Albistea
Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, azaldu duenez, Bermeoko Udalak aurten aurrekontu luzatua izango du eta horrekin “herriak dituen erronkei erantzuna emango diogu”; izan ere, aurten sarrerak %9,6an handitzea aurreikusten da eta, beraz, 19.626.687 euroko aurrekontua izatea, iaz baino 1,6 milioi inguru gehiago.
“Gure lehentasuna herritarrak izango dira eta euren beharrizanei erantzuna ematea. Horrela aurrekontuen helburuak izango dira bizi kalitatea hobetzea eta herritarren parte hartzea proiektu ezberdinetan bermatzea”, azpimarratu du. Ildo honetan, gogoratu duenez, iaz aurrekontuen parte hartze prozesu bat martxan jarri zen eta “horretan argi gelditu ziren herritarren beharrizanak eta lehentasunak eta horiek burutzea izango da gure iparra, hain zuzen ere”.
Alkateak azaldu duenez, “irailetik hona lan handia egin dugu aurrekontuei dagokienez, abenduaren 4an aurkeztu genuen lehenengo zirriborroa, eta oposizioari euren galderak, zuzenketak eta ekarpenak egiteko aukera eman genion”. Ildo honetan, gaineratu duenez, “ahalegin handiak egin ditugu, hainbat bilera izan ditugu, eta aurrekontuak onartzeko data hainbat aldiz atzeratu dugu, adostasunak lortu nahian”.
“Azken zirriborroa, euren proposamen asko txertatu ondoren, martxoaren 9an aurkeztu genien, baina oposizioko alderdiek desadostasuna adierazi zuten; hortaz, aurrekontu luzatuak izango ditugu aurten”, zehaztu du.
Bidegurenek azaldu duenez, EAJk 17 emendakin aurkeztu zituen eta Udal Gobernuak bederatzi onartu zituen. Guzanen kasuan euren proposamenen %70a onartu zuen Udal Gobernuak. 28 aurkeztu zituzten, 5 bertan behera gelditu ziren, arrazoi ezberdinengatik, eta 16 onartu zizkien.
“Gure borondatea hasieratik eta amaiera arte akordioa eta adostasuna lortzea izan da, baina, zoritxarrez, desadostasuna agertu dute”, esan du. “Pena bat izan da oposizioan dauden kideen inplikazioa proiektu eta erronka ezberdinetan garrantzitsua dela uste dugulako”, gaineratu du.
Izartu
Izarturen kasuan, Bermeoko alkateak alderdi honek bere jarrerekin erakutsitako “desleialtasuna” eta “maltzurkeria” salatu du; izan ere, “udal gobernua erasotzeko edozer gauza egiteko gai dela erakutsi du, besteak beste, herriko ikastetxe baten kontra egitea, gezurrak zabalduz”.
Ildo honetan, adierazi duenez, Udal Gobernuak, Izarturekin negoziatzeko eta akordioak lortzeko nahiarekin, aurrekontuen inguruan landutako zirriborroa aurkeztu zion, Izartuk bere emendakinak egin ahal izateko. “Izartuk, konfidentzialtasuna apurtuz eta araudiaren kontra eginez, zirriborro hori publiko egin zuen, eta gainera, gardentasuna ez bermatzeko letra txikiz eta euskeraz dagoela esan zuen Izartuk”, azaldu du.
Alkatearen esanetan, “batetik, zirriborro hori, zirriborroa den heinean, bere helburua ez da publikoa egitea, baizik eta lan egiteko erabiltzea, eta momentu horretan publikoa egitea araudiaren kontra doa; baina larriena da alkatearen zirriborroa aurkezteko legitimitatea alkateak berak daukala eta Izartu ez da inor hori publiko egiteko”. “Hori jakinik, euren adierazpenak maltzurkeria erakusten digute, errespetu falta bat izan dira”, nabarmendu du. Bestetik, Bidegurenek argitu duenez, “azken 20 urteetan aurrekontuak programa berdinarekin landu izan dira, hau da, letra berdinarekin eta euskaraz”.
“Baina Izarturi denak berdin dio, bere lana Udal Gobernua erasotzea da eta horretarako berdin dio gezurrak esatea eta baita ere herriko eskola zentro baten kontra egitea”, adierazi du. Ildo honetan, Bidegurenek gogor kritikatu du Izarturen jarrera Eleizalde ikastolarekiko. “Lehenik eta behin, Izartuk ez digu inoiz galdetu zergatik bideratzen zaion ikastolari diru hori, galderak egiteko aukera guztiak izan dituen arren, eta sare sozialen bidez gezurrak eta difamazioak zabaltzen aritu izan da”, salatu du alkateak.
Bidegurenek argitu duenez, Bermeoko Udalak akordio historikoa du ikastolarekin espazio ezberdinen erabileragatik; izan ere, ikastolarenak diren hainbat eremu, esaterako, kantxak edo bidea, herritar guztiok erabiltzen ditugu, eta, horregatik, Udalak urtero diru kopuru bat ordaintzen dio ikastolari. Bermeoko Udala, bere eskuduntzen barne, herri eskola eta haurreskolen mantenuaz arduratzen da eta horrek partida garrantzitsua du aurrekontuan. "Beraz, Izartuk egindako ikastetxeen arteko konparazioak maltzurkeri eta faltsukeri hutsa dira", gaineratu du.
