Albistea
-Estatuko eta nazioarteko adituek erronkei buruz eztabaidatu dute, eta eztabaida horrek sektorearen balio-kate osoak parte hartu beharreko estrategia bat ekarriko du.
-Helena Orella BTFko zuzendariak Atunaren Jasangarritasunaren aldeko Nazioarteko Adierazpenaren proposamena aurkeztu du.
-Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi duenez, Euskadik «ingurumena errespetatuz arrantzatzen jarraitzeko oinarriak ezarri nahi ditu».
Bilbo, maiatzaren 2a. Bilboko Euskalduna Jauregian, Bermeo Tuna Forumen (BTFren) lehen edizioa egin da. Nazioarteko topaketa horretan, hainbat erakundetako eta zientzia-organismotako eta arrantza-industriako ordezkariak elkartu dira atunaren jasangarritasunaren aldeko konpromisoa hartzeko. Munduan kontsumitzen den proteina basatiaren % 25 da atuna. Ignacio Serrats Bermeoko Tuna World Capital (BTWC) elkarteko —ekitaldia antolatu duen erakunde publiko-pribatuko— lehendakariaren hitzek eman diote hasiera foroari. «Gaur egun, Bermeok markatzen du atunaren jasangarritasunerako bidea, balio-kate osoarekin eta funtsezko oinarri batekin, zientziarekin, alegia. Dena da posible, estrategia onak ditugu, baina, emaitza ona lortuko badugu, ondo lan egiteko gai izan beharko dugu, eta defendatzen dugun guztia lanarekin, gogoarekin, konpromisoarekin eta ausardiarekin kutsatu gizarteari»
Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak, berriz, atunaren arrantzaren sektorearen garrantzia gogorarazi die parte-hartzaileei; izan ere, sektore horrek «zuzeneko 1700 enplegu eta zeharkako 3.000 sortzen ditu Euskadin, eta 1.550 milioi fakturazioa du urtean». Bermeo da horren adibide, udalerri horretako flotak, bakarrik, munduko tunido tropikalen urteko harrapaketen % 10 egiten baitu. Halaber, aintzat hartu du BTWC 2018an sortu zenetik gaur egunera arte arrantzaren jasangarritasunaren alde egiten ari den lana. Elkarte horretan parte hartzen duten 41 erakundeek «ahalegin handia egin dute foro hau antolatzeko, eta ekitaldiak lehen aldiz lotu ditu 2030 Agendako GJHak atunaren arrantza jasangarriarekin».
Ongietorri-ekitaldia amaitzeko, Idoia Platas Bermeoko Udaleko alkateordeak hartu du hitza. Bere hitzaldian nabarmendu duenez, BTF foroa egitea «erronka bat izan da, baina aukera bat ere bada Bermeoko posizionamenduaren eta nazioartekotzearen ikuspegitik». Atunaren Jasangarritasunerako Hirien Mundu Aliantzari dagokionez —bihar sinatuko da Bermeon—, hau adierazi du: hitzarmen horren bidez, «sektorearen erronka nagusiak identifikatzea eta konponbide globalak bilatzea espero dugu, tokiko errealitatea eta ezagutza zientifikorik onena oinarri hartuta».
Inaugurazio-ekitaldia
Inaugurazio-ekitaldian, Gabriel Ferrero Munduko Elikagaien Segurtasun Batzordeko lehendakariak ere parte hartu du. Arrantza-jardueraren eraldaketa jasangarrirako giltzarriak berrikusi eta BTWCren lana, Adierazpena eta Atunaren Jasangarritasunerako Hirien Mundu Aliantza goraipatu ondoren, bere konpromiso pertsonala azaldu du, «gaurtik bertatik esperientziaren berri emateko, uste osoa baitut benetan beharrezkoa dela munduko beste leku batzuetan Euskadin egiten dena egitea; Euskadiren esperientziak antzeko eraldaketa-prozesuak susta ditzake».
