Albisteak

Albistea

Landabasoko poligonoko BM supermerkatuan olioa batzeko edukiontzia jarri da

 

 

Bermeoko Landabaso poligonoko BM supermerkatuan olioa batzeko plastikozko edukiontzi laranja bat jarri da. Horrela, erosketak egitera doazen pertsonek olioa birziklatzeko ere aukera izango dute.   

Supermerkatu horretako edukiontziarekin hamar dira jadanik Bermeon etxeko olioa birziklatzeko dauden edukiontziak. Horiek udalerriko hainbat tokitan banatua daude: Kasino aurrean, Goiko plazan, Gonzalo Nardiz enparantzan, Matxitxako Bidean, San Martinen, Tonpoi Bidean, Atalde kalean, Azokan, Artike bidean eta orain Landabasoko poligonoko BM supermerkatuan ere. 

Orain bost urte, Bermeoko Udalak etxeko olio zikina batzeko zerbitzua martxan jarri zuen Rafrinor, S.L. enpresaren laguntzarekin; eta urte hauetan hamar edukiontzi jarri dira hiriguneko leku estrategikoetan, herritarrek eskura eta edozein momentutan erabili ahal izateko. 

Irune Ormaetxeak, Ingurumen zinegotziak, azaldu duenez, sistema horren bitartez, “Bermeon urtero 11.000 kilo olio inguru batzen ditugu; eta, horrela, bio-diesela ekoizteko material baliogarri bat berreskuratzeaz gain, udalerrian sortutako ur fekalen tratamendua ere erraztea lortu dugu”. 

Halere, bere esanetan, “emaitzak hobetu daitezkeela uste dugu, adibidez, olioa batzeko kontenedore txiki bat jarrita udalerriko supermerkatu garrantzitsuenetan”. “Beste udalerrietan esperientzia hau jada martxan jarri da eta herritarren erantzuna oso ona izan da, erosketak egiteko bidaia aprobetxatuz etxeko olio zikina ekartzeko”, azaldu du. 

Horregatik, proiektu pilotu bezala olioa batzeko edukiontzia jarri da BM supermerkatuan, eta “espero dugu emaitzak onak izatea, izan ere, jasangarritasunaren aldeko apustu bat da”.

 

11 / 01 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0