“Izartuk bere gezurrekin Eleizalde ikastolaren kontrako kanpaina bat martxan jarri du eta, mesedez, hurrengoan erantzukizunarekin eta zen onarekin jokatzeko eskatzen diogu Izarturi, denak ez du balio udal gobernuari min egiteko”, salatu du alkateak. “Espero dugu, benetan, horrelako jarrerarik ez errepikatzea herriaren kontra egitea eta krispazioa sortzera suposatzen dutelako”, gaineratu du. Ildo horretan, “espiritu eraikitzailea” aldarrikatu du alkateak.
Aurrekontuak
Bestalde, aurrekontuei dagokienez 2018ko erronkei erantzuna emango diela adierazi du. Horrela aurrekontu luzatuekin merkataritza, enplegua eta turismoa bultzatuko ditugu. ‘Bermeo World Tuna Capital’ proiektua lehentasuna izango da eta, era berean, “lehen sektoreko erosketa gune erreferentea izateko, Bermeoko azokaren egoera hobetzen jarraituko dugu eta merkatari eta ostalarien lehiakortasuna hobetzeko programekin jarraituko da ”.
“Era berean, turismoa sustatzeko, Gaztelugatxeko San Juanen inguruan Bizkaiko Foru Aldundiarekin lanean jarraituko dugu; eta itsas ondarea balioan jartzeko bultzakada emango diogu ‘Ortuberen lagunak’ taldeari”, gaineratu du.
Horrez gain, berdintasun politikak bultzatzeko apustu sendoarekin jarraituko dutela aipatu du eta, bere esanetan, 2017an berdintasun agentea kontratatua, berdintasun plana egitea eta hezkuntza zentroekin lan egitea izango dira lehentasunak. Partaidetza prozesuaren emaitza izan zen umeentzako aterpe gunea ere udarako amaitzea asmoa dela azpimarratu du alkateak.
Halaber, aurrekontuek Alde Zaharra biziberritzeko estrategiarekin jarraitzea aurreikusten dutela adierazi du, eta horren barne honako proiektuak nabarmendu ditu: Udaletxea berriztatzeko hirugarren fasea, Bekoportale proiektua, Tonpoiaren edertze ekintza plana, Alde Zaharreko plan berezia, gazteek Alde Zaharrean alokatzeko diru-laguntzak, besteak beste.
“Herritarren bizi kalitatea hobetzea ere lortu nahi dugu gure aurrekontuarekin eta, hori lortzeko, gure herrian irisgarritasuna bermatzeko lanean jarraituko dugu, eta aurten Zarragoitxin ahalegin bereziak egingo ditugu”, azpimarratu du. Ildo beran, adierazi duenez, “herri adeitsua proiektuarekin jarraituko dugu eta integrazio plana landuko dugu”.
Horrez gain, “kirola ere apustu garrantzitsua izango dela” aipatu du, izan ere, “jendarte aktiboa izatea sustatuko dugu eta, besteak beste, gure asmoa da kiroldegian hobekuntza lanak egitea”.
Bere esanetan, “garbitasuna eta herriaren irudia Udalaren beste helburu garrantzitsuak izango dira; izan ere, pauso asko eman ditugu baina lan horrekin jarraitzea beharrezkoa da”. “Auzoetan ere hobekuntzak egitea aurreikusten da”, nabarmendu du.
Udaltzaingoaren kasuan, Plan Estrategikoa landuko dutela azaldu du, “herritarren babeserako zerbitzu eraginkorragoa lortu nahian”. Bermeoko alkateak nabarmendu duenez, aurrekontuek “kudeaketa eraginkorrago, gardenago eta parte-hartzaileago baten aldeko urratsak” ere jasotzen dituzte eta, horrela, administrazioa elektroniko gero eta eraginkorragoa lortzeko eta administrazio aurreratuenen artean jarraitzeko ilusioarekin lan egingo dutela adierazi du.
Bestalde, Bidegurenek esan duenez, “herri bizia nahi dugulako”, 2018ko aurrekontuak herritar guztiak kulturaren parte eta jabe izateko programak lantzen ditu. Horrela, euskararen erabilera indartu nahi da, eta, horregatik, Euskaraldiaren aldeko apustu sendoa egingo dugu aurten. Horrez gain, jaiak eta kultur ekitaldietarako laguntza indartzea aurreikusten da.
“Udal gobernuak aurrekontu luzatuarekin 2018ko erronkei erantzuna emango dio; eta gure helburua izango da egoera sozioekonomikoa indartzea, desoreka sozialei aurre eginez, jarduera ekonomikoak indartuz eta gure herriaren bizitasuna sendotuz. Guzti hau erantzukizunarekin eta herritarren partaidetzarekin egingo dugu”, azpimarratu du Bermeoko alkateak.
010 (94 617 91 00)