Albisteak

Albistea

TRXen saio solteak eta trabesiak egiteko ikastaroa kirol egitarauaren berrikuntzak

Yoga, akua running eta igeriketa terapeutikoaren eskaintzak indartu dira eta igeriketa eskola berrantolatu da

 

Bermeoko Udal Kirol Patronatuaren ikasturte honetako kirol egitarauak hainbat  berrikuntza aurkezten ditu, izan ere, aurten trabesiak egiteko teknika lantzeko ikastaroa eskainiko da eta, saio solteen kasuan, TRXen saioak eskainiko dira. Horrez gain, besteak beste, yoga, akua running-en eta igeriketa terapeutikoaren eskaintzak indartu dira eta igeriketa eskola berrantolatu da. 

Irune Ormaetxeak, Bermeoko Kirol zinegotziak, urriaren 1ean martxan jarriko den kirol egitarauaren berri eman du eta, adierazi duenez, kirola egiteko eskaintza zabala eskainiko du Udal Kirol Patronatuak,  alde batetik,  lurreko eta, beste alde batetik, uretako egitarauak, eskaintzen baititu. 

Lurreko egitarauaren kasuan, aurten honako ikastaroak eskainiko ditu Bermeoko Udal Kirol Patronatuak: pilates, 3. adinekoentzat gimnasia, karate, gimnasia erritmikoa, boxeo-kickboxing, zumba-gazte eta gaztebox

Saio solteen kasuan, ohikoak diren biking, zumba, tono, power, fitnes funtzionala, GAP, yoga eta akua running egiteko aukera izango da Araneko kiroldegian. Aurten yogaren saio solteen goizeko eskaintza ere handitu egin dela adierazi du.   

Ildo berean, azpimarratu duenez, “aurten nobedade bat izango dugu saio solteetan, TRXen saioak eskainiko baitira”. TRX entrenamenduak zintzilikatuta egiten dira, izan ere, zinta bat eta bi eraztunekin muskulazioa lantzeko aukera ematen duen aparailua da TRX.  

TRX muskuluetako indarra lantzeko diseinatuta dago eta koordinazioa, malgutasuna eta mugikortasuna hobetzen ditu. TRX muskulu egokitzaile eta finkatzaileak lantzeko ere pentsatuta dago eta horiek, ariketa egiterakoan, postura zuzena mantentzea ahalbideratzen dute, lesioak egiteko arriskua murriztuz. 

Saio solteetan parte hartzeko egun bateko sarrera ordaindu behar da edo hileko bonoa hartu. Hileko bonoarekin hileko saio solte guztiak egin daitezke.   

Uretako egitarauari dagokionez, Ormaetxeak azaldu duenez,  helduen igeriketa, akuagym, akua gazte eta eskola lehiaketa eskainiko dira. Uretako egitarauan, aurtengo uretako jarduera berria trabesiak egiteko teknika lantzeko ikastaroa da, hau astean behin eskainiko da, hain zuzen ere. Bestalde, akua running-aren saio solteen goizeko eskaintza ere handitu egin da. 

Igeriketa terapeutikoa

Horrez gain, Ormaetxeak azaldu duenez, iaz lehen aldiz eskainitako igeriketa terapeutikoa ere eskainiko da eta, aurten, goizez zein arratsaldez eskainiko da. Igeriketa terapeutikoari dagokionez,  esan duenez, “jarduera honekin bizkar osasuntsua lortzea dugu helburu”. “Bizkar-arazo gehienak gorputzaren mekanika txarraren, gehiegizko tentsioaren, jarrera txarren eta galdutako malgutasunaren ondorioak dira. Igeriketa terapeutikoak gorputzaren jarrera eta mugimenduaren heziketa, indarra eta malgutasuna hobetzea du helburu,  mina arintzeko edota eguneroko jarduera era egokian egiteko jarraibide gisa”, azaldu du Ormaetxeak.

Igeriketa eskolari dagokionez, Kirol zinegotziak adierazi duenez, aurten  berrantolatu egin dugu. “Igeriketa monitoreek, iaz formazio berezia jaso zuten eta, planteamendu berria jarraituz, umearen ikuspegitik planteatu dugu, eta jolasa izango dugu irakasteko oinarria”, azaldu du. 

Igeriketa eskola 3 urtetik aurrera duten umeei zuzenduta dago. Adinaren arabera hasieran lau talde daude, Akuateka 3, Akuateka 4, Akuateka 5 eta Akuateka 6. Ondoren, igela, itsas zaldia, estiloak 1 eta estiloak 2. 

Adinaren arabera 30 ala 40 minutuko saioak izango dituzte, eta saio bakarra astean. Igeriketa eskolan amaitu ondoren bi aukera egongo dira:.Akua Gazte estiloak 2 amaitu ondoren, uger egiten jarraitu nahi duenarentzat lehiaketarik gabe ala Eskola lehiaketa. Azken honetan, Eskola Kiroleko lehiaketetan parte hartzeko prestaketa berezia egingo dute.

 

 

 

29 / 09 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0