Albisteak

Albistea

Bermeoko Arrain Azokak 25. urteurrenean bere ibilbidea balioan jarriko du maiatzaren 17, 18 eta 19an

• Parte hartze handiari esker, programa zabala eskainiko du Bermeoko itsas ondare kulturalaren, enpresa munduaren eta gure gastronomiaren erakusleiho paregabea den Bermeoko Arrain Azokak

• BTWC izeneko karpa erraldoian ikerketen emaitzen aurkezpena, tailerrak eta sukaldaritza erakustaldiak izango dira, besteak beste

• Urdaibaiko Erreserba Biosferan jasangarritasunarekin daukagun konpromisoaren barne, bigarren urtez Erronka Garbia izango dugu helburu

• Elkartasunak ere presentzia nabarmena izango du Bermeoko Arrain Azokan ekimen ezberdinen bidez

 

 

 

Bermeoko Arrain Azoka maiatzaren 17, 18, eta 19an egingo da, eta aurten, bere 25. urteurrena ospatuko du, urte horietako guztietako ibilbidea gogoratuz eta balioan jarriz. 25 urteetan azokaren eboluzioa eta itsasoarekin lotuta dagoen Bermeoko herriak izan duen aldaketa eta garapena islatuko dira aurtengo edizioan ekimen ezberdinen bidez eta, horrez gain, Bermeo Tuna World Capital proiektuak, jasangarritasunak eta elkartasunak presentzia garrantzitsua izango dute.

Horrela, herritar eta herriko elkarte, erakunde eta enpresa ezberdinen parte hartzeari esker, programa zabala eskainiko du Bermeoko itsas ondare kulturalaren eta gastronomikoaren eta enpresa munduaren erakusleiho paregabea den Bermeoko Arrain Azokak. Bestalde, Arrain Azokaren 25 urteetako ibilbidea gogoratzeko eta balioan jartzeko Arrain Azoka elkarteak bideo bat egin du. Bideoa gaur bertan estreinatuko da, Bermeoko Arrain Azokan 25 urteetan parte hartu duten guztiekin egingo den topaketa hunkigarri batean. Bertan, 25 urteetako Arrain Azokaren kartel guztiak egongo dira erakusgai.

Guzti horren berri eman dute gaur Bermeoko alkate eta Arrain Azoka elkarteko presidentea den Idurre Bidegurenek, Arrantzaleen Museoan egindako Bermeoko XXV. Arrain Azokaren aurkezpenean. Berarekin batera egon dira Bego Gangoiti, Turismo arduraduna; Ignacio Serrats Arrain Azoka elkarteko eta Serrats enpresako ordezkaria; Miriam Prieto, Kutxabank-eko Bermeoko sukurtsaleko zuzendaria; Julen Ensunza, El Correoko ordezkaria, eta Leire Egiarte, BTWCeko koordinatzailea.

Bertan adierazi dutenez, iazko Arrain Azokan aurkeztutako Bermeo Tuna World Capital (BTWC) proiektu estrategikoaren izena duen 300 metro karratuko karpa egongo da Lameran. Bertan, tradizioak eta berrikuntzak bat egingo dute eta ume, gazte zein nagusiek ikasteko eta gozatzeko aukera izango dute.

Ildo horretan, BTWCen karpan PIE-EHUk, Eroskik, Urdaibai Bird Center-ek, AZTIk, Aranzadik, Foro Marítimo-k, Zunibal-ek, Donostiako Aquarium-ak, Hazi-k, Urdaibaiko Patronatuak eta azokako enpresek parte hartuko dute eta hainbat gauza berri ezagutzeko aukera izango dugu.

Esate baterako, Albacora atunontzietako sukaldariek itsasontzi batean egunero zelan sukaldatzen duten erakutsiko dute eta prestatutako jatekoa Kofradi Zaharreko elkartasun gunean jateko aukera egongo da. Gogoratu behar da, Albacora atun-ontzietako sukaldariek Arrain Azokaren 1. Edizioan parte hartu zutela eta aurten 25. urteurrena ospatu nahi izan dute, “atun-ontzien parte hartzea Arrain Azokan garrantzitsua delako”.

