Eskolak kudeatzen dituen udalekuetan edo norberan kabuz burutu beharko dira.
Titulazio ofiziala
Eusko Jaurlaritzaren Aisialdiko Begirale titulua lortzeko, beraz, ikasturtearen 12 ikastaro edo saioetan parte hartzeaz gainera, aipatutako praktikak garatu beharko dira.
Ikasleek 18 urte izan beharko dituzte begirale praktikak gauzatzeko edota atal teorikoa bukatzen denerako. Hau da, 2020ko ekainerako 18 urte beteta izan beharko dituzte, izan ere, derrigorrezkoa da 18 urte beteta izatea praktikak egiteko eta titulua tramitatzeko. Bestetik, ikasleak euskaldunak izan beharko dira, ikastaroa euskaraz izango baita.
Ohi bezala, izena ematerakoan eta taldea osatzeko unean 35 urtera arteko gazte bermeotarrek izango dute lehentasuna, izan ere, ikastaroak 25 lagunentzako lekua dauka, gehienez.
Matrikularen prezioari dagokionez, 35 urte baino gutxiago duten bermeotarrek diru-laguntza jasoko dute aurreko urteetako moduan. Horrela, Bermeon erroldatutako 35 urtera arteko gazteentzat 350 euro izango da eta Bermeon erroldatutako 35 urtetik gorakoentzat eta beste herrietakoentzat 430 euro. Matrikularen barne aterpetxeetako hiru asteburuak sartuta egongo dira.
Izena eman nahi dutenek Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxeko lehen solairuan kokatuta dagoen Gazteentzako Informazio Zerbitzura joan beharko dute. Ikastaroari buruzko informazio gehiago eskuratzeko ere GIZera hurreratu beharko dira (Tel.: 946179158 – e-posta: giz@bermeo.eus – Webgunea: www.gizbermeo.blogspot.com ).
010 (94 617 91 00)