Albistea
Besteak beste, proiektuak eskailera berria egitea, hauek tokiz aldatzea (errepidearen aldamenetik joan beharrean, bihurgunea ekidin eta beheko aldetik zuzen-zuzenean igoko dira) eta kalearen beste aldean espaloi berria egitea aurreikusten du
Lanak aurrera eramateko 242.000 euroko aurrekontua aurreikusi da
Hobekuntza hauek larrialdietako ibilgailuen irisgarritasuna ere erraztuko dute
Bermeon, 2020ko otsailaren 20an.- Bermeoko Udalak herriko hainbat puntutan irisgarritasuna hobetzeko helburua ezarri zuen legealdi hasieran eta, pixkanaka, aurrera doa. Izan ere, une honetan, Zarragoitxi auzoan lanak aurrera eramaten ari da, bertako auzokideek etxera iristeko edo herrira jaisteko erraztasun gehiago izan ditzaten. Lan hauek, Askatasun bidea kaletik Zarragoitxira igotzeko bidearen egoera hobetzea dute helburu eta, honetarako, 242.000 euroko aurrekontua aurreikusi da.
Bide honek, hala ere, arazo bat planteatzen du: malda handia duela. Gainera, errepidearen hertzetik doazen eskailerek ere arazo bera dute. Malda handia izateaz gain, eskailerak zaharkituak daude eta hauek berritu beharra zegoen. Gauza bera esan dezakegu goiko aldean, etxebizitzen blokeen aldamenean dauden eskailera eta espaloiei buruz ere.
Bada, proiektuak eskailera berria egitea aurreikusten du. Eskailera berri hauek, errepidearen aldamenetik joan beharrean, bihurgunea ekidin eta beheko aldetik zuzen-zuzenean igoko dira. Gainera, bidearen beste aldean ere espaloi berria egitea aurreikusten da, eskailera bertatik pasatzeko aukera bakarra izan ez dadin. Goiko aldean ere eskailerak eta espaloia berrituko dira. Egingo diren lanei esker, herritarrek erraztasun gehiago izango dituzte mugitzeko, euren bizi kalitatea hobetuz, eta larrialdietako ibilgailuen irisgarritasuna ere nabarmen hobetuko da.
010 (94 617 91 00)