Era berean, jasangarritasunarekin eta gure ingurumenaren zaintzarekin daukagun konpromisoaren barne hainbat proiektu aurkeztuko dira BTWC gunean hiru egunetan: EHUko Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalaren Ikerketa Zentroak, hau da, Plentziako Itsas Estazioak (PIE) tailerrak izango ditu, Urdaibai Bird Center-ek ‘Hegaztiak Bermeoko portuan, nondik datoz?’ hitzaldia eskainiko du, Aztik itsasoko zaborrei buruzko tailerra eskainiko du, ‘Zero Plastiko Urdaibai’ ekimena aurkeztuko da, Aranzadi elkarteak Izaro irlan hegaztiei buruz egindako ikerketaren berri emango du, besteak beste.

Gainera, aurten, bigarren urtez, Urdaibaiko Erreserba biosferaren jasangarritasunarekin daukagun konpromisoaren barne, Azokak ‘Erronka Garbia’ ziurtagiria izateko konpromisoak hartu ditu, ingurumenean duen inpaktua murrizteko helburuarekin.

Bestalde, BTWC gunean Eroskik elikadurarekin zerikusia duten tailerrak eskainiko du, Bertonek ‘umeak arrainekin’ izeneko tailerrak eta Bostalek, Bermeoko ostalaritza elkarteak, beste tailer bat eskainiko du eta Serrats eta BTWCek antolatutako ipuin lehiaketaren sari banaketa ere bertan izango da, besteak beste.. Horrez gain, BTWC gunean 25 urte betetzen duen Izaro abesbatzaren emanaldia ikusteko aukera izango dugu.

Elkartasuna eta Kofradia zaharra

Bidegurenek azaldu duenez, aurten, hirugarren aldiz eta joan den urtean izandako arrakasta kontuan hartuta, Bermeoko Kofradia Zaharrak ateak irekiko ditu eta, bertan, atuna erreta eta marmitakoa jateko aukera egongo da. Gainera, aurreko edizioetan bezala, helburu solidarioak izango ditu, eta lortzen den dirua osasun arazoak dituzten umeen familiei laguntzera bideratuko da.

Baina hori ez da Bermeoko Arrain Azokak hartuko duen ekimen solidario bakarra; izan ere, aurten lehenengo aldiz, Bermeoko Arrain Azoka Elkarteak eta Bermeo Tuna World Capital ekimenak, Minbiziaren Aurkako elkartearekin eta Cic BioGunerekin batera, minbiziaren aurkako ikerketaren aldeko kanpaina bat martxan jarriko dugu. Kanpaina hau hurrengo astean aurkeztuko dugu.

Bestalde, Lameran karpa txiki bat egongo da eta bertan era ezberdinetako jatekoa ematen duten hiru stand kokatuko dira: “Gastronorte” gure produktuekin egindako arrain pintxoak eta txakolina izango duena; Camus, arrain kontserba eta itsaskiz egindako enpanadak eskainiko dituena, eta Rue del Percebe, lanpernak, izkirak, magurioak, nekorak, lanperna-kroketak eta lanperna-izozkia dastagai izango dituena”.

Era berean, Gangoitik adierazi duenez, aurtengo Arrain Azokan 21 erakustoki egongo dira. Horietan enpresek eta erakunde ezberdinek haien produktuak eskainiko dituzte herritarrek eta bisitariek dastatzeko eta erosi ahal izateko, eta, horrez gain, arrantza mundua erakutsiko dute.

Gure Itsas ondarea eta tradizioak zaindu eta erakutsi

Idurre Bidegurenek azaldu duenez, 25 urte hauetan beti Bermeoko Arrain Azokaren helburua izan da gure itsas ondarea eta tradizioak zaintzea eta erakustea eta horretarako hainbat ekimen antolatu dira Arrain azokako egun guztietan: arrain salmenta itxurak data hauetan bakarrik ikus daitezkeenak, irtenaldiak Hegaluze itsasontzian eta Arrantzaleen Museora sarrera dohainik. Gainera, aurten Corrado Bonomi artista italiarrak atun latekin egindako arte-lanen erakusketa ere izango dugu Kofradi Zaharrean, elkartasun gunean, hain zuzen ere.

Ildo berean, barikuan 17:00etan Galerna elkarteak antolatuta, umeei portu barruan belaontzian nabigatzeko aukera eskainiko die. Irteera Izotz fabrika aurretik izango da.

