Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak eta Bermeo Futbol Taldeak asteburu honetan Penta futbol zelaian gertatutako eraso arrazistak “irmoki gaitzesten” dituzte

-Honela, Club Portugaleteko jokalariei eta taldeari berari “babes osoa” eskaintzen diete

Bermeon, 2022ko azaroaren 16an.- Bermeoko Udalak eta Bermeo Futbol Taldeak pasa den larunbatean Penta futbol zelaian gertatutako eraso arrazistak eta jarrera desegokiak “irmoki gaitzesten” dituzte. Honela, Club Portugaleteko jokalariei eta taldeari berari “babes osoa” eskaintzen diete. Gainera, Udalak eta herriko futbol taldeak adierazi dutenez, “honelako eraso eta jarrerek ez dute tokirik Bermeon. Herriaren irudia eta clubarena erabat kaltetzen dute eta ez dira inolaz ere onartuko. Elkarrekin lan egingo dugu aurrerantzean honelako jarrera kondenagarriak berriz ere ez gertatzeko”.

Pasa den larunbatean Bermeo Futbol Taldeak Club Portugaleteren aurkako partida jokatu zuen Gazteen kategorian. Bertan, zelaian zegoen talde txiki batek portaera desegokiak izan zituen partidan zehar eta, gainera, eraso arrazistak egin zituen. Egoera onartezin hori ikusita, Bermeo Futbol Taldeak Ertzaintzari deitu eta, hauek, gazteak zelaitik aterarazi zituzten. “Gure babes osoa eskaintzen diegu bai erasoak jaso zituen jokalariari eta baita Club Portugaleteri. Irainak jaurti zituzten pertsona hauek ez dituzte herriko zaletu eredugarriak irudikatzen. Ezta gutxiago ere. Gure aldetik zaletu guztiei deia luzatzen diegu partidez orain arte bezala gozatzera joateko, elkarrenganako errespetu osoz, kirol ikuskizunaz gozatuz eta herri modura merezi dugun irudia emanez”, bukatu dute Bermeoko Udalak eta Bermeo Futbol Taldeak

16 / 11 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0