Albisteak

Albistea

Nadia Nemeh Shomaly, Bermeoko alkatea: “Bermeoko eta beste herrietako EAJko boto-emaileak ez dira berdinak?”

  • Gernika Palestina Deialdi Herritarrak martxoan aurkeztutako mozioari Bermeoko EAJko zinegotziek emandako ezetzagatik galdetu du Bermeoko alkateak osoko bilkuran, beste herri batzuetako EAJkoek mozioaren alde bozkatu ostean.

Palestinako egoeragatik kezkatuta, atzoko osoko bilkurako eskariak eta itaunak tartea aprobetxatu zuen Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak, EAJko zinegotziei martxoko osoko bilkuran Gernika Palestina Deialdi Herritarrak aurkeztutako mozioarengatik galdegiteko. Gogorarazi du mozioa Palestinari elkartasuna adierazteko eta Israelekiko boikota eskatzeko mozioa zela, eta gehiengo osoz onartu zela EH Bilduren eta Guzanen aldeko botoekin. Ordutik, Bermeoko Udalak bat egin du Israelekiko boikot ekonomikorako deialdiarekin, eta Israelgo jatorria duten produktuak edota kontrataziorik ez egiteko konpromisoa hartu du.

Bermeoko alkateak ez zuen eta ez du Bermeoko EAJren aurkako bozka ulertzen, beste herri batzuetako EAJkoek mozio berari aldeko botoa eman ostean, eta herri batzuk aipatu ditu: Mundaka, Muxika, Ajangiz, Ea… “Mundakako, Muxikako…eta beste herrietako EAJko boto-emaileak ez dira Bermeokoak modukoak? Zuen boto-emaileek badakite mozioaren kontra agertu zinetela? Agian, zuen oposizio egiteko modu suntsitzailea da: udal gobernuak aurkezten dituen mozioei ezetza eman, sistematizatutako gauza bat modura”, esan du alkateak, ardura agertuta.

Sentimendua

Osoko Bilburan aipatu gura izan du Gernika Palestina Deialdi Herritarra sentimendu batetik jaiotakoa dela: “Gernikak eta Euskal Herriak badakite zer den basakeria, eta horren ostean datozela gezurrak eta iruzurrak. Euskal Herrian badakigu zer den hildakoak hiltzaile eta errugabeak errudun izatea. Hala ere, Gernikan ez zuten lortu eta Palestinan ere pausoak eman dira hori ez gertatzeko: Atzo Gernika, gaur Gaza eta Rafah”. Gernika Palestina Deialdi Herritarrak azken hileetan antolatu dituen ekitaldiak aipatu ditu alkateak, eta denen artean bat nabarmendu du: Gernikako Bonbardaketaren urteurrenaren osteko egunean antolatutako ekitaldi instituzionala. “Badakizue Gernikako ekitaldi horretan, beste batzuen artean, Gernika-Lumoko EAJko zinegotzia egon zela ekitaldia babesten? Baina zuek, martxoan, kontra bozkatu zenuten”, esan die Bermeoko alkateak EAJko zinegotziei.

Jarraitu du esaten, Palestinari elkartasuna adieraztea ez dela gai politiko bat, humanitarioa baino: “36.000 pertsona hil dira, erdiak emakumeak eta umeak. Lehenengo bonbardaketatik guk ikara barik erabili dugu genozidio hitza. Oraintsu, maiatzean bertan, Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalak eskatu du Israelgo Lehen Ministro Benjamin Netanyahu eta bere Defentsa Ministro Yoav Gallant atxilotzeko, guda krimenak egotzita. Hortaz, ondo erabili izan dugu genozidio hitza”.

Hortik haratago, gogorarazi die beste hainbestek eskatu dutela Israelekiko boikota, unibertsitateetako errektoreak, ikasleak, suhiltzaileak… “boikota ez delako gai politiko bat, humanitarioa da”. Bermeoko alkateak EAJko zinegotziei gogorarazi die politika munduan, Israelekiko boikotaren aurka “argi eta garbi” agertu den politikari bakarra Voxeko bozeramailea izan dela.

Esandako guztia kontuan hartuta, eta beste batzuek hartu duten jarrera kontuan izanik, alkateak jakin gura izan du Bermeoko EAJko zinegotziek zergatik bozkatu zuten Gernika Palestina Deialdi Herritarrak aurkeztutako mozioaren aurka.

31 / 05 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0