Gabriel Ferrerok bere hitzaldia amaitutakoan, atunaren jasangarritasunak berekin dakartzan erronkei ikuspuntu desberdinetatik heltzeko antolatutako bost mahai-inguruetako lehena egin zen. Hartan, Izaskun Bilbao Europako parlamentariak Europan zer gertatzen ari den azaldu du: «gero eta kontakizun oldarkorragoa dago gure jardueraren kontra, egiten dugunarekin batere zerikusirik ez duena, jasangarritasun-irizpideak betetzen ez dituzten herrialdeen aldetik». Gainera, erantsi du sektorea legez kanpoko arrantzaren aurkako borrokarekin konprometituta dagoela; «egunero frogatzen du jarduketen, inbertsioen eta balioen bidez, baina beharrezko ditu estatu kideen lankidetza eta koherentzia».
Mahai-inguruan, hainbat erakundetako adituek nazioarteko gobernantzak sektorearen garapen jasangarrian duen zeregina aztertu dute. Kim Stobberupek, FAOko Common Oceans Tuna Project-eko buruak, Atunaren Jasangarritasunerako Nazioarteko Adierazpena nabarmendu du, «konpromiso garrantzitsu bat, FAOren gobernantzarekin eta 14. GJHarekin bat datorrelako». Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Leandro Azkue Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak hitz egin du lehenik; Azti zentro teknologikoaren bidez enpresei «arrantza-baliabidea hobeto aprobetxatzeko» laguntza zientifikoa ematen dietela azaldu du. Ondoren, Jonan Fernándezek, Trantsizio Sozialeko eta 2030 Agendako idazkari nagusiak, azpimarratu duenez, Bermeo Tuna World Capitalek abian jarritako lankidetza-prozesua «Eusko Jaurlaritzak jarduera-sektore guztietan aplikatu nahi lituzkeen GJHen aplikazio-eredua da».
Ondoren, bigarren mahai-ingurua egin da. Ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegietatik jorratu dute jasangarritasuna, eta MSCko programa-zuzendari Nicolas Guichoux izan da gidaria. Oxfam Italiako Enpresa Politiken eta Giza Eskubideen alorretako aholkulari Giorgia Ceccarelliren hitzetan, «gauza asko daude orain egiteko» mundu osoan 22 milioi laguni lana ematen dien jarduera horren jasangarritasun soziala lortzeko. Arriskuak ere bereizi ditu Ceccarellik: batetik, arrantza-ontzietan daudenak, eta, bestetik, eraldatze-instalazioetakoak. Azken horietan, gainera, «langileen % 80 emakumeak dira, eta oso soldata txikiak irabazten dituzte».
Azkenik, sektorearen jasangarritasunerako estrategien inguruko mahai-ingurua hasi da, Norvegiako Nazio Batuen Mundu Ituneko zuzendaria, Knut Moestue, moderatzailea dela. «Jasangarritasunerako bidean garrantzi handikoa da bidezko trantsizioa egitea, sektoreko langileek etorkizun esperantzagarria izan dezaten; aliantzak eta lankidetzak finkatuta soilik sortu ahalko dugu konfiantza, eta gardenak izanda soilik salbatu ahalko ditugu bizitzak», esan du.
Adierazpenako aurkeztea
Foroak bihar izango du jarraipena, Bermeon. Gaurko ekimenik garrantzitsuena honako hau izan da: Atunaren Jasangarritasunaren aldeko Nazioarteko Adierazpena aurkeztea, BTFko zuzendari Helena Orellaren eskutik. Agiria bat dator Nazio Batuen 2030 Agendarekin eta Garapen Jasangarrirako 17 helburuekin, eta 15 konpromiso jasotzen ditu, jasangarritasunari hiru alderdi hauek aintzat hartuta heltzen diotenak: «erosketa arduratsua egiteko benetako aukerak eskaintzea, arrantza ustiatu eta kudeatzeko araudi eta kontrol eraginkorrak eskatuko dituztenak, legez kanpoko jarduerak eragozteko, eta trazabilitate-sistema sendoak izateko beharra finkatuko dutenak».
