Albisteak

Albistea

Ireki ditu ateak Bekoportalan eskainiko den 0 eta 5 urte bitarteko umeentzako zerbitzuak

Apirilaren 24an ‘Kontari eta kantari’ taldeak ipuin kontalariaren saioa eskainiko du eta Txikitzerik elkarteak hazkuntza tailerra apirilaren 26an Bekoportalan

Horrez gain, Bekoportala herriko artistak euren lanak erakusteko gunea ere izango da

 

Bermeoko Udalak Hurtado de Mendoza kalean (Mokoneko aldatzan) dagoen orubearen eta lokalaren etorkizuna herritarrekin batera definitu zuen eta Bekoportala izeneko espazioak ireki ditu bere ateak. Bekoportalan eskainiko den zerbitzu nagusia 0 eta 5 urte bitarteko umeei zuzendutakoa izango da; izan ere, urte tarte horretako umeak heldu batekin egoteko gunea izango da. Horrez gain, Bekoportalak erakusketak, hitzaldiak edota proiekzioak hartuko ditu, erakusleiho soziala eta herriko artistek euren lanak erakusteko gunea ere izango baita.

Bekoportalako 0 eta 5 urte bitarteko umeei zuzendutako zerbitzua apirilaren 10ean, hasi da eta honakoa da bere ordutegia: astelehenetik barikura 16:00etatik 19:00etara eta zapatuetan 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Aste Santuko jai egunetan, apirilaren 18tik 22ra itxita egongo da. Aipatutako ordutegian begirale bat egongo da, hala ere, umeak heldu batekin egon behar dira.

Apirileko agendaren barne bi ekimen aurreikusten dira Bekoportalan. Batetik, apirilaren 24an, eguaztenean, arratsaldeko 17:30ean, ‘Kontari eta Kantari’-k ‘Koloretako munstroa’ ipuin musikatua eskainiko du. Ipuin horrek txikienek euren emozioak adieraztea ahalbideratuko du. Munstroaren kolore eta emozioei, soinu harrigarriak dituzten musika-tresnak gehituko zaizkie. Horrez gain, txikiek euren adinei egokitutako abesti bat ikasiko dute eta saio horretan erabiltzen diren musika-tresnak probatzeko aukera izango dute.

Bestetik, Txikitzerik elkarteak hazkuntza tailerra eskainiko du apirilaren 26ean, barikuan, hazkuntzari buruz eztabaidatzeko 17:30etik aurrera.

Horrela, Bekoportala barneko gunea ume txikientzat egokitu da eta bertan mahaiak eta aulkiak daude heldu zein txikientzat eta umeek ondo pasatzeko koltxonetak, jostailuak eta liburuak dituzte. Gainera, umeak aldatzeko mahaia egongo da eta mikrouhin bat ere izango da ume txikien bazkaria berotu ahal izateko, umeek bertan jateko aukera izango baitute.

Erakusketak, hitzaldiak eta proiekzioak

Bekoportalako gunearen edukiera 50 pertsonakoa da eta 0 eta 5 urte bitarteko umeentzako aisialdi gunea izateaz gain, Bekoportalak aukera gehiago eskainiko ditu; izan ere, besteak beste, erakusketak, hitzaldiak, tailerrak, azokak edota proiekzioak hartuko ditu, erakusleiho soziala ere izango baita.

Bekoportalaren erabilera “bikoitza” izango da, “herritar txikienentzako espazioa izango da, eta, era berean, hainbat eratako erakusketa artistikoak eta bestelakoak gauzatu ahal izango diren guneak sortuko dira”.

Hurtado de Mendoza kaleko orube eta lokal horiek egoera oso txarrean zeuden. Hori dela eta, Bemeoko Udalak gune hori berreskuratzeko prozesua abian jarri zuen, parte-hartze prozesu baten bidez.

Bermeoko Udalak Arkibai, Garapen jasangarrirako eta sozialerako arkitekto elkartearekin, martxan jarri zuen parte-hartze prozesua eta bertan, lehenenik eta behin, herritarrekin Alde Zaharreko eta, zehazki, gune horretako beharrak identifikatu ziren; eta, ondoren, orube eta lokal hori zertara bideratu aztertu zen herritarrekin batera. Lanak egin ziren, martxoaren 23an zerbitzuaren aurkezpena egin zen eta gaur ateak irekitzen ditu Bekoportala erakusleiho sozialak eta umeentzako guneak.

 

11 / 04 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0