Albistea
8-11 urteko haurrengan irakurzaletasuna suspertzeko Sormenezko idazmen ekimena martxan jarriko du Bermeoko Udal Liburutegiak ikasturte honetan. Ekimen hau 2016ko urritik 2017ko maiatzera egingo da eta hilero ordu beteko saioa izango da.
Saio horietan, umeen gurariak, interesak eta fantasia pertsonalak abiapuntu hartuta, ariketak, jokoak eta dinamika ezberdinak egingo dira umeen irakurzaletasuna suspertzeko eta liburuekiko atxikimendua sortzeko.
Bermeoko Udal Liburutegiak azaldu duenez, sormenezko idazmen ekimenarekin “giro atsegina sortu nahi dugu, umeak gustura eta pozarren egotea, umeengan liburuak irakurtzeko gero eta gogo eta jakin-min gehiago sortzeko helburuarekin”.
Ildo berean, azaldu duenez, umeek “liburutegia zertarako den eta nola erabiltzen den ikastea nahi dugu, apurka-apurka liburuak euren kabuz aurkitzeko gauza izan daitezen”. “Izan ere, irakurtzearekin disfrutatzen ikasten duten umeek arin hasten dira liburuz liburu ibiltzen, baina, horretarako, liburuak mota askotakoak direla jakin behar dute eta bakoitza aurkitzeko nora jo behar den ikasi”, gaineratu du.
Helburuak
· Irakurmena eta idazmenarenganako maitasuna sustatzea
· Kontzentrazioa eta taldearekiko elkartasuna sustatzea
Metodologia eta antolamendua
Saio bakoitza ordubetekoa izango da eta metodoaren oinarria denek parte hartzea da. Horretarako, saio guztietan izango dira hezkuntza eta dibertsioa uztartzen dituzten jarduerak.
Klaseen hasieran eta amaieran ipuin bat edo liburu baten zatitxo bat irakurriko da. Gainerako denboran, hasten laguntzen dien jolas batzuen bidez, umeek ipuinak eta asmatutako istorioak idatziko dituzte.
Ekimen honetan parte hartu nahi dutenek edo informazio gehiago jaso nahi dutenek Bermeoko Udal Liburutegira joan behar dira.
010 (94 617 91 00)