Albisteak

Albistea

‘Növèrek events’ eta ‘Mikobaso’ izan dira Busturialdeko VI. Enpresa ideia lehiaketan saritutako proiektuak

Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako Gazteria zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak antolatzen duten Busturialdeko VI. Enpresa Ideia Lehiaketak baditu irabazleak. Yaiza eta Ania Cid Foruria ahizpa gernikarrek lortu dute lehenengo saria, 3.000 eurokoa ’Növérek Events’ izeneko ideiarekin. Lehen sektorearekin lotutako ideia onenaren saria, aldiz, Eider Urrutia bermeotarrak lortu du ‘Mikobaso’ ideiarekin.

Busturialdeko VI. Enpresa Ideia Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia izan da gaur arratsaldean Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerrean. Növérek Events  izeneko ideiak jaso du 3.000 euroko lehenengo saria eta Mikobaso ideiarentzat izan da lehen sektorearekin lotutako ideia onenaren 1.000 eurokoa. Gainera, lehen sarituek Arratzuko Elkartegian urtebeteko langunea ere irabazi dute. Guztira, 7 izan dira eskualdeko ekintzaile gazteek aurkeztu dituzten enpresa ideiak.

 
Lehenengo saria jaso duen Növérek Events era guztietako ekitaldiak antolatu, kudeatu eta koordinatzea helburu duen enpresa da. Yaiza Cid Foruria (Gernika-Lumo, 1986) eta Ania Cid Foruria (Gernika-Lumo, 1990) ahizpa gernikarrak dira enpresa ideiaren sustatzaileak eta aurten martxan jarri dute euren ametsa. “Gure helburua ez da ekitaldiak sortzea, esperientzia ahaztezinak diseinatzea baizik” diote.  Eskualdean zein inguruan zerbitzu pertsonalizatuak eskaintzen dituzte. Erakunde zein norbanakoentzako ekitaldien antolakuntza eskaintzen dute, besteak beste, enpresa-ekitaldiak, azokak, ezkontzak, erakustaldiak, kongresuak, kontzertuak, ikuskizunak edo orotako gizarte-ekitaldiak. “Ideiak gure buruan zeraman urteetan zehar, baina martxan jarri aurretik honetan trebatu gara, bidaiatu eta esperientzia ezberdinak bizi atzerrian ekitaldiak antolatuz. Bi emakume ekintzaile gara, lan hau guztiz bokaziozkoa da eta gure  sormen guztia garatzeko aukera ematen digu”, esan digute ahizpa gernikarrek.  

 Bestetik, lehen sektorearekin lotutako ideia onena Mikobaso izan da, baso ustiapen ereduaren eraldaketan oinarritzen den enpresa ideia. Lursailen erabilera aldatzeko alternatiba jasangarriago bat eskainiko die bezeroei, hain zuzen ere, etekin ekonomikoaren jatorria aldatzea eta onddoen ekoizpena gure basoetan ezartzea. Eider Urrutia (Bermeo, 1991) da ideiaren sustatzailea. Ingurumen Zientzietan Graduatua da eta biodibertsitatearen kontserbazioan oinarritutako masterra du. “Biodibertsitatean eta ingurumenean hobekuntzak eragiten dituenez, gizarte osoarentzako onuragarria den jarduera dela esan dezakegu”, dio Urrutiak. “Gainera bertoko onddoak ekoiztean, bertoko produktuen komertzioa sustatzen da, hornitzaile eta komertzio zein jatetxeen arteko sare lokala hobetuz”, gaineratu du.  

Guztira, 4.000 euro banatu dira diru-saritan (eta urtebeteko elkartegiko langunea lehen sarituentzat) negozio ideiok martxan jartzen laguntzeko. Lehiaketaren helburuetako bat eskualdean lanpostu berriak sortzea bermatzea da.  

 Sari banaketa ekitaldian, besteak beste, Maitane Leizaola, BFAko Ahaldun Nagusiaren Kabineteko Koordinaziorako Zuzendari Nagusiak; Aritz Abaroa, Bermeoko Udaleko alkateak eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko presidente eta Ereñoko Udaleko alkateordea, Ager Lejarretak, parte hartu dute.  

 Busturialdeko VI. Enpresa Ideia Lehiaketa Urremendi Landa Garapen Elkarteak batzen dituen Arratzu, Ereño, Forua, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietako udalek eta Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako Gazteria zerbitzuek jarri dute martxan seigarren urtez jarraian. Bere helburuak, beste batzuen artean, ekintzailetza kultura hedatzea, Busturialdean lana eta aberastasuna sortzea eta eskualdeko ekonomia sustatzea dira. Lehiaketa, Bizkaiko Foru Aldundiaren ‘Gaztedi Busturialdea’ proiektuan kokatzen da, ‘Lana bilatzea, Lana da’ programaren barne.

  Honako hauek osatu dute aurtengo epaimahaia:  

 -Bermeoko Udaleko ordezkaria: Nere Mintegi Elorriaga (Bermeoaldeko   Behargintzako zuzendaria).

 -Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaria: Paula Pereda Perez (BEAZeko teknikaria).

 -Gernika-Lumoko Udaleko ordezkaria: Joseba Irazabal Obieta (Lanbide Ekimenak-eko teknikaria).

 -HAZIko ordezkaria: Leire Zaballa Larizgoitia (Ekintzailetza teknikaria).

-Urremendi LGEko ordezkaria: Joseba Mallea Lamikiz (Gaztedi Busturialdeako ordezkaria).

Baloratzerako orduan, honako irizpide hauek hartu dira kontuan: izaera berritzailea, balio erantsia eskaintzea edota originaltasuna; enplegua sortzeko duen ahalmena eta sortutako lanpostuen kalitatea; ekintzaile taldeak proiektua aurrera eramateko duen gaitasuna; Busturialdean proiektu hori aurrera eramateko aukera egotea edo eskualde honetan proiektu horrek duen egokitzapena; proiektuaren definizio-garapen maila; proiektuaren jasangarritasuna (ekonomikoki eta ingurugiroarekin) eta ideiak duen gizarte-eragina.      

 

 

 

 

 

20 / 12 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0