Albisteak

Albistea

XVI. San Martin azoka eta odoloste txapelketa Bermeon, domekan, azaroaren 12an

 

San Martin jaiak direla eta, domekan, azaroaren 12an, XVI. San Martin azoka izango da Bermeoko Lameran; eta, bere barne, ohikoa den odoloste txapelketa egingo da. Baserri giroa nagusi izango da txerriki produktuari lotutako azoka honetan. 

Horrela, hainbat postuetan herritarrek eta bisitariek txerrikiak dastatu ahal izango dituzte, azokan zortzi harategik eskainiko baitituzte euren produktuak. Horrez gain, beste produktu asko eskuratzeko aukera ere egongo da; hala nola, ogia, euskal pastela, gazta, eztia, txakolina,  patea eta txokolatea.

Edozelan ere, azokaren protagonista nagusia odolostea izango da; izan ere, aurten Bermeoko Udalaren XVI. Odoloste Txapelketa egingo da. Horretan 25 partaide inguru izango dira, besteak beste, Bermeo, Mungia, Gernika, Zornotza eta Loiutik etorritakoak. Epaimahaiaren arduraduna eta zuzendaria Pedro Mendizabal aditua izango da.

Aurten San Martin azokak ‘Eutsi gogor, Danok batera’ ekimen solidarioarekin bat egingo du, pintxo solidarioa salgai jarriz. Ekimen horren helburua gaixo arraroak dituzten Bermeo eta Mundakako zortzi umeri laguntzea da. Proiektuko famili biko ordezkariak, gainera, odoloste txapelketako epaimahaiaren parte izango dira.

XVI. San Martin azoka Andeko tabernak antolatzen du, Bermeoko Udalen eta BBKren laguntzarekin. 

06 / 11 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0