Aurten bigarren aldiz Nautika eskolak ateak zabalduko ditu barikuan eta zapatuan, Nautika eskolako nabigazio simulagailura eta planetariuma bisitatu ahal izango dira 11:00etan eta familientzako korapilo tailerrak izango dira. Horrez gain, Arroyabe kontserba lantegia bisitatzeko aukera egongo da barikuan 11:00etan eta 12:00etan.

Ildo berean, Arrain Azokako aurreko egunetan hitzaldiak antolatu dira Bermeoko Arrantzaleen Museoan: Maiatzaren 15ean, eguaztenean, Haritz Arrizabalaga Aztiko ikerlariak aldaketa klimatikoak atunean zelan eragiten duen azaltzeko hitzaldia eskainiko du eta maiatzaren 16n, eguenean, Robert Ugaldek ‘El subsector atunero en cifras, 2011-2017’ hitzaldia eskainiko du.

Jai giro paregabea

Arrain Azokaren inguruan antolatutako ekimen kulturalak ere asko izango direla adierazi du alkateak. Bere esanetan, herriko kultur taldeen inplikazioari esker, Bermeon 17, 18 eta 19ko asteburuan “jai giro paregabea izaten dugu, “fanfarreak, dantzak, danborradak, txistulariak, trikitilariak, erraldoiak eta gaiteroekin herria alaitzea lortuko baitute”.

Habanerak ere izango dira Frontoian larunbatean, Radio Nervionek antolatuta, aurten ere iluntzeko 20:00etan izango dira, iazko moduan. Larunbatean, 11:00etan Batelen estropada VI. Arrain azoka banderea egingo da eta 13:30ean sari banaketa kioskoan.

Bermeoko Arrain Azokako erakustokiak ostiralean goizeko 11:00etatik aurrera bisitatu ahal izango dira, eta inaugurazio ekitaldia 12:00etan hasiko da BTWC espazioan eta, bertan, Hegaluze saria emango da eta Arrain Azokari hasiera ofiziala emango zaio.

Eusko Trenek tren zerbitzu bereziak eskainiko ditu arrain azokaren egunetan eta Bermeon Matxikorta, Landabasoko Poligonorazko bidean, eta Udal Azokako parkingean ere aparkatzeko aukera egongo da. Gainera, aurten Erronka Garbia proiektuaren barne, mugikortasuna hobetzeko helburuarekin, Bermibus zerbitzua eskainiko da asteburu osoan, Arrain azokako ordutegian.

Azokaren ordutegia honakoa izango da: 11:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 21:00etara izango da ostiralean eta larunbatean eta 11:00etatik 15:00etara igandean.

Bidegurenek Bermeoko herriarentzat azoka honek duen garrantzia azpimarratu du. “Euskal Herrian mota honetako lehenengo azoka izan zen, aitzindariak izan ginen orain dela 25 urte. Erreferenteak izan gara urte horietan guztietan eta horrela jarraitzeko apustua egiten dugu urtero”, azpimarratu du.

Bidegurenek azaldu duenez, erronka garrantzitsuak ditu Bermeoko Arrain Azokak: gure ondarea beti ere itsasoari lotutakoa (historikoa, kulturala, teknologikoa, gastronomikoa, enpresa mundua…) zaintzea eta ezagutzera ematea, jasangarritasuna ingurumenarekiko eta kulturarekiko eta elkartasuna. “Horiek dira gure erronkak eta horiek lortzeko badakigu elkarlanak ematen digula emaitzarik onenak”, azpimarratu du.

Era horretan, gogoratu duenez, “Arrain Azokak herriko jai garrantzitsuenetariko bat bilakatu da bermeotarrontzat eta baita ere bisitatzen gaituzten guztientzat, eskaintzen duen giroak eta berrikuntzek jende asko erakartzen baitute; izan ere, gure produktuak, enpresak eta herria ezagutzeko eta, aldi berean, jai giroaz disfrutatzeko aukera paregabea eskainiko du Bermeok maiatzaren 17, 18, eta 19an”, azpimarratu du alkateak.

Programa osoa Bermeoko Udaleko web gunean (www.bermeo.eus) eta Bermeoko turismoko webgunean (www.bizibermeo.eus) eta sare sozialetan (Arrain Azoka eta Bermeoko Udala).

 

 

 

 

 

 

 

 

02 / 05 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0