Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak herriko hainbat jolastoki hobetuko ditu

-Izan ere, Talako, Izarrako, Artike bideko, Lamerako, Almikako, Adubidxeko, Eskola Publikoko eta haurtzaindegiko (Benito Barrueta) parkeetan hainbat hobekuntza eramango ditu aurrera

-Lan hauetan, guztira, 22.149,05 euro inbertituko dira 

Bermeon, 2021eko urtarrilaren 21ean.- Bermeoko Udalak herriko hainbat jolastoki hobetuko ditu datozen asteotan. Izan ere, bere helburua da bermeotarren bizi kalitatea hobetzea eta herriko instalazioetan berrikuntzak egitea, Bermeo bizitzeko herri atseginagoa bihurtuz. Honela, 8 jolastoki izango dira hobetuko direnak: Talakoa, Izarrakoa, Artike bidekoa, Lamerakoa, Almikakoa, Adubidxekoa, Eskola Publikokoa eta haurtzaindegikoa (Benito Barrueta), hain zuzen ere.

Lan hauek aurrera eramateko, guztira, 22.149,05 euro inbertituko dira eta udalaren aurreikuspena da otsaila erdirako hobekuntza lanak bukatuta egotea. Kasu batzuetan bertako elementuak kendu eta berriak jarriko dira (Talan, adibidez). Beste batzuetan, ordea, apurtuta dauden elementuak aldatu eta konponketa txikiak egingo dira. Zenbaitetan lur berria jarriko da eta guztietan, hori bai, garbiketa lan bereziak eta saneamentuak egingo dira, parke guztiak ahalik eta egoera hoberenean egon daitezen. 

“Bizitzeko atsegina den Bermeo bat nahi badugu, gure herriko instalazioetan hobekuntzak pixkanaka egin behar ditugu. Askotan ez dute zertan aldaketa handiak izan behar, baina ditugunak ondo zaintzea behar beharrezkoa dela argi dugu. Horregatik egingo ditugu hobekuntza lan hauek herriko jolastoki hauetan. Kasu batzuetan hobekuntza txikiak izango dira, beharbada oharkabean pasako direnak, eta, beste batzuetan, aldaketa nabarmenagoa izango da. Hala ere, guztion konpromezua beharrezkoa da parke hauek luzerako irautea nahi badugu. Guztion ardura da herriko instalazioak behar bezala erabiltzea eta hauek zaintzea”, azaldu du Aritz Abaroak.

Eta gehitu du: “une honetan alarma gorria egoeran gaude eta instalazio mota hauek itxita ditugu. Hala ere, egoerak hobera egiten duenean parke hauetan berriz jolasteko aukera egongo da. Eta egingo diren hobekuntzei esker, modu egoki eta seguruagoan disfrutatzeko aukera egongo da”.

 

21 / 01 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0