Albistea
Aurten, Bermeoko Nazioarteko Musika Astearen XXXIV. eta Alkartasuna Dantza Taldearen Nazioarteko Folklore Jaialdiaren XXXIII. edizioak ospatuko dira aste berean
Abuztuaren 9koa kenduta, gainontzeko kontzertuak Santa Maria elizan egingo dira eta doakoak izango dira
Bermeon, 2019ko uztailaren 24an.- Bermeoko Nazioarteko Musika Astearen XXXIV. edizioa abuztuaren 5etik 9ra bitartean ospatuko da. Gaur goizean, Bermeoko Kultura eta Hezkuntza zinegotzi Alazne Zumetak jaialdiaren gaineko informazioa eskaini du. Gainera, Alkartasuna Dantza Taldeak ere abuztuaren 10ean egingo duen XXXIII. Nazioarteko Folklore Jaialdiaren berri eman du. Izan ere, dantza taldearen presidente Egoitz Barrenak ekimenaren nondik norakoak azaldu ditu.
Bermeoko Udalak antolatzen duen eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Itsuki Irratiak babesten duten Nazioarteko Musika Astearen programa nobedadez beteta dator. Aurten ere, gustu guztietarako eskaintza egongo da. Abuztuaren 9ko kontzertua kenduta (Bermeoko Kafe Antzokia. Arratsaldeko 8ak. Sarrera, 6 euro), gainontzekoak Santa Maria elizan egingo dira arraldeko 8etan eta sarrera doakoa izango da.
Abuztuak 5: TANAR QUARTET ETA TANGOA
Ástor Piazzolla XX. mendeko tangoaren berritzaile handienetakoa izan zen eta, berritzaile askori gertatu zitzaien bezala, batzuk ez zuten ulertu. Pertsona askok bere aurka egin zuten eta “tangoaren hiltzailea” izatea leporatu zioten. Baina bere musikak liluratu zuen jendea ere badago eta horietako bat da Azerbaijango Azer Lyutfaliev biolinista. Musikari hau, gaur egun, Bilboko Orkestra Sinfonikoko kidea eta musikagile handia omentzen duen laukote honen sustatzailea da. Tanar Quartet Piazzollaren hasierako musikara hurbiltzen da, baina bandoneoia akordeoiak ordezkatuta. Ástor Piazzolla musikagile handi eta Argentinako bandoneoi-jotzailearen musikarekiko maitasunagatik sortutako taldea da. Azer Lyutfalievek sortu zuen 2003an.
Abuztuak 6: IZARO ABESBATZA (AHOTS ZURIAK)
Izaro Abesbatza 1994ko azaroan sortu zen Bermeon, Julene eta Biotz Fradua Agirre ahizpen ekimenez. Hasieran ahots zurien talde moduan sortu zen, baina 1995tik aurrera bere lan handiena ahots nahasien koral bezala izan da. Hala ere, gaur egun formazio biak mantentzen ditu, nahasiak eta zuriak (emakumezkoak bakarrik). Bere errepertorioan hainbat genero aurki daitezke: polifonia, folklorea, pop-a, rock-a... Hainbat ekitalditan hartu dute parte, bai Euskal Herrian eta baita Euskal Herritik kanpora ere.
Abuztuak 7: MAGNA BOSKOTEA
MAGNA BOSKOTEA Nikolas Zubia, Iker Urreta, Asier Urreta, Iñigo Sarasola eta Joaquín Fco. Díazek osatutako haizezko metal boskotea da. Gasteizko bost musikari hauek 2018an erabaki zuten euren inguruan haizezko metal errepertorioa ezagutarazteko proiektua sortzea. Ikasketa eta laneko lagunak dira eta hainbat egitasmotan lan egin ondoren, boskote honetan sartu ziren eurentzako garrantzitsuena den errepertorioa jotzeko.
Abuztuak 8: BILBAO ORKESTRA SINFONIKOA
Bilbao Orkestra Sinfonikoak 1922ko martxoaren 8an eman zuen bere lehenengo kontzertua, Arriaga Antzokian, Armand Marsicken zuzendaritzapean. Bizkaiko gizarte zibilaren bultzadari esker sortu zen, eta, geroztik, harreman estua dauka Bizkaiarekin: gaur egun, esate baterako, 2.200 abonatu ditu Denboraldi Sinfonikoan. Sortu zenetik, zuzendari titular garrantzitsuak izan ditu: Armand Marsick, Vladimir Golschmann, Jesús Arámbarri, José Limantour, Antoine de Babier, Rafael Frühbeck de Burgos, Alberto Bolet, Pedro Pirfano, Urbano Ruiz Laorden, Theo Alcántara, Juanjo Mena, Günter Neuhold, eta 2015etik aurrera Erik Nielsen. Hala ere, Bermeora ez da azken hau etorriko, Lucía Marín baizik. El País egunkariaren arabera, Espainiako orkestren zuzendaritzaren altxorretako bat da. Berarekin batera, Natalia Sánchez flautista etorriko da.
Abuztuak 9: MANEZ ETA KOBREAK
Manez, Thierry Biscaryren (1976, Anhauze, Behe Nafarroa) izen artistikoa da. Hainbat taldetan (Bolbora, Hegalka, Kokin, Kalakan...) kantatu ondoren, Thierryk bere kantu propioak aurkezten dizkigu. Kobreak metalezko musika-jotzaileak dira eta kobreak jotzeaz gain kantariak ere badira. Euskal Herriko ehunka talde informal bezala, gogotik kantatzen dute.
Abuztuak 10: Alkartasuna Dantza Taldearen Nazioarteko Folklore Jaialdia:
Alkartasuna Dantza Taldeak XXXIII. Nazioarteko Folklore Jaialdia aurkeztu du gaur goizean. Ekitaldia abuztuaren 10ean egingo da Artza Frontoian gaueko 9etan eta sarrerek 5 euroko prezioa izango dute. Aurtengo edizioan, Asturiasko (Agrupación Folclórica Asturiana Los Xustos), Errusiako (Yunost) eta Errumaniako (Nuntasii Bihorului) taldeak etorriko dira.
010 (94 617 91 00)