Albistea
Bermeoko Udala, Beruala eta Herri Babesarekin elkarlanean, suteak saihesteko eta horiei aurre egiteko plangintza bat lantzen ari da eta, horretarako, lan talde bat eratu da.
Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateordeak, azaldu duenez, plangintza hori egiteko pauso bat Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Su itzaltze eta Salbamendu zerbitzuaren ekarpenak jasotzea da eta horretarako hainbat batzar izan dituzte.
Azkena urriaren 9an izan zen eta bertan egon ziren Benito Ibarrolaza, Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Su itzaltze eta Salbamendu zerbitzuaren burua, Patxi Berreteaga; Santi Murua, Berualako zuzendaria; Eugenio Alboniga, Udaltzaingoaren burua, eta Herri Babesetik Josu Ayestaran. Bertan, guztiek euren iritzi eta ekarpenak egiteko aukera izan zuten.
Batzarra egiteaz gain, suhiltzaileen eskaladun kamioiak Bermeoko hainbat toki bisitatu zuen (Alde Zaharra, Zarragoitxi, Itxas Begi, Kurtzio…) tokian bertan eskala sartzen den konprobatzeko eta aukerak bilatzeko. Ibarrolazak adierazi duenez, batzarra zein suhiltzaileen bisita, “oso interesgarriak eta aberasgarriak izan dira eta lan hori garrantzitsua da Bermeon suteak saihesteko eta aurrea hartzeko egiten ari garen plangintza lantzerakoan”.
Ildo horretan, zehaztu duenez, “suhiltzaileen kamioiaren bisitaren ondoren, Bermeoko Alde Zaharreko hiri altzari batzuk kentzea erabaki dugu, suhiltzaileen eskala sartzeko oztopoa ez izateko”.
010 (94 617 91 00)