Horrez gain, helburu hauek hartzen ditu barne BTWCk egindako proposamenak: aldeen arteko lankidetza, itsas arrantzaren inguruko informazioa, ikerkuntza eta berrikuntza hobetzeko; lan duina eta genero-berdintasuna defendatzea, eta artisau-arrantzako komunitateak babestea. «Azken batean, itsas ingurunea, bertako baliabideak eta hornidura-kate konplexu eta zabal horren parte diren pertsona eta komunitate guztiak babesteko eta zaintzeko konpromisoak dira», laburbildu du BTFko zuzendariak.
Helena Orellak «atun-sektorearen parte-hartze aktiboa eta arduratsua» eskatu du, «komunitate zientifikoarekin, arlo teknologikoarekin eta GKE adituekin batera irtenbide bateratuak emateko», eta, horrela, nazioartean aintzat hartu beharreko agiri horretan ezarritako helburuak lortzeko. Amaitzeko esan duenez, «lan partekatu honek eskaintzen dituen aukerak gauzatzen jakingo ahal dugu, amets hau planetako ozeano eta bazter guztietara eramateko!».
Orellak Iñigo Urkullu lehendakariari eman dio sinbolikoki Atunaren Jasangarritasunaren aldeko Nazioarteko Adierazpenaren proposamena, eta lehendakariak berak itxi du foroaren goizeko saioa. «Euskadik 2030 Agendarekin duen konpromisoa» nabarmendu du Urkulluk, «haren helburuekin bat gatozelako». Gainera, «gesalak baldintzatu du gure izaera, eta gure jarduera ekonomikoaren funtsezko osagaia izaten jarraitzen du», gogorarazi du. Hori dela eta, «arrantzaren munduan erreferente bat izaten jarraitu nahi dugu, eta oinarriak ezarri, jarduera horrek ingurumena babesten jarrai dezan», azpimarratu du. BTWC «Euskadin hain ondo ezagutzen dugun lankidetza publiko-pribatuaren eredu gisa» goraipatu du Urkulluk, eta hau erantsi du: «Gaur nazioarteko konpromiso bat planteatzen dugu: guztiontzako joko-arau berberak». Hori dela eta, «Bermeon sortu dugun Adierazpena bere egin eta zabal dezala» eskatu dio Nazio Batuen Erakundeari.
Ciudades del atún y embajadores de BTF
Arratsaldean, atun-sektoreak haien ekonomian duen garrantziagatik nazioartean ezagunak diren lau herritako ordezkariak izan dira mahai-inguru batean: Maitane Leizaola (Bermeo), Agustín Intriago (Manta/Ekuador), Philippe Micheaud (Victoria/Seychelles) eta Archie Soliai (Pago-Pago/Amerikako Samoa). Eztabaida horrek bidea emango dio, bihar, Atunaren Munduko Hirien Aliantza sinatzeari. Lau herri horiek ez ezik, Majurok (Marshall Uharteak) eta Concarneauk (Frantzia) ere bat egingo dute itunarekin.
Bermeo Tuna Forumeko enbaxadoreek eman diote amaiera ekitaldiari: Michelin izarren jabe diren nazioarteko lau chefek, hots, Eneko Atxak (Azurmendi), Ángel Leónek (Aponiente), Aitor Arregik (Elkano) eta Ana Rosek (Hisa Franko) euren bezeroei eskaintzen dieten atunaren jatorri jasangarriari ematen dioten garrantzia azpimarratu dute.
Azkenik, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Ignacio Serrats BTWCko lehendakariak eman diote itxiera Bermeo Tuna Forumaren lehen edizioari.
010 (94 617 91 00)