Albisteak

Albistea

Ibilgailuei zuzendutako seinaleztapen berria Bermeon

-39.500 euro inguru bideratu dira eta herri barruko ibilgailuen mugikortasuna murriztu, oinezkoei lehentasuna eman, emisioak murriztu eta bermeotarren bizi-kalitatea hobetu nahi da

Bermeon, 2023ko maiatzaren 12an.- Udalerriko kaleetako balizajearen mantentze-, zabaltze- eta berritze-planaren barruan eta ibilgailuei zuzendutako egungo seinaleztapena hobetzeko xedez, hasiera eman zaie Bermeoko seinaleak berritzeko lanei. Herritarren eskaerei erantzuten dien ekimena da, eta kale eta auzo bakoitzaren errealitatera egokituta dago.

Azken urteetan egindako inbertsioei esker, trafikoaren norabideak aldatu egin dira, zerbitzu berriak martxan jarri eta saihesbidetik sarrera-irteera berria ere zabaldu da, besteak beste. Horrek guztiak trafikoa berrantolatzeko aukera eman du.

Okasiorako, 39.500 euro inguru bideratu dira eta herri barruko ibilgailuen mugikortasuna murriztu, oinezkoei lehentasuna eman, emisioak murriztu eta bermeotarren bizi-kalitatea hobetu nahi da. Ekimen honen bidez, hortaz, erabiltzaileen segurtasuna indartuko da, mugitzeko modu berriak txertatuko dira eta seinaleak igortzen dituzten mezuak errazago ikusi eta ulertuko dira. Aipatzekoa da, gainera, elementu guztiak ele bitan egongo direla, hau da, euskaraz eta gaztelaniaz, hobeto ulertzeko.

Herri guztian zehar plaka berriak ordezkatzeaz gain, herriko trafikoa arinduko da. Izan ere, helburu nagusietako bat herrira egun pasa datozen ibilgailuak Itsasgane eta Udal Azokako udal aparkalekuetara bideratzea da herriaren erdiguneko trafikoa nabarmen murriztuz eta era berean, porturantz doan trafikoa murriztuz. Hori posible izateko, herriko sarreretan, aparkaleku bi hauetan libre dauden auto-plaza kopurua iragartzen dituzten seinale digitalak jarri dira.

Honekin guztiarekin batera, Artza-Erreten inguruan berrurbanizatu eta erdi-oinezkotu den zeharbidean ere ibilgailuen abiadura kontrolatuko eta informatuko duten inforradarrak instalatu dira.

12 / 05 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0