Albisteak

Albistea

Bermeoko Udala Osasun Sailarekin batu da, elkarlanerako prest

Hitzak ekintza bihurtuta eta “elkarlanean aritzeko prestutasunarekin”, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea eta Gizarte Ongizate Saileko zinegotzi Endika Etxebarria Telleria zinegotzia osasun sailburu Gotzone Sagarduirekin batu ziren, herritarren kezken berri eman eta irtenbideak bilatzen saiatzeko. Izan ere, Bermeoko Udalarentzat “lehentasuna” da herritarren ongizatea bermatzea.

Otsaileko osoko bilkuran Bermeoko Udala osatzen duten hiru talde politikoek (EH Bildu, Guzan eta EAJ) aho batez onartu zuten mozioa oinarri hartu eta bertan plazaratutako kezkak agertu zizkieten. Hain zuzen ere, mozio horretan Osakidetzari eskatzen zioten lehen mailako arreta egokia bermatzeko, bai eta herriko premiekin bat datozen pediatra eta larrialdietako zerbitzuak ziurtatzeko ere.

Gernikako Ospitaleari buruz ere aritu ziren, eta udal ordezkariak proposamenekin joan ziren, gainera. Uste dute eskualdeko herriek, kalitatezko eta hurbileko osasun-zerbitzuak eskura eduki behar dituztela. Horregatik, Gernikako Ospitalean hutsik dagoen hirugarren solairuan Haur eta Gazteentzako Psikiatriako Unitatea jartzeko proposamena jarri zuten mahai gainean, bertoko ume eta gazteek Galdakaoraino joan ez daitezen.

Bileran landutako beste gai bat gaueko farmazia zerbitzua berrezartzearena izan zen, eta hori posible ez bada, Bermeoko anbulatoriorako zerbitzu farmakologikoa ondo legokeela uste dute, eta horrela proposatu zioten Sagardui sailburuari. Hala eta guztiz ere, zerbitzu hori eskaini ahal izateko, gauez, larrialdietako zerbitzua bermatuta egon beharko litzatekeela azpimarratu dute.

Mahai gainean jarritako proposamenak kontuan hartzea espero dute Bermeoko udal ordezkariek: “Beharrezkoak direla uste dugu, eta baita ere bermeotarrentzako zein inguruko herrietako bizilagunentzako onuragarriak”. Horregatik, Osasun Sailaren konpromisoa eskatu dute, eta beste behin ere, elkarlanerako prestutasuna agertu dute.

“Herritarren ongizatea oso garrantzitsua eta lehentasunezkoa da guretzat, eta horientzat onuragarriak diren irtenbideak bilatzeko lanean jarraituko dugu. Horregatik, gainontzeko erakundeekin elkarlanerako prest egongo gara beti”, azaldu dute.

16 / 04 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0